Udal eta foru hauteskundeak

Diazek lan erreformaren balioa goretsi du Donostian

Espainiako Lan ministroak Elkarrekin Podemosen hautagaitzak babestu ditu, eta «luzerako begirada» baten beharra defendatu du

Elkarrekin Podemosek atzo Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldia. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Ahal Dugu-ren eta espektro politiko bereko gainerako taldeen lorpenetako bat izan da Hego Euskal Herrianudal eta foru bozetara boto paper berean aurkeztea, EP Elkarrekin Podemos izenpean. Horrek lanak erraztu dizkio Espainiako ezkerreko taldeen gidaritza hartu nahi duenari, Yolanda Diaz Lan ministroari. Ahal Dugu-ko, Ezker Anitza-IUko, Equoko eta Aliantza Berdeko kideen begiradapean hartu du hitza Tabakaleran egindako ekitaldian. «Ohore bat da Euskadiko hauteskunde kanpainan lagundu ahal izatea».

Taula gainean, Sumarreko buruak beste bost emakume izan ditu alboan; tartean, Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido, EPren Gipuzkoako ahaldungai Miren Etxebeste eta Eusko Legebiltzarreko eledun Miren Gorrotxategi. Hirurek adierazi diote esker ona Diazi, eta hirurek azpimarratu dute ekitaldiko gai nagusi bilakatu dena: iazko lan erreforma.

Izan ere, Lan ministroak arlo ekonomikoan egin du indar: pandemia garaiko aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak, gutxieneko soldataren igoera eta lan erreforma. EH Bilduri eta batez ere EAJri leporatu die ez dela «defendagarria» erreformaren kontra egin izana, eta argudiatu du haren eraginez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako behin-behinekotasun tasa Europako batez bestekoaren azpitik kokatu dela.

Arlo ekonomikoa alde batera utzita, «luzerako begirada» bat defendatu du Diazek. Garridoren esanetan, berriz, begiradak «zabala» eta «irekia» ere izan behar du. Hark Bernardo Atxaga idazle eta Sumarreko Kultura koordinatzailearen hitzak bere egin ditubehar hori zehazteko: «Euskal errealitateari begirada berri batekin eta begirada sortzailearekin begiratu behar zaio; guztiok lehen mailako herritarrak izango garen Euskal Hiriaren alde borrokatu behar dugu».

Horrek «aldaketa bat» eskatzen du, Gorrotxategiren hitzetan; EAJ gobernuetatik kenduko duen «aldaketa positibo bat»: «Gaur egun gobernatzen gaituztenak adituak dira zaborra opari paperean saltzen. Interes gatazkak, ate birakariak... Hori aldatu egin behar da». Are gehiago, mugimendu hori «ezker eraldatzailearen» gidaritzapean egin beharra adierazi du.

Hizkuntza eskakizunak

Hautagaia bera izaki, Etxebesteren hitzaldia udal eta aldundietan hartu beharreko neurrietan zentratu da, eta bi alor azpimarratu ditu: berdintasuna eta euskara. Berdintasunari dagokionez, zaintza eredu berri baten aldeko apustua babestu du, eta esan du «feminismoaren eskutik» egingo dela, «eredu merkantilista» baztertuta.

Politika linguistikoak hizpide, Etxebestek eskatu du «hizkuntza eskakizunetan oinarritutako» eredua gainditzeko: «Hizkuntza eskakizunek gauza positibo asko ekarri dituzte, baina baita zuzendu beharreko nahi gabeko ondorioak ere, gizarte desberdintasunik sor ez dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.