Kultura zientifikoa sustatzea dute xede CAF-Elhuyar sariek. Horretarako, gai zientifikoak eta teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaileen, ikertzaileen eta sortzaileen lanari egiten diote aitortza, eta atzo jakinarazi zituzten sarien irabazleak, Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. Orotara, sei pertsona saritu zituzten: Ane Portillo, Amaiur Esnaola, Jon Villapun, Jon Goikouria eta Maider Ibañez eta Fatima Villa. Horiez gain, Arantzazu Luzarragak sorkuntza beka jaso zuen, eta Elhuyarren sortzaileei edo haien senideei CAF-Elhuyar merezimendu saria eman zieten.
Sarituak oholtzan, eta aurrean publiko ugari haiei so. Legedi berriari jarraikiz, maskararik gabe gehien-gehienak. Bertan izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua.
CAF-Elhuyar sariketa Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak lelopean egin dute. Ane Portillorentzat izan da dibulgazio artikulu orokorraren saria, Emakumeen libidoaren heriotza: Epaiketa garaia izeneko artikuluarengatik. Hiru arrazoi nagusirengatik eman diote: aukeratutako gaia ez delako ohikoa, artikuluaren narratiba «oso originala» delako eta irudi batzuk egileak berariaz sortuak izateak «balio handiagoa» ematen diolako. Portillok azaldu duenez, ikertu du ea hormona bidezko antisorgailuek izan dezaketen eraginik «libidoaren heriotzan». Ikerketaren aldeko aldarria egiteko ere baliatu du sari banaketa ekitaldia.
Doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren kategorian, Amaiur Esnaola izan da garaile. Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan lana saritu dute epaimahaikideek, «artikuluak ondo biltzen dituelako ikerketa eta ondorioak». Halaber, nabarmendu dute «modu atsegin eta erakargarrian» idatzita dagoela, «idazketa egokiarekin» eta argazkiek «balio erantsia» ematen diotela.
Aldiz, hiru irabazle izan ditu zientzia kazetaritzako sariak: Jon Villapun, Jon Goikouria eta Maider Iban?ez. Geuria aldizkarian argitaratutako Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak lanagatik jaso dute saria. Epaimahaiaren esanetan, «sakona bezain atsegina» da. Eta badu xede bat ere: «Ondo betetzen du bere helburua; alegia, gure inguruan ditugun altxorrak deskribatuz haienganako kezka piztea eta haiek kontserbatzeko premia nabarmentzea».
Lehen sektoreko lanak ere saritu dituzte, Neiker saria emanez. Fatima Villak eskuratu du Zer diotso sagarrak jogurtari? lanarekin. Hauxe epaimahaiak eman duen argudioa: «Xahuketaren gaiari heltzen dio, eta, alde horretatik, gaur egungo behar bati erantzuten dio. Digitalizazioan oinarritzen da, eta kate osoa hartzen du kontuan. Didaktikoa da, ondo idatzita dago». Eta aurrera begira dagoela: «Etorkizunerako proposamen gisa planteatzen du, baina egingarria da; aplikagarritasun handia du». Saritu guztiek 2.000 euro eta Imanol Andonegiren eskultura bana eskuratu dituzte.
Antropozenoaren aztarnak
Sariekin batera, sorkuntza beka ere eman dute, 5.000 eurokoa, zientziaren eta gizartearen arteko zubi lana egiten duen proiektuak bultzatzeko. Arantzazu Luzarragarentzat izan da, Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektua garatu eta gizartera zabal dezan. Epaimahaikideek iritzi diote gaurkotasuneko gai bat lantzen duela, eta, aldi berean, «proiektu originala» dela: «Gai zientifiko batetik abiatuta, sorkuntza lan erakargarria proposatzen du. Gainera, sakon eta xehe azaltzen du nolakoa izango den prozesua; horrek egingarritasuna bermatzen du».
Amaitzeko, Elhuyar Fundazioaren patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu saria banatu du, euskararen normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzen dituena. Aurten Elhuyarren 50. urteurrena izaki, haren sortzaileentzat izan da. In?akiAzkunek, Felix Azpirozek, Juanjo Gabin?ak, Jesus Mari Gon?ik, Andoni Sagarnak, Mikel Zalbidek, Luis Mari Bandresen alargun Maite Moneok etaKepa Zalbideren alaba Uxue Zalbidek jaso dute aitortza.
Azpirozek hartu du hitza taldearen izenean. Azaldu du behar batetik, hutsune batetik abiatu zutela Elhuyar, eta izandako bikaera goretsi du: «Gaur Elhuyar ikustea izugarria da guretzat».
Dibulgazio artikulu orokorraren CAF-Elhuyar saria Ane Portillok jaso du
Merezimendu saria Elhuyarren sortzaileentzat izan da, martxan jarri zutenetik 50 urte igaro direnean. Sorkuntza beka eman diote Arantzazu Luzarragari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu