Udalgintza

Dimisioa «lehenbailehen» emateko eskatu dio EAJk Gorroñori

Jeltzaleek uste dute bete dela Gernikako alkateak dimisioa emateko jarritako epea

Jose Maria Gorroño, alkate izendatu zutenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko uztailaren 18a
12:52
Entzun

Joan den ekainaren 17an, GH Guztiontzako Herria plataformako hautagai Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkate izendatu zuten (Bizkaia), plataformako zinegotzien eta EAJkoen botoei esker. Baina izendapenak bazuen baldintza bat, Gorroñok berak kargua hartzeko hitzaldian azaldu zuenez: epe bat pasatuta, Gorroñok dimisioa eman beharko zuen, eta haren taldeko beste zinegotzi batek hartuko zuen alkatetza, Iñaki Gorroño anaiak. EAJren eta Gorroñoren arteko harremanak oso gaiztotuta daude aspalditik, eta akordio horren bidez irtenbide bat eman nahi izan zioten auziari, alkatetza EH Bilduren eskuetan gera ez dadin.

Baina ez dago argi Gorroñok noiz eman behar zuen dimisioa. EAJren iritziz, epea hilabetekoa zen, eta epe hori atzo bete zen. Gernikako EAJren bozeramaile Xabier Irazabalek El Correo egunkariari adierazi dionez, Gorroño «hitza jaten» ari da, eta, epea igarota, «zilegitasunik ez duen alkate» bilakatu da, «inoren botorik ez daukana». Horregatik, dimisioa «lehenbailehen» emateko eskatu diote: «Hurrengo egunean dimisioa ematea ere bazeukan, Bermeoko alkateak egin zuen bezala».

Alkatea izendatzeko osoko bilkuran, Gorroño ez zen argi mintzatu horren inguruan. Bere hitzaldiaren pasarte batean, esan zuen «gutxi gorabehera hilabete baten buruan» emango zuela dimisioa, baina geroago iradoki zuen «hilabete eta erdi edo bi hilabete» igaro zitezkeela dimisioa eman aurretik. EAJ ez dago ados akordioaren interpretazio horrekin, eta uste du hilabetea igarota dimisioa eman behar duela. Gainera, hitzaldi horretan Gorroñok iragarri zuen Iñaki anaia izango zela bere ordezkoa: orain, EAJren eledunak esan du hori ez zegoela hitzartuta.

«Errespetua» eskatu du Gorroñok

Gorroñok elkarrizketa eman du Euskadi Irratian, eta han esan du kargua uzteko asmoa duela, baina ardura hartu zuenean «zabalik» utzi zuela horretarako epea: «Ez nuen data zehatzik eman, eta hor daude saioaren aktak diodana frogatzeko». Dimisioa eman aurretik «trena bere lekuan jarrita» utzi nahi du. Irazabali, berriz, «errespetua» eskatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.