EAJko zuzendaritza berritzeko prozesua martxan da aurreko igandeko Alderdi Egunaz geroztik. Forondako zelaietan entzundakoak, ordea, ez zuen argitu egungo EBBko presidente Andoni Ortuzarrek jarraituko ote duen EAJren leman. Aitzitik, Ortuzarrek denbora irabazi zuen, eta ez zuen baztertu berriro ere gidaritza gorenean jarraitzeko aukera hori. «Ez zaitzatela kazetariek kutsa. Ez galdetu niri zer egin behar dudan. Galdetu zeuen buruari, zer egingo duzuen alderdiaren mesedetan», esan zien militanteei.
Gaur, berriz, esan daiteke Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Ortuzarren aukera indartu duela. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Diez Antxustegik esan du egungo alderdiko buruak «irabazi» egin duela jarraitu nahi duen ala ez «erabakitzeko eskubidea». Jarraian erantsi du EAJren barne prozesuan, «pertsonen kontua azkena» izango dela.
Lurraldeetako zuzendaritzak ere berrituko ditu EAJk, eta berritze hori alderdiak datorren urteko 29an eta 30ean egingo duen IX. Batzar Nagusiaren aurretik da gauzatzekoa; Araba Buru Batzarra da horietako bat. ABBk presidente berria izango du, urtea amaitu aurretik, Jose Antonio Suso egungo buruak kargu utziko duela jakinarazi baitu, baina gidari hori ez da izango Diez Antxustegi. Jeltzaleen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak uko egin dio hautagai izateari; «ardura berriak dauzkat», esan du. Gaineratu du hedabide batek kaleratu duela Diez Antxustegi ez dagoela «ABBrako kinieletan»; «zuzen dabil», esan du.
Norabide aldaketa erabaki
Edonola ere, Diez Antxustegik ez du «inolako arazorik» ikusten Ortuzarrek EBBko buruzagitzan jarrai dezan: «Bere emaitzak hor daude; EBBko presidentetzan egin dituen hamabi urteetan, alderdiaren historiako emaitzarik onenak lortu ditugu». Emaitza horiei erreparatu ondoren, legebiltzarreko eledunak ziurtatu du Ortuzarrek berak erabaki dezakeela kaguan jarraitu nahi duen ala ez: «Eskubide hori irabazi du; berari dagokio erabakitzea. Baina, lehenik, proiektu politikoa doa, gero, antolakuntza, eta, azkenik, pertsonak», azpimarratu du berriro EAJren barne prozesua azalduz.
Izenetatik harago, Diez Antxustegik adierazi du «garrantzitsuena lan agiriak» izango direla prozesu horretan, «proiektu politikoa indartzeko eta eztabaidatzeko» eduki politikoak, alegia. Hala, alderdiaren «norabide aldaketa ala ez» batzokietan erabakiko dela helarazi du, baina argi utzita EAJren printzipioak «oso argiak» direla.
Gogoraren ika-mika
EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak gogor egin du EH Bilduren aurka ere: koalizio subiranistari leporatu dio «gezurra» esatea, Gogora Institutuaren zuzendaritza kontseiluko kideen hautaketari lotuta. EH Bilduk salatu zuen jeltzaleek eta sozialistek bazterrean utzi zituztela estatuaren biktimak, ez baitzuten onartu Gogora-ko zuzendaritzarako koalizio subiranistak proposatutako bi ordezkarietatik bat. Bozeramaile jeltzaleak esan du, ordea, aurrez jakinarazi zietela banaketa.
«EH Bilduk aukera izan zuen erabakitzeko guk botoa Pilar Garaialderi ematea. Eta ez zuen egin. Gero esan zuen EAJk eta PSEk Gogoratik kanpo utzi genituela Estatuaren bortizkeriaren biktimak. Hori gezurra da», esan du Diez Antxustegik. Eta adierazi du bozketa egin aurretik Oihana Etxebarrieta Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren koordinatzaileari jakinarazi ziola zuzendaritza kontseilu berriaren banaketa nola egingo zuten: EAJk eta PSEk bina kide izango zituzten, eta EH Bilduk bakarra.
Koalizio subiranistak, ordea, legebiltzarrean zegokion ordezkaritzaren arabera, bi pertsona proposatu zituen zuzendaritzarako: Pako Etxeberria auzi medikua eta Pilar Garaialde estatuaren biktima. Hori dela eta, bi hautagaien artean aukeratzeko eskatu zioten jeltzaleek subiranistei, bozeramaile jeltzalearen arabera betiere. Baina ez zuten aukeratu, eta, azkenean, jeltzaleek Paco Etxeberriaren aldeko botoa eman zuten, Garaialderena atzera botata.
«Gure erabakia izan zen Paco Etxeberriari botoa ematea arrazoi sinple batengatik: orain arte Paco Etxeberria zegoelako kontseiluan eta ulertzen genuelako orain arte zeuden beste bi kideek jarraitzen bazuten Etxeberriari ere aukera eman behar geniola jarraitzeko», argudiatu du Diez Antxustegik.
EH Bilduren erantzuna
EH Bilduk berehala erantzun dio EAJri. Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak EITBri jakinarazi dionez, «onartezina» da bozeramaile jeltzaleak esandakoa. Eta informazioaren erabilera «gaiztoa» egitea eta legebiltzarreko gehiengoak «mespretxatzea» egotzi dio Diez Antxustegiri: «Estatu terrorismoaren biktimak ordezkaritzarik gabe gelditu dira Gogoran, EAJk eta PSE-EEk horrela nahi izan dutelako».
Joan den asteazkenean egin zuten bozketa, Eusko Legebiltzarrean. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Instituturako bost kide independente izendatu zituzten. Paco Etxeberriaz gain, EAJren bi hautagaiek –Maria Jauregi, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba, eta Eider Landaberea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea– eta PSE-EEren biek –Josu Elexpe ETAk hildako Froilan Elexperen semea eta Jose Antonio Perez EHUko irakaslea– osatuko dute zuzendaritza kontseilua.