Diez Antxustegik esan du «euskal interesa» lehenetsiko dutela AHTaren ibilbidean

EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ziurtatu du ez dagoela kezka «ibilbide bat edo bestea» dela eta; «abiadura handia noiz iritsiko den, horrek eragiten du kezka».

Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramailea, Eusko Legebiltzarrean. L. ROCO / EFE
Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramailea, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko argazki batean. L. ROCO / EFE
xabier martin
2024ko irailaren 5a
11:25
Entzun

Ezkiotik (Gipuzkoa) edo Gasteiztik lotuko dute Nafarroarekin euskal Y-a, eta erabaki hori Espainiako Gobernuak hartuko du Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera, urte amaierarako. Bada, gaur, EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Diez Antxustegik alde batera utzi nahi izan du Hegoaldeko lurralde guztiei modu batera edo bestera eragingo dien auziak sortutako ika-mika, Gipuzkoako eta Arabako agintari nagusien adierazpenak tarteko; eta lotura hori erabakitzeko EAJk zer irizpide beteko duen ezarri du: «Herrialde interesa, euskal interesa». Ez du esan, ordea, herrialde interesak Ezkio ala Gasteiz lehenetsiko ote duen, azkenerako.

EAJren barruan azaleratu den ika-mikari garrantzia kendu nahian, Diez Antxustegik ziurtatu du kezkagarria dena ez dela  «ibilbide bat edo bestea» aukeratzea, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzeko; «abiadura handia noiz iritsiko den, horrek eragiten du kezka», esan du Radio Vitorian egindako elkarrizketan. Edonola ere, «herrialdeko lotunea» izango da, azkenerako erabakitzen dena, EAJko eledunaren hitzetan, «euskal interesak lehenetsiz, herrialde ikuspegi batekin».

Nolabait, hitz horiek islatzen dute EAJren eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren iritzia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren interesen arabera egituratuko dela, hiru lurraldeen osotasuna aintzat hartuz, alegia. Espainiako Gobernuaren azken txosten teknikoak esku artean izan eta gero hartuko du jarrera jakin bat Jaurlaritzak. Diez Antxustegik garbi utzi du Imanol Pradales lehendakariaren hitzek ez dutela tarterik uzten «interpretazio gehiago egiteko» posizio horretatik harago. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak herenegun esan zuen lehendakariak Ezkioren aldeko argumentuak plazaratu dituela asteon; handik gutxira, lehendakaria lotune baten edo bestearen alde aritu dela gezurtatu zuen Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak.

2018ko posizioa arriskuan

Azken egun eta asteetan, AHTaren aldagai horren inguruan Jaurlaritza berriak helarazi duen posizioak argi islatzen du alda dezakeela 2018an Espainiako Gobernuari igorritako txostenean finkatu zuen jarrera. Orduan, Arantxa Tapia Azpiegituren Saileko buru zela, Gasteizko gobernuak azaldu zuen Ezkioko lotunearen alde zegoela, Aralarko mendilerroan barna, eta Gasteizkoa eginez gero trenen trafikoaren «saturazio arriskua» legokeela; lotura hori ez litzake «lehiakorra» izango «gipuzkoarrentzat», txosten horretan jaso dutenez, Iruñea eta Donostia 44 minutuan lotu ordez 63 minutuan lotuko bailuke AHTak.

Orain, berriz, EAJk Gasteizko ganberan duen bozeramailea Madrili begira jarri da, txosten teknikoak galdegiteko. «Azkar ibiltzeko esan behar diogu ministerioari», adierazi du Diez Antxustegik, «gehiegi atzeratzen» ari delako ibilbide biak aztertzeko txosten tekniko eta ekonomikoetan. «Euskal Y-aren lotura hori eta abiadura handia Euskadira iristea oinarrizkoak dira gure garapen ekonomikorako, herrialde gisa, gure industriaren garapenerako», jarraitu du EAJko eledunak. Haren arabera, «orain, kalean ez dago kezkarik lotura bat edo bestea dela eta».

Osasun arloko ituna

Osasun arloko itun baten bila gaur bertan bilduko den mahaiaz ere aritu da Diez Antxustegi. ELAk salatu du «bere kabuz» atera dela mahai horretatik, eta «tristezia» eragin diotela baliatu dituen «aitzakiak», bozeramaileak aitortu duenez, «Euskadin oso eragile garrantzitsua» baita ordezkaritzarik handiena duen sindikatua.

Halaber, salatu du EH Bilduk «esaten duena» ez datorrela bat «egiten duenarekin». Diez Antxustegiren arabera, «gobernua zigortzeko» koalizio subiranistaren egitasmoak ez datoz bat «osasunaren gaia eztabaida politikotik atera nahi izatearekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.