Pertsonak aldatu gara eta gure ideiak aldatu egin dira, baina, oinarrian, ditugun kezkak berberak dira». Hala aitortu dio berripaper honi Kepa Aulestiak, PSErekin batu aurretik Euskadiko Ezkerrak (EE) izan zuen azken idazkari nagusiak. Alderdi berean kide izan zituen Xabier Gurrutxaga eta Ramon Etxezarreta. Gurrutxagak utzia dauka politikagintza, analista gisa gertutik erreparatzen dion arren Euskal Herriko egoerari, eta Etxezarretak PSE-EEko militantea da oraindik, ardura kargurik ez duen arren. Biek ala biek ondo gogoratzen dituzte orduko eztabaida «amaigabeak» ezkerrak izan beharko lukeenari buruz. Identitateaz, autodeterminazio eskubideaz, indarkeriaz... Eztabaida horietan zaildutakoa da Antton Karrera ere. LKI Liga Komunista Iraultzaileko kide, 70eko eta 80ko hamarkada hasieran, eta Ezker Batuko kide izan zen, eta Ezker Anitzako militante historikoa orain. Aulestiak gogoko du esatea abertzaletasunaren «ortodoxiatik heterodoxiarako» bidea egin zuela berak, eta hark bezala, abertzalea —euskal abertzalea— ez den ezkerra sendotzen lagundu zutenek. Denek ez dute berdin pentsatzen. Eboluzioak eboluzio, orduko eztabaidek arrasto sakona utzi dute laurengan.
Horiek gogoratzeko eta azken hauteskunde zikloaren ondoren ezkerreko sektore horretan izan diren aldaketak aztertzeko, lau militante historiko horiekin izan da BERRIA. Iraganari buruz galdetu die, baina etorkizunera begira jarri dira batik bat. Bat datoz diagnostikoan, baina geroari buruz zalantza gehiago agertu dituzte, batez ere alderdi sozialistaren kasuan. Atzera-aurrera horretan ondoriorik atera dute: egungo krisiak ez du antzik azken 30 urteetan izandakoekin.
Ezkerreko alderdiek, sozialdemokratek bereziki, «erreferenteak» galdu dituztela diote EEko kide ohiek. «Irtenbide zaila dauka egoerak, gainerako ezker europarrak bezain zaila gutxienez. Alemaniako sozialdemokrazia eskuinarekin gobernuan egoteak ia erreferenterik gabe utzi gaitu, erreferente politikorik gabe eta erreferente intelektualik gabe», azpimarratu du Etxezarretak. Funtsean, eta Aulestiaren arabera, PSOE izan da ezkerreko sektore horretako alderdi hegemonikoa Hego Euskal Herrian. «Hori izan da erreferentea hemen. Baina krisi sakon batean dago, eta irteerarik ez da nabari». Horrek, batzuen arabera, aukera berriak ekar ditzake. Hala uste du, behintzat, Karrerak. Beste batzuentzat, aldiz, gertatuak gertatu, PSE-EE oraindik ere izango da alderdi nagusia sektore horretan. Baina nola? Saiatu dira modua bilatzen, baina ez dira ados jarri.
Ohitura zaharrei eutsiz, diagnostikoa egin dute aurrena. Alderdi sozialistaren gainbehera da, denek azpimarratu dutenez, azken hauteskunde zikloko nobedade nagusia. 2009tik 12 puntuko jaitsiera izan du. Baina azken 30 urteotako batez bestekotik 3 puntu azpitik dago gaur egun. Egun dagoen baino okerrago egon den arren, PSE-EEk ez du halako krisirik inoiz izan, ez behintzat lau mintzaideen arabera. «PSEk beti erakutsi du iraunarazteko gaitasun oso handia duela, sustrai sendoak dituela Euskadin. GALen garaian, adibidez, PSOEk zigor handiagoa jaso zuen Espainian hemen baino. Baina orain ez du eusteko gaitasunik erakusten, eta ez dut uste Patxi Lopezen eta PSEren egungo agintarien errua denik hori: zerbait sakonago dago hor».
Hori guztia azaldu ahal izateko ezinbestekotzat du Aulestiak krisialdi ekonomikoarekin lotzea sozialisten gainbehera. «Demokrazian gaudenetik ez da inoiz izan halako krisirik eta horrek astindu egin du politikagintza. Krisi honek ez du erreferenterik, eta erreferenterik gabeko hauteskunde emaitzak ekarri ditu, alderdi sozialistan bereziki». Antzera pentsatzen du Etxezarretak ere. Uste du aspalditik garai «kontserbadore» batean bizi garela eta hortik ezin atera dabilela alderdia. «Tamainan antzeko krisirik ez du inoiz bizi alderdi sozialistak. Eskuinetik zenbat eta gertuago agertu, orduan eta emaitza txarragoak. Kontserbadurismoak, ezer aldatzeko borondate nagi eta beldurtiak, galdu du oraingoan». Horri buelta emateko alderdiak bere oinarriak berreskuratu behar dituela uste du.
Iritzi berekoa da Gurrutxaga, eta krisialdi ekonomikoari aurre egiteko alderdiak agertu duen «ezintasuna» azpimarratu du hark ere. 30 urte atzera egin du arrazoien bila. «Ezkerrak oraindik ez du erabat gainditu 80ko hamarkadan izan zuen krisia; Sobiet Batasunaren desagertzearekin umezurtz geratu zen, eta oraindik ez ditu guztiz itxi orduko zauriak».
«100 urte dituen alderdi batentzat oso zaila da gaur egun horrelako kolpe bat jasotzea eta horri buelta ematea», dio Aulestiak. «Aparatuaren alderdia bihurtu da PSE. Espainia osoan bezala. Demagogikoa irudi dezake, baina gertatu dena da herritarrengandik urrundu dela alderdia. Eredurik ez duela eskuinari aurre egiteko. Arazoa da PSOEren sozialdemokrazia beste batzuek ere egin dezaketela: EAJk, adibidez. Ez dagoela aldea, beraz». Antzeko iritzia dauka Gurrutxagak: «Hori gertatu zaio Europako sozialdemokrazia ia guztiari, gainera. Bide propiorik ez duela. Gobernuan dagoenean ikusten ditu politikaren mugak; konturatzen da gobernuan egotea ez dela nahikoa aurrera eraman nahi dituen egitasmoak aurrera ateratzeko». Horrekin lotuta gizarte mugimenduekin bat egin behar dela uste du Etxezarretak, eta barne demokrazian sakondu: «Politika deskreditu bete-betean dago, eta alderdiari eta karguei ez zaie inolako kritikotasunik ikusi deskreditu giro horretan iraun nahi izatetik harantz. Jendeak bere alde egingo duten politikariak nahi ditu, ez bere bizkar biziko direnak. Eta gainera populismoen eta kontserbadoreen txanda dela dirudi Europan».
Zaharra, «hilzorian»
Hori guztia entzunda, Karrerak uste du zahartuta ez, «hilzorian» dagoela alderdi sozialista, eta aukera bakarra duela bizirik irauteko. «Eskuinarekin, trantsizioan egin zuen bezala. Bizirik jarraitu nahi badu, hori du irtenbidea. Horixe bera esan berri du Felipe Gonzalezek, eta esan duen unea ez da kasualitatea». Espainiako erregearen abdikazioa ekarri du gogora Karrerak. Baita Etxezarretak aurretik gogoratu duen Alemaniako sozialdemokraten kasua ere. «Botere ekonomikoak behartu ditu kontserbadoreekin bat egitera. Gauza bera egingo dute hemengoek».
Ezker Anitzako kidea da irmoen mintzatzen dena alderdi sozialistaren krisiari buruz. Konponbiderik ez duela dio. Uste du, beraz, alderdi horren ezkerrean daudenen alderdien garaia dela. Sinetsita dago aurrea hartuko diola. «Belaunaldi aldaketaren» metafora erabili du hori irudikatzeko.
Karrerak ez du bere burua ikusten eguneroko politikagintzan. Uste du, gainera, gazteek berritu egin dutela ezkerra, iraganeko diskurtso eta leloak biziberritu dituztela, eta hori behar zela, hein handi batean. Haiengan dauka esperantza. «Benetako trantsizio bat egiteko aukera paregabea dugu ezkerreko alderdiek», azpimarratu du. «Franco hil ondoren baino gehiago. Orduan, hainbat gauza onartu behar izan genituen, orduko beldurrengatik, gentozen egoeratik gentozelako. Orain, askeago da ezkerra», azpimarratu du.
Alderdi sozialista ez beste indar ezkertiarren arteko elkarlana defendatu du Karrerak. «Sozialistak baino gehiago gara», dio baikor. Uste du, gainera, Espainian bezala Hego Euskal Herria ere badagoela aukerarik horretarako. «Hasi gara hitz egiten datozen udal eta foru hauteskundeei begira, Equorekin, Podemosekin. Eta ziur naiz egingo dugula».
Diskurtsoa berritu behar dela uste duen arren, Karrerak heltzen dio oraindik ere iraganeko kontzeptuei: langile klaseari, adibidez. «Iruzur handi bat sinetsarazi nahi izan digute: langile klaserik ez dagoela, langile borrokarik ez dagoela». Hark uste du, krisialdi ekonomikoak gizartea «esnarazi» egin duela eta hein handi batean, horren eragina alderdi sozialistak sumatu duela gehien. «PSE ez da ezkerreko alderdi bat, baina bere boto-emaile gehienak langile klasekoak dira».
Erabakitzeko eskubidea
Ezkerreko alderdien elkarlanaren aldekoa da Karrera, «baita ezker abertzalearekin ere». Uste du gaur egun bi gaik dutela «zentraltasuna» Espainiako eta Euskal Herriko politikagintzan: krisialdi ekonomikoak eta «estatuaren antolaketa ereduak»: «erabakitzeko eskubidearen arazoak». «Horretan ere akordioa dute PSOEk eta PPk urrats bat bera ere ez egiteko», salatu du.
Haren irudiko, bere burua euskal abertzaletzat ez duen ezker horrek «derrigor» eta «argiago» egin beharko luke bat Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearekin. «Demokraziaz hitz egiten ari garelako. Erabakitzeko eskubidea oinarrizkoa da, alderdi gisa guztiok defendatu behar duguna. Beste kontu bat da independentzia nahi izatea edo ez. Hori norbanakoek erabaki dezatela».
Gurrutxagaren iritzian ere «krisian» dago Espainiako Estaturen lurralde antolamendua, eta Euskal Herriko sozialistek ez dute arazo horri erantzun bat ematen asmatu. «Mugak azaldu dira, eta PSEk ordezkatzen duen ezkerrak ez dauka autonomien estaturik harago beste alternatibarik. Horrek irudikatzen du ezina, eta proiektu baten amaitze puntua». Gurrutxagak uste du Madrilekiko «menpekotasuna» apurtu beharko lukeela PSE-EEk. «Eredu jakobinoa amaitu behar du. Sakontze demokratiko bat behar du, barrutik hasi eta bere ideietaraino». Hortik, soilik, aurki dezake «arazo nazionalarentzako» erantzun bat.
Aulestiak, haatik, ez du uste arazoaren konponbidea etorriko denik erabakitzeko eskubidea onartuta. «Alderdiak alde batera utzi beharko lukeen eztabaida bat da hori». EEko buruzagi ohiak uste du alderdi abertzaleek sozialistak «nahasi» nahi dituztela «kontu horrekin». Baina uste du abertzaleak ere ez direla oso serio ari horren defentsan. «EAJk alde batera utzia dauka eta Bildu ere ez da asko estutzen ari». Aulestiak uste du abertzaleen aurrean «akonplexatuta» agertzen dela PSE-EE. «Euskaldunak ez ote garen betiko kontu hori». Gogoratu du, baina, EEren fusioa egin zenean «antzeko gauzak» esaten zirela. Eta pentsatzen zela «baskismoaren» bidetik konponduko zirela PSEren arazoak. «Baina fusioak ez zuen ezertarako balio izan, ez elektoralki ez sakonki», azpimarratu du.
Etxezarretarentzat ere sozialistek ez lukete sartu behar erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidan; ez behintzat orain. «Erabakitzeko eskubidearen kontu horiek zenbait nazionalistaren kontuak dira». «Eskubide horren alde agertu diren alderdietan serio kontatzen duten bakarrak, errespetu guztiarekin esanda, nazionalistak dira, besteek aski dute sozialisten alternatiba direla adieraziz hankatxoa erakustearekin.». Etxezarretaren iritzian, gainera, orain PSE-EEri ez lioke mesede egingo alde azaltzea. «Ez dut uste emaitzetan eragin handia izan dezakeenik». PSE-EEkoak uste du aurrena bere lekua aurkitu behar duela ezkerreko sektore horretan. «Sinesgarritasuna galduta badauka, alferrik joko ditu erabaki eskubidearen kanpaiak; gizartea ez da tontoa ez eta Euskal Herrian ere».
Ezkerreko alderdi 'ez abertzaleak' Hego Euskal Herrian
Dibanean etzanda
Hego Euskal Herrian, azken hauteskunde zikloak berretsi egin du alderdi sozialistaren gainbehera eta alderdi txikien indartzea. Antzeko egoerak izan dira aurretik, baina PSE-EEn eta ezkerreko mugimendu 'ez abertzaleetan' parte hartu duten militante historikoen iritziz, «parekorik ez» du gaur egungoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu