Fiskaltza hasi da pausoak ematen Osakidetzako oposizioetan salatutako iruzurraren harira. Lehen deklarazio esanguratsua hartuko du datozen egunetan: Osakidetzako zuzendari ohia, Maria Jesus Mujika, deitu du epaitegira, lekuko gisa. Gaur zortzi eman zuen dimisioa Mujikak, iruzur salaketen harira. Kasua ikertzen Carmen Adan ari da, EAEko fiskal nagusia. Lehen salaketa ELA sindikatuak jarri zuen, eta beste eragile batzuek ere bide bera hartu zuten. Hain justu, kasuaren bolumena ikusita, ikerketa luzatu egingo du fiskalak. Kasuak ikertzeko sei hilabeteko epea daukate, baina, berezitasunak daudenean, beste sei hilabete ere har ditzakete, Espainiako Fiskaltzaren baimenarekin. Eskari hori egin zion Adanek Madrili, eta baiezkoa jaso du. Uztail arteko epea izango du, beraz.
Mediku espezialisten probak daude zalantzan. Anestesia arloko oposizioekin sortu zen harrabotsa: azterketa egin baino lehen, notariotzara jo zuten hautagai batzuek, eta idatzita utzi zuten nortzuek gaindituko zuten proba. Asmatu egin zuten. Haren ondotik iritsi ziren gisa horretako salaketa eta zantzu gehiago. Azterketetako emaitzekin egindako estatistikek erakutsi zuten espezialitate batzuetan deigarriak zirela emaitzak: batzuek oso nota handia zuten, eta besteek, oso txikia. Iruzur salaketak hastean Osakidetzako langile batzuen testigantzak bildu zituen BERRIAk, eta berretsi zuten horrelakoak ohikoak izan direla urteetan, ez direla orain soilik gertatu.
Susmopean hogei espezialitate baino gehiago jarri zituzten sindikatuek, baina Osakidetzak zortzi ikertu zituen. Barne ikerketa bat egin zuen, eta lautan ikusi zituen «akatsak». Hiru espezialitatetako azterketak berriro egitekoak dituzte: Anestesia, Kardiologia, eta Angiologia eta Kirurgia Baskularra. Traumatologiako prozesua behin-behinean eten zuten.
Joan den astean egin zuten auziari buruzko azken agerraldia legebiltzarrean Mujikak berak eta Jon Darpon Osasun sailburuak. Besteak beste, proposatu zuten aldaketak egitea hautaproben sisteman: epaimahaietan kide gutxiago egotea eta haiek zozketa bidez hautatzea, adibidez. Osakidetzan bertan egiturazko aldaketak egingo dituzte: Giza Baliabideen Zuzendaritzaren barruan, hautaproben arloa sortuko dute.
Ikerketa batzordea
Neurriak iragarri eta hiru egunera, joan den ostegunean, Osasun Sailak jakinarazi zuen Mujikak dimisioa eman zuela. Ohar berean jakinarazi zuten ordezkoa zein izango zuen ere: Juan Luis Diego Casals. Lehendakaritzan ari zen ordura arte, koordinatzaile gisa.
Mujikaren dimisioak zuzeneko eragina izan du oposizioetako salaketen auzian. Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat sortzeko proposamena egina zuen EH Bilduk, eta Elkarrekin Podemos alde agertua zen. Batzordea sortzeko, baina, PPren babesa behar da. Mujikaren dimisioarekin konforme geratu da, ordea, alderdi hori, eta ez du ikerketa batzordea sortzea babestuko. Legebiltzarreko bidea eten egin da, beraz.
Beste ikerketa ildo batzuk, bai, zabalik dira. Batetik, EAEko Arartekoak hasia du ikerketa bat susmopean dauden espezialitateei buruz, eta urtea amaitzerako du txostena egitekoa. Bestetik, esparru judizialean, EAEko fiskal nagusiak hasitako ikerketa. Osasun Sailak berretsi du asmoa daukala bi ikerketekin «kolaboratzeko».
Dimititu eta astebetera, deklaratzera deitu dute Osakidetzako buru ohia
EAEko fiskaltzak ikerketa irekia du oposizioetan salatutako iruzurraren inguruan. Lekuko modura deklaratu beharko du Maria Jesus Mujikak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu