Didier Borotra Miarritzeko alkate ohi, senatari eta Departamendu kontseilari ohi zentrista zendu zen, atzo (Naoned, Bretainia, 1937ko abuztuaren 30a - Baiona, 2024ko abuztuaren 21a). 1991. urtetik 2014. urtera Miarritzeko (Lapurdi) alkate izan zen, 23 urtez. 87 urte betetzekoa zen hilabete bukaeran.
Aste amaieran agurtu zuen Borotrak Pierre Levai, bere haurtzaroko laguna eta arte bildumagile ezaguna. New Yorken hil zen uda bukaeran, eta familiak errautsak ekarri zituen Euskal Herrira. Agur horren ondoren bihotzeko bat jasan zuen alkate ohiak, eta atzo hil zen Baionako ospitalean, haren eraginez. Lau aldiz jarraian hautetsi zuten Miarritzeko alkate izateko.
Borotra ezaguna da agintean egin zituen urte guztiengatik, bai eta hirian eraiki zuen guztiagatik ere; turismoa eta kultura ere indartu zituen. 1991n Miarritzeko Herriko Etxeko bozak irabazi zituen Bernard Marie eskuindarraren parean —Michele Alliot-Marieren aita—, bigarren itzuliko koalizioa eginez Jakes Abeberri abertzalearen eta sozialisten zerrendekin. 2014 arte egon zen alkate. Bide batez, bera izan zen ezker abertzalea Miarritzeko udal gobernuan sartu zuen lehena.
Abeberrirekin eskuz esku, azpiegitura anitz bultzatu zituen hirian: dantza koreografia zentroa, mediateka, Irati azoka gunea, ikastola, euskal haurtzaindegia, Gau Eskola, elkarteen etxea, herriko kasinoaren eta biltzar jauregiaren berritzea. Atabal aretoa, gaztetxea. Urte osoko turismoa landu zuten, kultura jaialdi (dantza, zinema, ikus-entzunezko...) eta enpresa kongresuen bidez, besteak beste. Gaur egun ere egitarau zabala dute, eta nazioarteko jaialdien etxe dira, hala nola Le temps d'aimer la danse-rena edo Latinoamerikako Zinemaren eta Kulturen Miarritzeko Jaialdiarena. Eraikin historikoak babesteko eta horiei dagokien balioa emateko ahalegina ere egin zuen. Miarritze izan zen, adibidez, ondare babestuen gune bat ezartzen lehena.
Borotrak, baina, ez zuen bere ibilbide politikoa Miarritzen hasi. Aurrez, Frantziako Asanblearako hautagai izan zen 1968ko ekaineko eta 1973ko apirileko bozetan, Pirinio Atlantikoetako 4. barrutian. Era berean, Arbonako (Lapurdi) auzapez izan zen 1971tik 1977ra bitarte. Handik egin zuen Miarritzerako jauzia; hain zuzen, ordura arte alkate izandako Guy Petit ordezkatzeko helburuarekin. Lehen saiakera hartan, baina, Bernard Mariek irabazi zituen bozak. Udal politikatik haratago, BAM Baiona Angelu Miarritzeko hiri elkargoko buru egon zen, eta UDF alderdi zentristako senatari (1992-2011) eta Pirinio Atlantikoetako Departamendu kontseilari izan zen Borotra. Departamentuko Finantza, Informatika eta Ondare arduraduna ere izan zen, eta Akitaniako Kontseiluko kide 1986tik 1991ra.
Alkate izan zen aldiaren bukaeran auzipetu egin zuten, auto isunen inguruko iruzur afera batean: 30.000 euroko isuna ezarri zioten 2017an, 1991 eta 2014 artean 5.000 isun inguru ─asko zirkulaziokoak─ baliogabetzea egotzita. Prokuradorearen arabera, erabaki horiek 120.000 euroren galera eragin zioten Miarritzeko herriko etxeari. Epaiketan, baina, Borotrak ez zuen haren kontrako salaketa onartu, eta argudiatu zuen zailtasun handiak dituzten jendeei laguntza emateagatik baliogabetu zituela isunak.
Porrota izan zuen Ozeanoaren Hiriarekin ere, kosta egin baitzitzaion ekonomikoki mantentzea. Palais hotelean ere ez zituen egin beharreko diru-inbertsioak egin, eta bere hurrengoei utzi zien bertako arazoak konpontzeko lana.
Euskal gatazkari dagokionez, Lizarra-Garaziren garaian ETAk emaniko menia «bortizkeriari aterabidea atzemateko aukera» gisa baliatu behar zela uste zuen, eta testuinguru hartan euskal presoak hurbiltzearen alde azaldu zen, «gizarteak eskertuko duen keinua» izango litzatekeelako.
Erreakzio kate luzea
Michel Veunac, auzapez gisa Borotraren segida hartu zuen auzapez ohia omenezko hitzekin mintzatu da Sud Ouest egunkarian: «Nahigabe sakona sentitzen dut hainbeste urtez haren ondoan egonik, hainbeste oroitzapenekin. Miarritzen auzapez biziki handia izan da. Abilezia politiko handikoa izan da zituen balioei uko egin gabe, inoiz. Ikusmolde guztiz ezberdineko jendeen arteko aliantzen egiteko dohaina izan du. Bazuen ikuspegi bat bere hiriarentzat. Zuen abileziarekin, diplomaziarako jeinu harrigarriari esker, helburuak betetzera heltzen zen, diru laguntzak erdiesten zituen». Veunac, Borotraren auzapezorde aritu zen 1991tik 2014ra, eta Miarritzeko auzapez 2014tik 2020ra, kargua galdu arte Maider Aroztegiren mesedetan.
Guy Lafite sozialista ere Borotraren axuant egon zen. Hark ere laudatu du Sud Ouest-en: Borotrak «Bernard Mariren aldia geldiarazi zuen; Miarritzeren eta haren irudiaren gainbehera izan zen aldi hura. Lau kargualditan hiria eraldatu zuen, bereziki turismoari esker. Hura gabe, hiriko ondareak hondatzen jarraituko zuen. Gizon interesgarria eta argia zen. Pertsonalitate ororen gisan, bere argi-itzalak bazituen. Isunen auzia bigarren mailakoa da egindakoaren aldoan».
X sarean ere mezuak zabaldu dira. Max Brisson senataria, «harri eta belarri» gelditu dela onartu du Borotra hil zela jakin ondotik. Haren axuanta izan zen Brisson hamalau urtez eta, lehen axuant sei urtez. Sostengatu, estimatu, maitatu eta batzuetan gorrotatu duen arren, Miarritzeren etorkizunaz ohiz kanpoko ikuspegia zuela gaineratu du.
Je viens d’apprendre la mort de Didier Borotra, Maire de Biarritz de 1991 à 2014 et Sénateur de 1992 à 2011. Cette nuit au moment où j’écris ces lignes, je suis abasourdi de cette terrible et si subite nouvelle. J’ai été son adjoint durant 14 ans, son premier adjoint pendant 6… pic.twitter.com/yUMMBu3U9T
— Max Brisson (@max_brisson) August 21, 2024
Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak erran du Borotra «estratega» eta «eraikitzaile fina» zela, Miarritze «modernotasunean» sartu zuen alkatea. Colette Capdevielle diputatuak adierazi duenez, «nazioarteko Miarritze» pasioz eraiki zuen pertsona izan zen Borotra. Haren hitzetan, Miarritzek alkate handi bat galdu du.
Didier Borotra nous a quittés. Maire visionnaire de Biarritz, il laisse l’image d’un fin stratège et d’un bâtisseur qui aura fait entrer la Cité impériale dans la modernité. À son épouse, ses enfants et ses proches, toute notre affection et notre amical soutien.
— Jean-René Etchegaray (@JreneEtchegaray) August 22, 2024
Guillaume Barucq zinegotziak ere eraikitzaile gisa oroituko du Borotra: «Alkate eraikitzailea zen. Jakin zuen hiria modernotasunean sartzen haren arima babestuz. Aholku oneko pertsona izanik, sostengatzaile handia izan zen itsasbazterreko Sport Sante zentroa eraikitzeko».
Maddi Ane Txoperena BERRIAko kazetariak 2015ean Jakes Abeberri zenari egin zion elkarrizketa batean, Abeberrik hala aipatu zuen Borotrarekiko elkarlana: «Elkarrekin lortu genuen gehiengoa, negoziatutako programa batean. Hogei urtez egon gara elkarrekin, erranak betez: ikastola eraiki, gaztetxea, haurtzaindegia, seinale elebidunak, gau eskolaren egoitza... Elkarri leial izan gatzaizkio: erabakitzen genuen oro negoziatzen genuen, lan zehatzetan. Aski eredugarria izan da».