Lucas Gortazar. EsadeEcPol-eko kidea

«Dikotomiatik at, eztabaidaren norabidea aldatu behar da»

Eskola segregazioaren inguruko ikerlan bat ondu berri du Gortazarrek, eta «pozik» dago erantzunarekin. Sare publikoaren eta itunpekoaren arteko gatazketatik harago, bereizketaz hitz egin behar dela uste du.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Desorekak, sarri askotan, nabarmenak dira ikastetxe batean edo bestean elkartzen diren ikasleen artean, hala nola maila sozioekonomikoari eta jatorriari dagokienez. Besteak beste, hori ondorioztatu dute Lucas Gortazar (Bilbo, 1986) EsadeEcPol zentroko eta Alvaro Ferrer Save the Children erakundeko kideek. Diversidad y libertad: reducir la segregación escolar respetando la capacidad de elección de centro (Aniztasuna eta askatasuna: eskola segregazioa murriztea ikastetxea hautatzeko ahalmena errespetatuz) lana ondu dute, eta, besteak beste, azpimarratu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa direla ikasleak jatorriagatik gehien bereizten dituzten lurraldeak.

Lehenbizi: zer da eskola segregazioa?

Ikerketan, definizio tradizionala erabili dugu; ez gara berritzaileak izan. Ezaugarri jakin batzuengatik —ekonomikoak, linguistikoak, jatorrikoak— leku jakin batean talde bat batzen denean erabiltzen dugu kontzeptua. Ez dago banaketa perfekturik, populazio taldeak ingurune jakin batzuetan biltzen direlako, baina, bereizketa gehiegizkoa bada, segregazioaz hitz egiten da. Hala da eskoletan ere; esate baterako, jatorri atzerritarreko ikasle asko batzen dituen ikastetxe bat. Horiek ghetto gisa izendatzen ditugu, baina bada beste aldea ere: bunkerrak, klase altuko eta aberatsetako kideen eskolak.

Nolakoa da egoera Hego Euskal Herrian?

Espainian, ikasleen egoera sozioekonomikoak sortutako segregazioa handiagoa da ikasleen jatorriak eragindakoa baino, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa da: jatorri atzerritarreko ikasleak gehien bereizten dituzten lurraldeak dira. Ez dugu lekuan lekuko azterketa zehatzik egin, baina eztabaida presente dago, eta baita Nafarroan ere. Are, azken hori urrats bat aurrerago doa Kataluniarekin batera, eskolatze dekretu bat lantzen baitabil. EAEn, problematika ezaguna da, Zubiak Eraikiz mugimenduari esker, besteak beste, baina, halaber, araugintzan ez da ia ezer egin. Lan handia dago egiteko.

Sare publikoa eta itunpekoa aipatzen dira sarri eragiletzat, baina hori al da arrazoi bakarra?

Eskola publikoaren eta itunpekoaren arteko dikotomia hor dago, baina, oro har, bereizketa handia da bai batean, bai bestean. Eztabaida soilik eremu horretara murriztuta, liskarra sortzen da, eta polarizazioa; ez da aurrera egiten. Era horretan, lortzen den bakarra da itunpekoek eskola segregazioa ukatzen dutela, eta sare publikoari ez diola edozerk balio, ez bada itunpekoa ezabatzea. Oinarri politikoa oso sendoa da; alderdi politiko batzuk batarekin zein bestearekin lerrokatuta daude.

Beraz, hezkuntza borroka alderdikoiaren gatibu al da?

Eskuineko alderdiek, oro har, itunpeko eskolak babesteko joera dute, baina hori ez da estrategia on bat aurrera egiteko. Horren adibide da Espainiako Gobernuak onartutako LOMLOE legea: badu segregazioari zuzendutako pasarte bat, baina, zeharka izan bada ere, lerrokatu egin da, eta itunpeko eskolaren aldetik gaitzespen oso handia jaso du. Hezkuntzaren inguruko eztabaidak zerikusi handiagoa du norbere identitatearekin programa jakin batzuekin baino, eta, beraz, horregatik diogu eztabaida hori elikatzea oztopo izan daitekeela aurrera egiteko.

Non jarri behar da arreta?

Eztabaidaren norabidea aldatzea da gure planteamendua, bakoitzak dituen neurrietatik eta tresnetatik eskola bereizketari buruz hitz egitea. Eztabaida bateratzaileagoa egitea da gure apustua, eta eragile desberdinak mahai batean eseri ahal izatea, publikoaren eta itunpekoaren arteko dikotomiatik harago. Beste espazio batzuk behar dira adostasuna erdiesteko, eta lidergoak indartu behar dira, hala nola gizarte zibiletik artikulatutakoak. Zubiak ere eraiki behar dira erakundeekin, elkartu, aurrera egiten lagun dezaketen neurrien inguruan hitz egin ahal izateko.

Eta zer aurreikusten duzue?

Ikerketan jasotako erantzunarekin, oraingoz, pozik gaude, eskola segregazioaren lanketa egiteko interesa badagoelako. Egia da itunpeko eskola guztiei ez zaiela interesatzen inklusioaz, aniztasunaz edo segregazioaz hitz egitea, baina parte bati bai, eta garrantzitsua da horri balioa ematea.

Hezkuntza legeak ere hor daude...

Legea marko bat da, eta ondo dago, besteak beste arau esparru bat jartzen duelako mahai gainean eta segurtasun juridikoa ematen duelako, baina hor daude dekretuak, bestelako politikak eta aginduak ere, eta, ondorioz, autonomia erkidegoetako gobernuek har ditzaketen erabakiak. Eskola eskaintzan, adibidez, EAEn eta Nafarroan, badakigu hizkuntza ereduek eragina dutela bereizketan.

Zer gehiago egin daiteke?

Tokiak erreserbatu daitezke. Era horretan, posible izango litzateke zaurgarriak diren ikasleak hain zaurgarriak ez direnekin batzea eskola berberetan, administrazioek tokiak gordeak badituzte. Batzuek ingeniaritza soziala deitzen diote, baina zuzenbide estatu batean bizi gara, eta zerbitzuak bermatu egin behar dira.

Hala ere, neurriak hartu ezean, eskola segregazioak gora egin dezake.

Ez naiz determinista, eta, beraz, ezin dut esan zer gertatuko den, baina, bai, uste dut ezer egiten ez bada segregazioak gora egingo duela. Hezkuntza administrazioen rola ere azpimarratuko nuke. Badute boterea gauzak aldatzeko, eta, aktibatzen direnean eta lanari ekiten diotenean, gauzak alda daitezke, baina, era berean, ezer egiten ez bada edo gaia bigarren mailan uzten bada, segregazioaren hazkundea ez da etengo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.