Ustelkeria

Dimisioa aurkeztu du Fernando Izagirrek, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zuzendariak

Aurretik Bizkaiko DYAko zuzendaria izan zen, eta garai hartan egindako irregulartasunak egozten dizkiete Izagirreri eta beste hamar laguni. DYAko egungo zuzendaritzak salatu ditu, eta ikertzen ari dira. Galdakaoko EAJko bozeramaile eta zinegotzi izateari ere utzi dio.

Fernando Izagirre, artxiboko irudi batean. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 27a
08:50
Entzun

Fernando Izagirre jada ez da Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zuzendaria. Asteburuan eman zuen dimisioa, eta Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen haren eskaria, akordio batera heldu ostean. Kargu hori bete aurretik, Bizkaiko DYAko zuzendaria izan zen Izagirre 2016 eta 2021 artean, iazko martxoan Jaurlaritzako alor horretako zuzendari izendatu zuten arte.

DYAko egungo zuzendaritzak apiril hasieran salatu zituen Izagirre zuzendari zen garaian izandako irregulartasunak, eta, zuzendari zenaz gain, beste hamar pertsona daude kasuan inplikatuta. Ikerketa zabalik dago, eta egozten dizkieten delituen artean daude dirua bidegabe erabiltzea, kudeaketa desleiala, bidegabeko jabetzea eta kaudimengabezia zigorgarria. Iaz, zuzendaritza talde berria martxan jarri zenean, kontu ikuskaritza bat egin zuen erakundearen egoera zein zen jakiteko; orduan topatu zituzten irregulartasunak.

Izagirre, besteak beste, EAJko zinegotzia eta bozeramailea ere bazen gaur arte Galdakaoko Udalean (Bizkaia), baina utzi egin ditu kargu horiek ere, baita alderdia bera ere. Jeltzaleen alkategaia izan zen azken udal hauteskundeetan, eta zerrendarik bozkatuena eurena izan zen arren, alkatetza galdu zuten EH Bilduren mesedetan. 2007tik zen zinegotzi.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, dimisioak ez du loturarik Izagirrek Jaurlaritzan egin duen lanarekin. DYAn 1986. urtean hasi zen, boluntario modura, eta, zuzendari izan aurretik, koordinatzaile nagusi izan zen hainbat urtez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.