«Diez kartzelatzeak ez du ezker abertzalearen apustu politikoa neutralizatuko»

Ainhoa Etxaideren iritziz, «hasitako bidean jarraitzea da Espainiari eman dakiokeen erantzun egokiena»

'Bateragune auziko' epaia salatzeko mobilizazioetan parte hartu zuen Ainhoa Etxaidek. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du Rafa Diez kartzelatzea «antzua» dela eta horrek ez duela ezker abertzalearen apustu politikoa «neutralizatuko». Izan ere, epaiak epai hasitako bidean «jarraitu» behar dela eta «konpromiso berriak hartu» behar direla azaldu du.

Era horretan, esan du «geroz eta jende gehiagok» egin lezakeela «ezinezkoa» Espainiako Estatuaren «immobilismoa presio sozialaren bidez». Hori dela eta, honako hau esan du: «Konpromiso berriak hartzen eta hasitako bidean sakontzen jarraitu behar dugu».

Horretaz gain, Bateragune auziko epaia salatzeko alderdi politikoek, sindikatuek eta hainbat eragilek antolatutako manifestazioa izango da, Etxaideren iritziz, Euskal Herriak Espainiako Auzitegi Nazionalari emango dion «benetako erantzuna». Herritarrek kalera irten eta Bilboko kaleak «beteko» dituztela esan du; «ez bakarrik eskubideen urraketa» salatzeko, baita «Euskal Herriak behar duen bidea egiteko euskal gizarteak indar eta gaitasun nahikoa duela erakusteko» ere.

Etxaidek, horrez gain, adierazi du «indar erakustaldiak» egiten dituela Espainiako Estatuak «errepresioaren esparruan». Haren esanetan, erakustaldi horiek «antzurik dagoen estrategia batean» oinarritzen dira, eta ez dute lortu euskal herritarren «helburuak gelditzea». Gainera, honako hau azaldu du: «Geroz eta indar gehiago duen zerbait blokeatu nahi dute».

ELAk, berriz, bat egiten du larunbaterako Bilbon deituta dagoen manifestazioarekin; izan ere, haren iritziz, «zentzugabekeria juridikoa eta astakeria galanta da» Auzitegi Nazionalaren epaia, eta, horregatik, kartzelatutako bost pertsonak behin betiko askatzeko exijitu du.

«Ez nago euforiko»

Eduardo Madina Espainiako Kongresuko PSOEren idazkari nagusiak azaldu du ez dagoela «euforiko» Bateragune auziko epaiarekin baina auzitegiek hartutako erabakiekin «errespetuzkoa» dela. Nolanahi ere, adierazi du auzipetuei ezarritako zigorrak ez dituela «gauzak aldatzen» eta kontuan izan beharrekoa dela ETA «behin betiko desagertzeko aroan» dagoela. Hori horrela, Sorturen inguruan auzitegiek hartzen duten erabakia «gustatu edo ez», errespetatuko duela gaineratu du.

Era berean, Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte gaietarako sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzako kide izateaz gain «indarkeriaren amaierarekin amesten duen euskal emakumea» dela eta Bateragune auziko epaiarekin «frustratuta sentitzen dela.

«Demokraziaren epaiketa»

Koldo Martinez Zabaltzen-eko bozeramaileak adierazi du Bateragune auziko epaiketa «demokraziari» eginiko epaiketa dela, eta «botere banaketaren» alde egin du. Izan ere, haren ustez, epaiketa horrek «zalantzan» jartzen ditu «demokrazia garatu baten» balioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.