Jose Mari Gorroñok Gernika-Lumoko (Bizkaia) alkate makila hartu, eta «epe jakin batean» dimisioa ematea, Iñaki anaiaren mesedetan. Horixe izan zen EAJren baldintza Gorroñok gidatutako Guztiontzako Herria plataformari babesa emateko. Baldintza harekin berritu zuen alkatetza berriro ere Gorroñok, eta, azken hamasei urteetan bezala, alkate da oraindik ere. Ia bi hilabete joan dira ordutik, eta ez du dimisioa eman; beraz, Gernikako udal gobernua ez atzera, ez aurrera dago.
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan EH Bilduk lortu zuen boz gehien: 2.844. Guztiontzako Herriak 2.628 lortu zituen, eta EAJk, 2.499. Negoziaziorako ordua iritsi zen. EH Bilduk uste zuen alkatetzak berea izan behar zuela, eta udalaren gobernagarritasunerako akordio proposamena egin zien Guztiontzako Herriari eta EAJri. Akordio hori oraindik ere mahai gainean dagoela gogoratu du Gernikako EH Bilduko koordinatzaile Jose Ramon Bilbaok.
Jeltzaleek eta Guztiontzako Herria plataformak, ordea, akordioa lortu zuten, eta baldintza zen alkateak dimisioa ematea.
EAJk orain dela bi aste esan zuenez, alkateak hilabete zuen horretarako. Egun, Jose Mari Gorroñok ez dio makila pasatu anaiari, eta gobernua osatu behar dutenen artean tentsioak nagusitu dira. Jose Mari Gorroñok uztailaren 17an Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean azaldu zuen hitza beteko zuela, baina berak ez zuela zehaztu horretarako eperik, eta «errespetua» eskatu zion alderdi jeltzaleari.
52 egun pasatu dira jada inbestidura saioa egin zenetik, eta oraindik ez dute lortu gobernua sortzea. Hori gerta dadin, zera eskatzen du jeltzaleen aldetik alkateburu aurkeztu zen Xabier Irazabalek: «Alkateari dei egiten diogu ahalik eta azkarren bete dezan bera inbestitzeko akordioa. Berehala alde batera egin dezala adostasun handiagoko hautagai baten alde. Horrela, gobernu talde sendo eta egonkor bat osatzeko benetako negoziazio prozesua hasiko dugu».
Bilbaok gauza bera eskatu die: «behingoz» gobernua sortu dezatela. «Lanean has gaitezen, gobernuak sortuta egon behar du. Heldu daitezela akordio batera. Gauden lekuan gaudela, herriaren alde egingo dugu lan», azaldu du Bilbaok.
Inbestidura akordioa
Ahoz aho dabil geroztik herrian EAJk eta Guztiontzako Herriak lortu zuten inbestidura akordioa. Herritarrek ezer gutxi dakite akordioak batzen duenaren inguruan. Publiko egin den bakarra zera da: Jose Mari Gorroñok aginte makila utzi beharko duela.
«EH Bilduk ez daki akordio horrek zer adostasun biltzen dituen. Baina larria ez da guk ez jakitea, baizik eta herritarrek ez jakitea», kexatu da Bilbao. Gaineratu du akordio horren helburu bakarra dela EH Bildu alkatetzatik urruntzea, eta uste du adostasun horretan ez zirela gai izan proiektu bateratuak adosteko.
Akordioak batzen duena zehaztu gabe, hau esan du Irazabalek: «Inbestidurako konpromisoa betetzeak erraza dirudi, eta, gure ustez, erraza beharko luke, herriak elkar ulertzea eskatzen digulako. Gu prest gaude horretarako». Egoerarekin «nekatuta» dagoela adierazi du. «Egia esan, guretzat ere zaila da ulertzen. Konpromiso publikoak ez betetzea, hain zuzen ere, ulertezina dela uste dut», kexatu da.
EAJk gobernua lehenbailehen osatzeko nahia adierazi du, lanean hasteko «beharrezkoa» baita: «Gernika-Lumok ongizate eta oparotasuneko etorkizun bat bermatzeko behar dituen proiektu garrantzitsuak aurrera eramango dituen udal bat eratu behar dugu, gehiengo batekin. Urdaibaiko Guggenheim, Merkatu Plaza berria, liburutegia edo kirol instalazioen handitzea dira egitasmo aipagarrienetako batzuk».
Programaren edukiaren ezezagutza baino gehiago, udaleko egoerarekin lotu du Bilbaok herritarren kezka. «Herritarrek ez dute galdetzen ea noiz hasiko diren obrak, baizik eta ea noiz dimitituko duen Gorroñok. Horrek erakusten du nola bizi duten egoera». Ardura azaldu du Bilbaok: «Joan den legealdian gertatu zen gauza bera ari da pasatzen berriro ere. EAJ eta Gorroño ez dira akordio batera iristeko gai. Herritarrekiko ardura sentitzen dugu».
Dimisiorik gabe, gobernurik ez
52 egun pasatu dira EAJk Gernikan Guztiontzako Herria plataforma babestu zuenetik eta Jose Mari Gorroño alkate izendatu zutenetik. Gorroñok dimititu arte, ordea, ezin da gobernua osatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu