Frankismoa. Emakumeen lekua

Diktadurak ebatsi zien haurtzaroa

Orbain sakona utzi zien frankismoak Josefina Lamberto larragarrari eta Paquita Bretos pasaitarrari, eta kolpeka ikasi behar izan zuten bizirik irauten. Barruak hustu dituzte errepresioaz eta borroka antifrankistaz izandako hizketaldian. Bideoa albistearen amaieran.

Paquita Bretos eta Josefina Lamberto, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Solasaldia hasi aurretik ez zuten elkar ezagutzen, baina besarkada estu eta musu zaparrada batekin agurtu dute elkar, aspaldi ikusi gabeko lagun minak balira bezala. Begietara begiratu diote elkarri, irribarrez, negar malkotan kasik, protokoloak nahiz etiketak albo batera utzita. Biek ezagutzen duten —eta aretoan diren besteei ihes egiten dien— zerbaiten jakitun direnen konplizitateaz. Izan ere, hari ikusezin batek lotzen ditu Josefina Lamberto (Larraga, Nafarroa, 1929) eta Paquita Bretos (Pasaia, Gipuzkoa, 1927): horrore beraren biktima dira biak ala biak. Diktadura frankistak umezurtz utzi zituen, eta, hala ere, bizitzeko gogoari eutsiz, baikortasunez beteriko begirada dute. Ez dituzte zauriak ezkutatzen, baina harro dira kolpe latzenen ostean altxatu izanaz.

Lambertoren kasua ezaguna da. Abestiak ere egin izan dira haren aita Vicente eta ahizpa Maravillasen hilketei buruz. Guardia Zibilak eraman zituen biak: aita, UGTko kide izatea egotzita, eta alaba, berak hala eskatuta, aita zaindu nahi zuelako. Hurrengo goizean hil zituzten. 14 urteko Maravillasen ausardiari, gainera, krudelkeria are handiagoaz erantzun zioten faxistek, tiroa jo aurretik bortxatu eta torturatu egin baitzuten. Josefina Lambertok 7 urte besterik ez zuen familiaren erdia ebatsi ziotenean, eta, gertakari horrek orbain sakona utzi zion arren, irribarre zabal batekin heldu dio kontakizunari: «Ea akordatzen naizen xehetasun guztiez».

Bretosek adi-adi begiratzen dio. Buruarekin baiezko keinua egiten du batzuetan, Lambertok kontatzen duena ezagun zaiola adierazteko. Ezagunegia, agian. Bretosek ere zuzenean sufritu zuen jazarpen frankista: Ondarretako espetxean preso sartu zuten haren ama, aita fusilatu egin zuten, eta Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen. Txiki-txikitatik ikasi behar izan zuen sasian bizitzen, eta muga zeharkatzen lagundu zien dozenaka iheslari sozialista eta komunistari. Gaur egun ere garai bateko Paquita gaztearen trazak igartzen zaizkio 91 urteko Bretos andreari: «Urte horietan hartutako bi ohitura mantentzen ditut oraindik: batetik, mendian ibiltzea; bestetik, eskuindarrei eta Elizari diedan ezinikusia».

Deitu gabe datozenak

Josefina Lambertok ez du inoiz ahaztuko 1936ko abuztuaren 15eko gaua: «Gure etxeko atea jo zuten goizaldeko ordu bietan. Ama koitaduak ez zuen atea ireki beste erremediorik izan». Bi guardia zibil ziren, Artaxoako kuarteletik Larragaraino joandakoak, Vicente Lamberto sindikalistaren bila.

«Metrailetak eskuetan zituztela sartu ziren etxean, eta zuzenean aitarengana joan ziren. Ohetik altxarazi, eta bultzaka atera zuten». Lamberto Ioldi senar-emazteekin batera, etxean ziren hiru alabak: Pilar, Josefina eta Maravillas. «Gurasoen logelaren ondoan lo egiten zuen Maravillasek, eta guardia zibilen zaratak aditu zituen. Gu baino helduxeagoa zen, eta bazekien herrian pertsona asko desagerrarazten ari zirela. Hortaz, jaiki, eta guardia zibilei eskatu zien haiekin eramateko, gure aitari zer egiten zioten ikusi, eta haren arrastoa ez galtzeko». Guardia zibilek zainduta atera zen Maravillas Lamberto etxetik. Ez zen inoiz itzuli.

Ikara batean igaro zuten gau hura, baina hurrengo goizera arte ez zuten tragediaren benetako neurria ezagutu: «Amak saski bat eman zigun Pilar ahizpari eta bioi, eta udaletxe azpiko kartzelara joateko esan zigun, aitari gosaria eramateko. Kartzelako atea zaintzen zuten guardia zibilek ez ziguten pasatzen utzi, eta barre artean esan ziguten: 'Zure aitak ez du jada gosaririk behar'. 7 urterekin, ez duzu erreakzionatzeko gaitasunik ere. Ez dakit zer pasatu zitzaidan burutik».

Egunak, asteak eta hilabeteak eman zituzten ezer jakin gabe. Isiltasuna lege bihurtua zen Larragan —eta Nafarroa osoan—, eta ahoz aho, isilka zabaldutako zurrumurruek ez zieten lasaitasunik ematen: «Herrian inork ez zigun deus ere esan nahi. Mutu bihurtuak ziren denak. Hainbat urte geroago, bizilagun batzuen ahotik jakin genuen gure aita Vicente eta Maravillas ikusi zituztela udaletxetik ateratzen, eta kamioi batera igo zituztela. Diotenez, Maravillasek txiki-txiki eginda zeraman arropa. Zer ez zioten eginen!».

Aitaren eta ahizparen gorpuak ez dira oraindik agertu, eta min hori barruraino sartua du Lambertok bihotzean. «Ez dakigu non egon daitezkeen lurperatuta. Aita Ibiriku herrira eraman zutela esan ziguten, baina bila eta bila aritu ginen, eta hor ez genuen arrastorik ere topatu. Iaz, Aranzadiko Paco Etxeberriaren laguntzarekin, errepide ertzeko ezponda oso bat altxatu genuen hondeamakina batekin: ezertxo ere ez».

Eta aitaren hilotza topatzea zaila bada, Maravillasena aurkitzea «ia ezinezkoa» izanen dela aitortu du haren ahizpak: «Gure susmoa da gizonak fusilatu zituztenean lasterka ihes egiten saiatu zela, eta ondoko basoan harrapatu eta hil zutela. Bizilagun batek esan zigun behin animaliak bazkatzera eraman zituela lursail horretara, eta hilotz usaina nabaritu zuela. Hurbildu eta neska gazte baten gorpua ikusi omen zuen, guztiz desitxuratua: txakurrek janda zegoen, erabat ustelduta... Erre egin zuten, inori ezer esan gabe».

Hilketaren berri izan ostean, herritik alde egiteko erabakia hartu zuen Josefina Lambertoren amak. «Konturatu zen Larraga ez zela toki segurua guretzat. Bekaizkeriaz beteriko matoi eta salatari ugari zebiltzan inguruan. Familia eskuindar batekin izandako eztabaida baten ostean, falangistek kartzelan sartu zuten bi egunez, eta Pilar eta biok kalean gelditu ginen, bakarrik. Gu ikustean, plazatik pasatzen zen emakume batek ozen esan zuen: 'Ea komunista zikin hauek guztiak akabatzen dituzten, baita haurrak ere, hazi egiten baitira!'».

Ezkerreko ideologiaren aurkako giro bortitza ere gogoan du Paquita Bretosek. Pasaian maistra zen haren ama, eta eskuindar askok mesfidantzaz begiratzen zioten horregatik: «Liburu asko irakurtzen zituen, eta oso independentea zen. Askok muturra okertzen zuten hura ikusten zutenean».

1936ko hauteskundeetan, ezkerreko Fronte Popularreko zerrendetan joan zen Bretosen ama, eta horrek egoera okertu besterik ez zuen egin: «Albisteak dezenteko oihartzuna izan zuen, denek ezagutzen baitzuten herriko maistra. Fronte Popularrak irabazi zituen bozak, eta askok ez zioten gure amari hori barkatu».

1936ko kolpe militarraren osteko giro oldarkorraren beldur, Pasaiatik ihes egitea erabaki zuen Bretosen familiak. «Aita frontera joana zen, errepublikaren alde borrokatzera, eta gu Bilbora joan ginen, utzitako etxe batera». Han, Durangoko eta Gernikako bonbardaketen lekuko izan ziren. «Nik Gernikakoa ikusi nuen soilik; amak, berriz, biak. Durangokoa askoz gogorragoa izan zela esaten zigun. Ikara batean heldu zen egun hartan. Haurrontzat, berriz, jolas bat besterik ez zen: apustu egiten genuen, hegazkinen bonbak non eroriko», azaldu du Bretosek.

Faxistak gero eta hurbilago ikusten zituzten. Gero eta ozenago eztandak. Hortaz, erabat desegin gabeko maletak hartu, eta, ezinbestekoa gainean zeramatela, Santanderrera (Espainia) alde egin zuten. Han, ordea, egoera ez zen oso bestelakoa.

1937ko abuztuan, 10 urteko Paquita Bretosek Santanderreko Batailaren erdian harrapatuta ikusi zuen bere burua: «Su-bonbak ikusi genituen hegazkinetatik erortzen. Bengalak ziruditen. Lurreraino erori, eta etxeak goitik behera kiskaltzen zituzten. Beste egun batzuetan, propaganda paskinak soilik botatzen zituzten. El Sardinerotik ateratzen ziren arrantzontzietan ihes egiten zuten herritarrek, eta, horiek ere bete zirenean, jendea bere kabuz sartzen zen itsasora, desesperazioak jota, zurezko edozein txalupa zaharretan ihes egin nahian».

Borrokaldi latzaren ostean, Italiako faxistek, Alemaniako naziek, Espainiako falangistek eta Nafarroako karlistek hartu zuten hiria. Orduantxe entregatu zen Paquita Bretosen aita, beste zenbait milizianorekin batera. «Karlistek esan zieten lasai egoteko, biharamunean etxera bidaliko zituztela. 'Zuek baino lehenago iritsiko naiz etxera. Heltzen zaretenerako, sutondoan izanen nauzue, porrusalda prestatzen', esan zigun. Hori izan zen aita ikusi nuen azken eguna».

Etxera ez, Trujilloko kontzentrazio esparrura (Caceres, Espainia) eraman zuten Bretos, eta 1937ko abenduaren 27an fusilatu zuten.

Gerraostean, eskale

1939an gerra amaitu arren, Lambertoren eta Bretosen bizimoduak ez zuen hobera egin. Galtzaileen bandokoak izateak ate guztiak itxi zizkien. Josefina Lambertoren ama, esaterako, neskame sartu zen etxe batean, eta alabak harrerako familia baten zaintzapean utzi zituen. «Oso gaizki tratatzen gintuzten: irainak, zigorrak... Handik urte batzuetara jakin genuen familia hartako semea izan zela Maravillas bortxatu eta hil zuena», gogoratu du larragarrak.

Neskame lanak ez zuen askorik iraun, eta Iruñera mugitu zen Lambertoren ama, bi alabekin batera. «Miseria gorrian bizi ginen han. Gure ama eskean ibili zen denboraldi batez, eta gero lantxo bat aurkitu zuen, zakuak josten. Pilar eta biok gizarte laguntzako etxe batera joaten ginen, han jatekoa ematen zigutelako. Cara al sol abestu behar genuen; bestela, ez ziguten ogirik ematen. Dirurik ez genuenez, errentan hartua genuen etxetik bota gintuzten, eta eskaileretan egin behar izaten genuen lo... Oso garai latzak izan ziren».

Bretosek ere ez du urte horietako oroitzapen ona. Santanderretik Pasaiara itzulita, maistra ezkertiarrarekin zorrak kitatzeko aukera ikusi zuten zenbait frankistak, eta preso sartu zuten Ondarretako kartzelan. «Izugarria zen leku hura», gogoratu du: «Itsasgoran, katuen tamainako arratoiak sartzen zitzaizkien ziegetara, komuneko zulotik. Bi pertsona zeuden ziega bakoitzean, eta gauez, bietako batek komun zuloa zaintzen gelditu behar zuen, kandela batekin, arratoiak sar ez zitezen».

1940ko eta 1950eko hamarkadak alde batetik bestera eman zituzten biek, bai Bretosek, bai Lambertok. Pasaitarraren ama Ondarretako kartzelatik atera ostean, Iruñea izan zuten bizitoki, eta kontrabandoan hasi ziren. «Kanbon (Lapurdi) bizi zen lagun baten eskutik hasi ginen kontrabandoan. Salgaiak pasatzen genituen hasieran, eta gero, pertsonak. Muga zeharkatzen laguntzen genien iheslariei, errefuxiatuei eta kontrabandistei. Bezperan, gure etxean lo egiten zuten, eta gero elkarrekin ibiltzen ginen, Kintoko parajeetan aurrera-atzera. Nire soinekoak eta berokiak utzi nizkien hainbat neskatori, oharkabean pasatu zitezen».

Bretos klandestinitatean murgildu zen garai bertsuan, Josefina Lamberto moja sartu zen, miseriatik ihes egin nahian. Iruñean, Madrilen eta Pakistanen lan egin zuen, baina ez du bere bizitzaren pasarte horretaz hitz egin nahi: «Esklabo bat nintzen. Pakistanen lanik gogorrenak egin behar izaten nituen, malariaz gaixotu nintzen, eta abandonatuta utzi ninduten. Eskerrak zulo beltz horretatik ateratzea lortu nuen».

Ordutik, pozik bizi dela dio: «Lur jota ikusi nahi ninduten mojek, baina ez diet plazer hori eman». Boluntario lana egiten du Paris 365 jantoki solidarioan, eta lagun asko ditu. «Gainera, Maravillas izena jarri diote Alde Zaharreko gaztetxeari, eta pozarren nago». Udazkenean, Bretosekin topo eginen du berriz, Erruki Etxean biziko baitira biak. «Etxe horretan une oro dabiltza errezoan, meza eta arrosario artean!», ohartarazi dio larragarrak. Besteak lasai erantzun dio, solasaldia bukatutzat eman aurretik: «Uste dut jai dutela gurekin».

[youtube]https://youtu.be/xf1Sd4stg_Q[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.