Dinamika berri bat, Nafarroaren geroari buruz eztabaidatzeko

Nafarroa XXI egitasmoa aurkeztu dute, Foru Hobekuntzaren inguruko «herri kontakizun» bat sustatzeko. 108 pertsonaren babesa dute

Nafarroa XXI egitasmoa babesten duten zenbait kide, atzo, Nafarroako Jauregiaren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Duela ia berrogei urte Foru Hobekuntzaren negoziazioa egin zuten toki berean bildu ziren atzo Nafarroa osoko hainbat lagun, Nafarroako Jauregiaren aurrean, herri plataforma berri bat aurkezteko: Nafarroa XXI. Herrialdearen orainaren eta etorkizunaren inguruko eztabaida bultzatzea dute helburu: «Nafarroa demokratikoago eta sozialago baten norabidean pausoak emateko».

Maitane Eraso eta Ani Morales bozeramaileen hitzetan, kezka batetik abiatu dute egitasmoa: «Larrituta gaude Nafarroako autogobernu galerarekin; gobernu zentralaren, Bruselaren, merkatuen eta multinazionalen aurrean gero eta botere politiko ahulagoa dugula ziurtatzen dugu». Nafarroako gizartea «bere burua gobernatzeko gaitasuna» galtzen ari dela adierazi dute.

Ondorio horretara iritsi dira Nafarroako Foru Hobekuntza indarrean sartu zenetik berrogei urte betetzear diren honetan, eta burujabetzaren gabezia gertakari horrekin lotu dute. Izan ere, Nafarroan ez zen egin estatutua bozkatzeko erreferendumik, eta hori «konpondu beharreko defizit demokratikotzat» dute.

Foru Hobekuntzari buruzko txosten batean gogora ekarri dutenez, bere garaian negoziazioaz arduratu zen taldea honako hauek osatu zuten: Espainiako Gobernuko Rodolfo Martin Villa ministroak, eta Nafarroako zazpi diputatuk; UCDko lau ordezkarik, PSOEko bik eta UPNko batek. «Hala, erabat baztertuta geratu ziren ados ez zeuden bi diputatuak, eta parlamentuko ordezkaritzaren heren bat», salatu dute.

Ordezkari horiek urtebetez jardun zuten bileretan. Nafarroako eta Madrilgo negoziatzaileak 1982ko martxoan jarri ziren adosForu Hobekuntza izango zenaren edukiari buruz. Akordioa, azkenean, 1982ko abuztuaren 16an onartu zen. «Gardentasunik gabeko prozesu baztertzaile» hori bukatzeko, testua ez zen erreferendumera eraman. «Nafarroa izan zen bere estatutua eta bere eskumenen zein erakundeen araubidea modu demokratikoan onartu ez zituen lurralde historiko bakarra».

Indarrean egon den berrogei urteetan, Foru Hobekuntzak ez du aldaketa nabarmenik izan; baina plataformako kideek uste dute egungo Nafarroaren eta duela berrogei urtekoaren artean ezberdintasun handiak daudela: «Jendarte feministago batean bizi gara, laikoagoa, ekologistagoa eta anizkunagoa; egoera politiko, ekonomiko eta sozial kaskarraz sakonki arduratzen dena».

Horiek horrela, Foru Hobekuntzaren negoziazioari buruzko «herri kontakizun bat» sortzeko garaia dela aldarrikatu dute, eta, horrekin batera, baita Nafarroaren orainaldiari eta geroari buruz eztabaidatzekoa ere. Gainera, eztabaida hori «beldurrik gabe» egin behar dela azpimarratu dute, «aurretiazko muga guztiak alboratuz», bat izan ezik: «Gure herriari bere oraina eta etorkizuna modu demokratikoan erabakitzeko gaitasuna ukatzen diona».

Jardunaldiak egingo dituzte

Hemendik aurrera, eztabaida sustatzeko, lan jardunaldiak egingo dituzte Nafarroako hogei herritan, dinamika «josi eta zabaltzeko» eta ekarpenak jasotzeko. Nafarroako gizarteari erronkan parte hartzeko deia egin diote, eztabaida ahalik eta «anizkunena, gardenena eta parte hartzaileena» izan dadin. Eragile kultural, sindikal, sozial, politiko eta instituzionalek parte hartzearen garrantzia ere nabarmendu dute.

Dinamikaren gogoetak manifestu batean bildu dituzte, eta www.na21.org webgunean irakur daiteke, baita testuari atxikimendua eman ere. 108 pertsonaren sinadura babes dutela hasi dute bidea; horien artean daude, esaterako, Mikel Soto, Ane Zaldua, Patxi Zamora, Joseba Compains, Presen Zubillaga, Julieta Itoiz edota Begoña Zabala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.