Euskal presoak. Senideak

Dioni Orbe. Zalantzek eragindako sufrimendua

Zigor Orbe hirugarren graduan dago uztailetik. Haren gurasoak, baina, kezkatuta daude, espetxera itzultzeko aukera mahai gainean baitago. Fiskalak gradu aldaketaren kontra egin zuen, eta ebazpenaren zain daude.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Zigor Orbe preso basauriarraren (Bizkaia) etorkizuna Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku dago, hein handi batean. Orbe hirugarren graduan dago uztailetik, baina fiskalaren helegitea epailearen mahai gainean dago. Ez da auzitegi harekin topo egiten duen lehen aldia, eta aurrekariek diote hura «murru bat» dela harentzat. Hala azaldu du euskal presoaren aitak, Dioni Orbek (Basauri, Bizkaia, 1942). Gurasoak «beldurrez» bizi dira, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren ebazpena une batetik bestera iritsi daitekeelako, horrek sortzen dien tentsioarekin. «Sufritzen» ari dira, semea bigarren gradura itzultzea «kolpe gogor bat» izango litzatekeelako eurentzat.

Ikusi gehiago:Nekane Basauri. Auzitegiak eten die «denbora mugagabea»

Zigor Orbe hamazazpi urteko espetxe zigorra betetzen ari da autobus bat erretzeagatik, eta 2021eko azaroan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Urte haren hasieran Euskal Herriratu zuten, Zaballako kartzelara (Araba) lekualdatuta, eta haren aitak oraindik ere gogoan du albistea eman zioten unea. «Besarkada eder bat eman genuen biok. Hori da poztasuna», gogoratu du, emazteari begira. Mugimendu harekin, ordu eta laurdeneko auto bidaiagatik ordezkatu zituzten autobuseko asteburu pasak. «Hari ere ikusten zitzaion hobeto zegoela. Pozik ikusten genuen».

Gerora, Zaballako espetxeko tratamendu batzordeak 2022ko ekainean proposatu zuen Zigor Orberi hirugarren gradua ematea, eta uztailaren 29an atera zen lehen aldiz espetxetik. Batzordeak pultsera telematikoaren erabilera onetsi zuen horretarako, baina Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak astelehenetik ostegunerako gauak Basauriko kartzelan (Bizkaia) egitea hobetsi zuen.

Ordutik, gurasoek egunero ikusten dute semea. «Gehiegi ez bada ere», gehitu du irribarrez haren aitak. Izan ere, alokairuan bizi da, eta, abuztua «gozatu» ostean, AEKn ikastaro bat egin du, gidabaimena atera du, eta lanean ere hasi da, jardun erdiz. Hala, Dioni Orbek adierazi du semeak ez duela egoera berrira egokitzeko arazorik izan.

Pozari, baina, zalantzak eta beldurrak ere batu zaizkie abuztu erdialdetik. Orduan jarri zuen fiskaltzak gradu progresioaren aurkako helegitea. Horrek gorabeherak eragin dizkie, semea espetxera itzultzeko aukera mahai gainean baitago. Gainera, orain arteko ebazpenek ez dute gehiegi laguntzen. Orbek azaldu duenez, espetxera itzuli behar izan duten presoetako batzuekin egon da semea azken asteetan, eta azaldu du zenbaitentzat «kolpe gogor bat» izan dela: «Kosta egiten zaie indarberritzea». Horiek hala, Zigor bera ere Basaurin espetxeratuko dutela onartzen hasia da.

Errekurtsoak egunerokoan ere eragin dio Zigor Orberi. «Ez atzerako eta ez aurrerako egoera batean dago. Lanaldi osoko jardun bat bilatu nahi du, baina ezin du. Nola deituko dute laster espetxeratu badezakete? Hori da arazoa», azaldu du haren aitak, esanez semearen etorkizuna «izorratzen» ari direla halako erabakiekin.

«Noiz arte pairatu behar ditugu bidegabekeria hauek?», gehitu du Dioni Orbek. «Umore txarrez» jartzen da Auzitegi Nazionala aipatze hutsarekin, uste baitu «mendekua» bilatzen dutela Madrilgo estamentuek: «Azken minutura arte nahi dituzte kartzelan. Ez hirugarren gradurik, ez baldintzapeko askatasunik. Lotsagarria da».

Haren esanetan, «eskuin muturreko lobby bat» dago Madrilen, eta horri erantzuten diote fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren erabakiek. Izan ere, fiskaltza Zaballako eta Basauriko espetxeetako tratamendu batzordeen lana «pikutara» botatzen ari dela uste du, egoeraren inguruko «ideiarik izan gabe», jatorriko espetxeetatik 400 kilometrotara.

Iragana bueltan

Oraingoa ez da Auzitegi Nazionalak eta Zigor Orbek topo egiten duten lehen aldia. Zaballan preso zegoela, auzitegi hark zortzi espetxe baimen ukatu zizkion, kartzela hartako tratamendu batzordearen onespena izan arren. Aurrez, Puerton (Espainia, 1.020 kilometrora), bizpahiru aldiz bota zion atzera bigarren gradurako aldaketa.

2018an izan zen lehena. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak urtebete lehenago adierazi zuen kideek «legearen bidea» erabiltzeari ekingo ziotela, eta Orbek Puerto I espetxeko tratamendu batzordeari adierazi zion lehen gradutik bigarrenera aldatzeko prozesuari ekin nahi ziola.

Ekin eta egin. Batzordeak aldaketa babestu zuen, eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak oniritzia eman. Fiskalaren helegiteak tarteko, ordea, Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Aretoak atzera bota zuen behin eta berriz.

Egoera horrek zenbait aldiz espetxez aldatzera ere behartu zuen: Puerto I-etik II-ra, berriz ere buelta, ondoren III-ra... «Argudiatu zuten bilakaera positibo bat ikusten zutela, baina hori finkatzeko denbora gehiago egin behar zuela lehen graduan», azaldu du presoaren aitak. Ordurako, semeak zortzi urte zeramatzan erregimen itxi horretan. «Eta arazo berak jarraitzen du».

Ikusi gehiago:Milaka lagunek eskatu dute ez oztopatzeko presoen etxeratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.