Diego Yllanesi ukatu egin diote ahaztua izateko eskubidea

Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola ahaztua izateko eskubideari, Nagore Laffageren hiltzailearen kasuan.

Diego Yllanes, bere kontrako epaiketan, 2009ko azaroan. JESUS DIGES / EFE
Diego Yllanes, bere kontrako epaiketan, 2009ko azaroan. JESUS DIGES / EFE
jakes goikoetxea
2024ko martxoaren 20a
14:20
Entzun

Diego Yllanesek hil egin zuen Nagore Laffage. 2008ko sanferminak ziren. Uztailaren 7a. Laffage 20 urteko Erizaintza ikaslea zen, Irungoa (Gipuzkoa); Yllanes, berriz, Nafarroako Unibertsitate Klinikan lan egiten zuen 27 urteko psikiatra egoiliarra. Gizonezkoaren etxera igo ziren biak, baina Laffagek sexu harremanak izateari uko egin zionean, Yllanesek bortizki eraso zion. Hainbat kolpe eman zizkion, eta itota hil zuen. Gorpua plastikozko poltsa batean sartu, hurrengo egunean lagun bati ezkutatzen laguntzeko eskatu — lagunak uko egin zion— eta Erroibarko (Nafarroa) baso batean ezkutatu zuen.

Hori guztia frogatutzat jo zuten epaitegietan, eta Yllanes zigortu egin zuten. Hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, giza hilketagatik. Laffageri eta haren hilketari lotutako albisteetan Yllanes ageri da, ezinbestean.

Bada, Yllanesek, zigorra bete eta hilabete batzuetara, aurrena eskaera egin zien Google bilatzaileari, gero Espainiako Datuen Babeserako Agentziari eta azkenik Espainiako Auzitegi Nazionalari: onar zezatela ahaztua izateko eskubidea duela eta blokea zitzatela giza hilketari buruzko eta bere baldintzapeko askatasunari buruzko informazioa ematen zuten komunikabideetako albisteen lotura batzuk. Yllanesek argudiatu zuen, besteak beste, Laffage hil zuenean ez zuela sexu deliturik egin, baina zenbait komunikabidek sexu delituekin lotzen zutela, eta bere pribatutasun edo datuen babeserako oinarrizko eskubideak urratzen zituztela, datu okerrak ematen zituztelako.

Googlek eta Espainiako Datuen Babeserako Agentziak atzera bota zuten Yllanesen eskaera. Erantzun zioten zalantzan jartzen zituen albiste horiek interes publikoa zutela; hura zigortzeko gertaerak islatzen zituztela; baita gerora gertatutako delitu batzuen antzekotasuna zutela ere; oihartzun handia izan zuen hilketa bati buruzkoak zirela; eta zuribiderik ez zuten gertaera batzuk azaltzen zituztela. Yllanesi esan zioten albisteak zuzentzeko eska zezakeela, baldin eta albisteek datu okerrak baldin bazituzten.

Ezezkoa ikusirik, Yllanesek helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu Yllanesen eskaerak. Auzitegiak, aurrena, neurtu egin du jokoan dauden eskubideen eta askatasunen garrantzia: adierazpen eta informazio askatasunena eta ahaztua izateko eskubidearena. Auzitegi Nazionalaren arabera, informazio eta adierazpen askatasuna gailendu egiten zaizkio ahaztua izateko eskubideari.

'NL hil zuen gizona'

Yllanesek, zehazki, Auzitegi Nazionalari eskatu zion behartu zezala Google haren izen-abizenen inizialei —Jose Diego Yllanes Bizkai— lotutako bilaketak blokeatzera: JDYV, JYVi eta JDY. Baita bilaketa zehatzago batzuk ere: NL hil zuen gizona eta NLren hiltzailea. Haren izen-abizenei lotutako datu hutsak dira lehenak; epaiketa batean frogatutako geratu diren ekintzei buruzko esamoldeak, besteak.

Auzitegi Nazionaleko Administraziorako Auzietako Lehen Aretoaren sententziak zehaztu du NL hil zuen gizona eta NLren hiltzailea ez direla Yllanesi buruzko informazio pertsonala, nahiz eta bilaketa horiek eginez gero, jakina, Yllanesi dagozkion ekintzetara bideratzen duten. Halako debeku bat ezartzeko, haren izen-abizenetan oinarritutako bilaketak izan beharko luketela gogoratu du auzitegiak.

Laffageren hilketak «oihartzun handia» izan zuela argudiatu du, eta batzuetan hilketa hori Iruñean gertatutako sexu askatasunaren kontrako beste delitu batzuekin lotu bada ere, «gizartean nazka berezia eragiten duten gertaerak» direla dio, interes orokorreko gisa har daitezkeenak». Egoera horretan, interes publikoaren eta internauten alde egin du, adierazpen askatasuna gailenduz.

«Ez da, beraz, informazio nabarmen zehaztugabea», jarraitu du Auzitegi Nazionalak. «Baldintza horietan, argi eta garbi dago informazio eskubidea gailendu behar dela, auzi-jartzaileak ez baitu frogarik aurkeztu albiste horietan agertzen den zehaztasun falta nabarmenaz». Albiste horietan Iruñean sanferminetan emakumeen kontra egin diren beste eraso batzuei buruzko iritziak agertzeak, «ez du zehaztasunik gabea bihurtzen informazio nagusia».

Yllanesi hirugarren gradua eman zioten 2017ko ekainean. Urte bereko abenduan jakin zen osasun klinika psikiatriko batean lan egiten zuela espetxetik ateratzen zenean, eta albisteak asaldura eragin zuen orduan. Madrilen eta Sevillan ziharduen klinika psikiatriko pribatu baten webgunean azaldu zen haren argazkia, taldeko gainerako langileekin. Gerora, utzi egin zion klinika horretan lan egiteari. 2020an bete zuen kartzela zigorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.