Iban Arregi. BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria

«Dibertsifikazioa izango da diru sarrerak handitzeko bidea»

«Lasai, baina proiektuak duen garrantziaz jakitun». Hala hartu du BERRIA Taldearen kontseilari ordezkari kargua Iban Arregik. Hamasei urte daramatza euskarazko kazetaritzan. Joanmari Larrartek egin moduan, taldelana izango du oinarri.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Andoain
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Astebete igaro da Iban Arregik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1975) BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari kargua hartu zuenetik. Erronkak ez zaizkio falta, kazetak makina bat lan baitu esku artean: webgunearen berrikuntza, BERRIAlaguna egitasmoa sendotzea, diru sarrerak handitzea...

Nola hartu duzu izendapena?

Ardura handiarekin hartu dut, proiektu hau inportantea baita herriarentzat, euskalgintzarentzat eta hizkuntz normalizazioarentzat. Hemen lan egiten dugun guztiak jakitun gara horretaz. Ilusio handiarekin ere hartu dut. Hamasei urte daramatzat hemen lanean, eta prozesu natural bat izan da hona iristea. Egindako lanari aitortza bat egin zaiola ere pentsatu nahi dut, eta poza ematen du. Lehen egunak izan arren, lasai nagoela esan dezaket. Lantalde oso bat dago martxan, bere funtzio, lan, zeregin eta arduradunekin. Ondo egiten duenari ondo egiten uztea bezalakorik ez dago.

Hamasei urte daramatzazu proiektuan lanean. Ezagutza horrek lagunduko dizula uste duzu?

Horrelako erabakiguneetan oso garrantzitsua da behekoa ezagutzea. Ni erredakziotik nator, eta hedabideen mundu hori gehiago edo gutxiago ezagutzen dut. Beste alor batzuk gutxiago ezagutzen ditut. Baina batez ere lantaldea ezagutzeak balioko dit.

Nola egin nahi duzu lan?

Lan egin dudan leku guztietan taldean lan egin dut. Joanmarik [Larrarte] ere hala egin du. Proiektu hauetan arduradunak egon behar dute, eta une jakin batzuetan batzuei tokatzen zaigu aurpegia ematea. Baina talde baten ordezkari gara.

Zein aholku eman dizu Larrartek?

Errespetuz hartzeko kargua eta dagokion garrantzia emateko. Lasai egoteko ere esan dit.

Zein erronkari heldu beharko diozu lehen egunetan?

Kontseilari ordezkariaren kargu aldaketa BERRIAren hamargarren urteurrenaren bueltan egindako zerbait izan da, baina aurreikusita zegoen. Erabakita zegoen Joxan Lizarribarrek lehendakari kargua utziko zuela, eta Joanmari Larrartek kontseilari ordezkari kargua. Beraz, jada martxan dauden egitasmo eta kudeaketa plan bat aurrera eramatea izango dira hasierako nire eginkizun nagusiak. Bi kasuetan ildo nagusiak ondo identifikatuta daude. Batetik, hedabideen alorrean, berritze prozesu batean gaude murgilduta. Bestetik, diru sarreren eta salmenten alorrean, publizitatean dugun egoera zailari nola buelta eman aztertzen ari gara. Hor daude harpidetzak eta BERRIAlagunen komunitatearen alde egin dugun apustua ere. Azkenik, euskarazko hedabideen arteko elkarlana eta harremana saretzeko alorra egongo litzateke. Hekimenen gauzatu da hori.

Hekimenen BERRIA Taldearen ordezkaria izan zara. Nolakoa izan da prozesua?

Prozesua ez da erraza izan. Denbora aldetik kostatu da, bakoitzak gure izaera eta errealitatea dugulako. Baina oso esperientzia aberasgarria da. Dagoeneko sortuta dago, eta erronka batzuei heldu die poliki-poliki. Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin, adibidez, harremanetan ari gara diru laguntza politikaren inguruan hausnartzeko. Euskarazko hedabideen behatoki bat sortzeko lanean ere ari gara.

Euskarazko hedabideentzako diru laguntzak mantendu egin ditu aurten Eusko Jaurlaritzak. Hekimenen lanak izan al du zerikusirik horretan?

Horrelako egoeretan sozializazio eta kontzientziazio lanak beti du eragina. Alde horretatik, Hekimenek marra gorriak nabarmentzeko lan handia egin du. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako nahiz Bizkaiko foru aldundiak aitortu dute hori. Aitortu dute sektore honek ezin duela marra gorri horietatik behera joan. Garrantzitsua iruditzen zaigu mantentzea. Baina ez da nahikoa. Sektorea oso larri dago, eta etorkizun zaila dauka. Inbertsio beharrak dauzka, antolakuntzaren zein berrikuntzaren alorretan. Sustapenerako eta hedapenerako beharrak ere baditu. Sektorean inbertitzeko momentua da.

Diru sarrerak handitzea aipatu duzu luze gabeko helburuen artean. Nola lor daiteke hori?

Argi dago ez dela erraza. Historikoki hiru diru sarrera iturri nagusi izan ditugu: publizitatea, harpidetza salmenta eta diru laguntza publikoak. Diru sarrera horiek dibertsifikatu beharra ikusi genuen orain bi urte. Uste dugu etorkizuna ere hortik joan daitekeela. Horrekin batera, BERRIAlaguna komunitatearen alde egin dugun apustua dago. Ondo funtzionatzen ari da, eta uste dugu asmatu dugula bide horretan. Baina sakondu beharra dago. Berritzaileak eta dinamikoak izan behar dugu: adibidez, publizitate eskaintza bezeroaren beharretara egokituz. Fidelitate handiagoa lortzeak izan behar du xedea. BERRIAlaguna egitasmoarekin ere horretan saiatzen ari gara. Ikusi behar da baita ere zertan ari diren besteak. Etxe barruan badago jendea horri begira. Beti ere jakinda gure sektorea ez ezik merkatu guztia dagoela geldirik eta gain behera. Gure filtroak ere jarri behar ditugu, bai komunitatearena bai hizkuntzarena.

Sareko zein papereko eskaintza berritzeko lana aipatu duzu. Hor ezin du etenik egon, ezta?

Ez. Are gutxiago azken hamar urteetan teknologia berrien alorrean eman den bilakaera kontuan hartuta. Duela hamar urte pentsaezina zen edukiak sakelako telefonora egokitu beharko genituenik.Orain, webgunera ditugun bisiten %20 inguru telefonotik datoz. Gakoa izango da gaitasuna izatea aldaketa horietara ahalik eta azkarren eta arinen egokitzeko. Ahaztu gabe, BERRIAren funtzio garrantzitsuena kalitatezkoa eta plurala den kazetaritza bat egitea dela.

Nola uztartu hori papereko eskaintzarekin?

Osagarri eginez. Etxe barruan hausnarketa bat egiten ari gara. Oraindik ez dugu ondoriorik. Baina paperak funtzio bat dauka, eta oraindik erreferente da. Paperak, gainera, kazetaritza egiteko eta erakusteko modu pausatu eta onak ematen ditu.

Zein mezu eman nahi diezu BERRIA posible egiten dutenei?

Gu prest gaudela emateko eta haien laguntza beharko dugula aurrera egiteko. Egunkaria sortu zenean erantzun zuten, BERRIA martxan jartzeko prozesuan lagundu zuten, eta orain ere, BERRIAlaguna egitasmoaren inguruan, erantzuten ari dira.

Kargua uztean nola gustatuko litzaizuke egotea proiektua?

Bizirik, dituen helburuak betetzeko bidean egotea. Gainera, jende gehiagora iritsiko bagina, eta eraginkortasun handiagoa izango bagenu, are hobeto.

Elkarrizketaren bideoa BERRIAren webgunean: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.