PSOEk eta Sumarrek nabarmen mugatu dute Diazek iragarritako akordioa, 'mozal legea' «indargabetzekoa»

Santiagok adierazi du 'mozal legearen' artikulu bat moldatzea adostu dutela, eta Alegriak erantzun du irain delituen ingurukoa dela akordioaren muina. Sanchezek bihar emango ditu azalpenak.

'Mozal legearen' kontrako protesta bat, artxiboko irudi batean. ELOY ALONSO / EFE
'Mozal legearen' kontrako protesta bat, artxiboko irudi batean. ELOY ALONSO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko uztailaren 16a
10:35
Entzun

Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde Yolanda Diazek adierazi du PSOEk eta Sumarrek akordio bat lortu dutela mozal legea «indargabetzeko» eta «kazetaritza jardunean kode deontologikoa urratzen dutenei diru laguntza eta finantzaketa publikoa ukatzeko». Halere, Sumarreko zein PSOEko kideek erantzun dute adostutako erreformaren eragina nabarmen txikiagoa dela; zehazki, Herritarren Segurtasunerako Legearen artikulu bati eragingo lioke, Sumarren arabera.

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek haren emazte Begoña Gomezen aurkako auzi judizialen harira hartutako bost eguneko hausnarketa epearen ostean iragarri zuen «biziberritze demokratikorako» neurriak hartuko zituela datozen hilabeteetan. Orain arte, baina, kexu zen aferen inguruan hartutako neurri bakarra izan delako PPrekin CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko eginiko akordioa. Halere, Sanchezek berak Kongresuan hitza hartzeko eskaera egin du, eta bihar goizean da hitz egitekoa. Hain zuzen, hitzaldian, Europar Kontseiluaren azken erabakiak eta «Demokraziaren Aldeko Planaren oinarrizko ildoak» jorratuko ditu.

Diazen esanetan, ildo horietako bat mozal legea «indargabetzeko» asmoz Sumarrek eta PSOEk adostutako ituna litzateke, eta beste bat, publizitate instituzionala arautzeko legea. Halere, presidenteordeak ez du eman aferaren inguruko xehetasunik; soil-soilik esan du «irainei, askatasun publikoei eta erregeari irainei» lotutako delituei eragingo diela, eta «sasikazetarien» aurka ere egingo duela.

Ondoren, Sumarreko eta IUko kide Enrique Santiagok garatu du, eta aldatuko diren puntu jakin batzuk soilik aipatu ditu. Zehaztu du bi aldeek Zigor Kodearen erreforma bat adostu dutela, sentimendu erlijiosoen kontrako adierazpen zein erregearen eta estatuko instituzioen kontrako irain delituak indargabetzeko. Era berean, kazetarien informatzeko eskubidea bermatzeko ere aldaketa bat iragarri du: «Gure xedea da kazetariek polizia operazio bat jorratzean euren lana egiteagatik jaso ditzaketen isunak amaitzea». Hain zuzen, iragarritakoen artean, hori da mozal legean egingo litzatekeen moldaketa bakarra, eta xede du eragoztea irudiak hartzeagatik eta horiek zabaltze hutsagatik zigortzea.

Horiekin batera, ohorerako eskubideari dagokionez, lege aldaketa bat sustatuko dute «erreparazio publikoa» kontuan hartzeko: «Ezin dira onartu epaiketa batean amaitzen ez diren ustezko instrukzio judizialak». Santiagok azaldu du sarri bidean geratzen direla halako auziak, ez dagoelako «frogarik», baina denboran luzatzen direla «eragin politiko baten» mesedetan: «Lidergo politiko, sozial eta sindikalen kaltegarri». Ez du zehaztu zein izango diren horretarako erabiliko diren mekanismoak, baina argitu du xedea dela hedabideek auzibideari eman dioten garrantzia bera ematea auzi horien itxierari ere.

Ministro Kontseiluaren ostean, kazetarien galderei erantzunez, Pilar Alegria Espainiako Gobernuko eledunak berretsi du mozal legea moldatzeko negoziatu dutela PSOEk eta Sumarrek, baina hark ere nabarmendu du akordioa irain delituetara mugatzen dela. Beraz, ez du bat egin Diazek legea «indargabetzeaz» egindako adierazpenarekin. Era berean, Alegriak zehaztu du bi aldeek adostutakoa gainerako talde parlamentarioei aurkeztu beharko dietela, eta haien proposamenak entzun.

Hain zuzen, EAJ da legea erreformatzeko proposamena behin eta berriz aurkeztu duen alderdia, eta akordioari erantzuten lehenetako bat. Andoni Ortuzar jeltzaleen presidenteak salatu du gobernuko alderdiek eurekin eta gainerako alderdiekin hitz egin gabe iragarri dutela akordioa: «Gobernu honek ez du ulertzen bere babesleekin hitz egin behar duela gauzak iragarri aurretik». Halere, adierazi du aztertuko dutela ea «bide onean» egindakoa ote den.

Azken legealdian, huts

Herritarren Segurtasunerako Legea indargabetzeko azken hitza Espainiako Kongresuak du, eta aurreko legealdian ikusi zen ez dela erraza aferaren inguruko akordio zabal bat erdiestea. Hala gogoratu die Podemoseko eledun Javier Sanchez Sernak gobernuko bi alderdiei. Haren esanetan, «tentuz» jokatu behar da erreformaren auziarekin, eta nabarmendu du bere alderdiak ez duela aldaketa «kosmetikorik» onartuko: «Dakigun bakarra da iragarpen bat dagoela, promesa bat, inbestidurako bazkideekin adostu ez dena eta, beraz, sakonki aztertu beharrekoa». Hitz horien bidez, Podemoseko kideak Sanchez gobernuburuari eskatu dio aurreko legealdian baino «anbizio» handiagoarekin jokatzeko.

Izan ere, legea moldatzeko proposamen ugari egin dira azken urteetan, baina aurreko legealdira arte ez zen egin hura benetan aldatzeko urrats nabarmenik. Sanchezek gobernuaren lehentasunen artean kokatu zuen arren, EAJk legea erreformatzeko egindako hirugarren proposamenari zuzenketa partzialak aurkezteko epea berrogei aldiz luzatu zen, PSOEk eta Unidas Podemosek hari zuzenketa bateratuak aurkezteko akordioa lortu baino lehen, 2021eko azaroan.

Hura, baina, hasiera bat besterik ez zen izan. Legea erreformatzeko, urte eta erdi aritu ziren negoziatzen gobernuko bi alderdiak, EAJ, EH Bildu, ERC eta JxC. Azkenean, baina, adostasun argirik gabe bideratu zuten afera Barne Gaietarako Batzordera. Han, EH Bilduk eta ERCk erreformaren kontrako botoa eman zuten, eta, hala, gehiengo bat eskuratzeko aukerarik gabe utzi. Bi talde subiranistek salatu zuten PSOEk uko egin ziola ezinbestekotzat jotzen dituzten zenbait elementu erreformatzeari, eta «light» gisa kalifikatu zuten saiakera. Hala nola salatu zuten idatziak ez zituela debekatzen gomazko pilotak, ez zuela desobedientzia delitua zuzentzen, eta errespetu faltak ez zituela objektibatzen. Azken horiek dira mozal legea erabilita jarritako zigor gehienen iturburua. Beraz, EH Bilduk salatu zuen legearen «oinarri errepresiboari» eusten zitzaiola.

Era berean, erreformatik kanpo geratu zen Espainia hegoaldeko mugetako itzulketen afera ere. Barne Ministerioaren presioak tarteko, PSOEk eta Unidas Podemosek erabaki zuten horiek eztabaidatik kanpo uztea, argudiatuta Atzerritarren Legearen inguruko eztabaidan jorratuko zituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.