«Dinamismoa» eta «urrats berritzaileak» egitea saritu dute

Kanaldude telebistari eta 'Ttap' astekari digitalari eman dizkiete Rikado Arregi kazetaritza sariak

Rikardo Arregi kazetaritza sarien 31. aldiko irabazleak, finalistak eta antolatzaileak, atzo, Andoaingo Bastero aretoan GORKA RUBIO / FOKU.
Igor Susaeta.
Andoain
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Berritu dute Rikardo Arregi euskarazko kazetaritza sariketa 31. aldian, eta Komunikazio saria, hain zuzen ere, Ttap astekari digital interaktiboari eman diote, «urrats berritzaileak» egiteagatik. «Dinamismoa» ere kontuan hartu du epaimahaiak, eta, horregatik, Kanaldude telebistak jaso du Kazetaritza saria, Hurbiletik saioagatik. Epaimahaiak gehiengoz hartutako erabakiak izan dira biak ala biak.

Andoainen, Arregi zenaren jaiolekuan, egin zuten sari banaketa, atzo, eta epaimahaiak goraipatu du « tokikoa bezala mundukoa den emaitza» bat lortzen duela Hurbiletik-ek. Aurtengo udara arteko atal guztiei erreparatuta saritu dute. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren eta Maider Lainez Andoaingo alkatearen eskutik jaso zuen saria Pantxika Maitia Ipar Euskal Herriko komunikabideko kazetariak, eta nabarmendu zuen hedabidea «txikia» dela, «baina oso parte hartzailea». Horregatik, herritarrek emandako laguntza eskertu zuen. «Hitza ematen diegu bere lurraldearen egunerokoa biziarazten eta edertzen dutenei, izan arlo batekoak zein bestekoak». Kanaldudek Bidarrain du egoitza (Nafarroa Beherea).

Maitiak aldarrikatu nahi izan zuen «gauza sakonagoak» egiteko Hegoaldeko hedabideekin lan egiten duela Kanaldudek. Esate baterako, BERRIArekin, Hamaika-rekin, Irutxuloko Hitza-rekin, Gaztezulo-rekin eta Zinea-rekin elkarlanean aritu da Donostiako Zinemaldiaren bueltako Zurriolako butaka saioa osatzeko.

Ttap aldizkariaren kasuan, «molde eta formatu berriak» euskararen mesedetan erabiltzea, eta euskarazko lehen aldizkari multimedia sortu izana hartu ditu kontuan epaimahaiak. Iazko udan jaio zen, eta Monika Belastegi zuzendariak egindako «apustua» plazaratu nahi izan zuen, atzo, hitza hartu zuenean. «Euskara, askotan, tradizioarekin lotu izan dute». Belastegik azaldu zuenez, proiektua sortu zutenetik «esperimentatzeko baimena» eman zieten beren buruei Ttap-ekoek, eta «jolasean» segitzen dute. Bide horretan, Zut aplikazioaren eta Ixa serie aplikazioaren berri eman zuen hedabideak, lehengo astean. Iruditzen zaio «bide bat» ireki dutela, eta uste du sektore horretan «bizirik» dagoela euskal komunitatea. Goiena, Anboto, Baleike, Tokikom, Esguard eta Euskalerria Irratia hedabideek osatzen dute Ttap.

Rikado Arregi sarien aurtengo aldian lehendabizikoz egon dira finalistak. Kazetaritza sarian Ana Galarraga —Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalagatik—, Jon Artano —Amerikatik EITBrentzat egindako kronikengatik—, eta Miel Anjel Elustondo—BERRIAko Zozoen elean elkarrizketa sortagatik— izan dira finalistak. Eta Komunikazio sarian, Korrikaren komunikazio kanpaina, CodeSyntax-ek sortu eta garatutako Egunean behin jokoa, eta Oier Aranzabalen Barruan gaude podcasta Zuzeu agerkari digitalean. Antolakuntzak jakinarazi duenez, «etorkizun hurbileko aldietan» ere bi sari horiek emango dituzte.

Elorzak, Iribar gogoan

Ohorezko Aipamena ez dute urtero banatzen, baina aurten Iñaki Elorza azkeneko ia 40 urteotan Euskadi Irratian aritutako kazetariari eman diote. «Ilusio handia» egin dio, ibilbide bat saritu dutelako, «eta ibilbide bat ez da urte bakarrekoa». Baina badaki hori osatzeko «jende askoren bultzada» behar dela. Jose Angel Iribar Athleticeko mitoarekin akordatu zen. Izan ere, erretiratu berritan omenaldia egin zioten atezainari, eta egun hartan lortutako dirua euskarazko kirol hiztegi bat osatzeko bideratu zuen. Elorzak hartu zuen hori egiteko ardura. «11,3 milioi pezeta izan ziren. Diru horrekin lau etxebizitza eros zitezkeen Amara auzoan [Donostia]», gogoratu zuen.

Ekitaldia hasi aurretik, eta zortzi orduz Arregi zenaren testu argitaratuak irakurri zituzten 350 pertsonak, Andoaingo Bastero aretoaren kanpoaldean

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Jose Inazio Basterretxea, Elixabete Larrañaga (EHU), Maite Goñi, Jon Sarasua (Huhezi) eta Ion Muñoa (Deustu) irakasleek, eta Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza idazleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.