Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Diaz eta Belarra elkarrekin aritu dira «PPren gezurrak» salatzen

Estreinakoz egon dira ekitaldi berean, eta bat etorri dira Sumarren aldeko botoa eskatzean, Iruñean

Yolanda Diaz eta Ione Belarra Sumarreko hautagaiak atzo, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE.
xabier martin
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Hondoko itsasoa egon ala ez, kanpaina kanpaina da, eta Sumar koalizioaren barruan lehiatzen ari da Podemos, haren aldeko botoa eskatzen. Horrela egin zuen atzo, Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusi eta Sumarren diputatugaiak. Yolanda Diaz koalizioko bultzatzaile eta Espainiako presidentegaia izan zuen alboan. Hala, estreinakoz aritu ziren biak elkarrekin kanpainako ekitaldi politiko batean, eta Iruñean izan zen. Irene Montero Berdintasun ministro eta Podemoseko ahots nagusietako bat Sumarren zerrendetatik kanpo geratzearen «injustizia» salatu du Belarrak, baina giro alaian joan zen ekitaldia. Irribarreak eta giro ona ez ziren falta izan Diaz eta Belarraren artean hedabideen aurrean agertzean.

EITB Focusen inkestak Sumarrek Nafarroan ez lukeela diputaturik aterako adierazi zuen egun berean, Belarra PPren aurkako hitz gogorrekin aritu zen, Podemosen urte askoan ohiko izan den soslai irmoa erakutsita: «PP da Europako alderdirik ustelena; ez ditu errespetatzen joko arauak, eta haren hauteskunde programa bakarra gezur esatea da».

Podemoseko idazkari nagusia oldarkor aritu zen eskuin muturraren aurka, eta ohartarazi zuen hura geldiarazteko «boto seguru bakarra» Sumarrena dela: «Sumarren eta indar nazionalisten artean noren alde bozkatu zalantzan daudenei esaten diet uztailaren 23an Sumar indartsu ez badago ez dutela izango koalizio gobernu bat babesteko». Inkestek diote Sumarrek Nafarroan eserleku bat ateratzeko PPrekin izango duela lehia estu bat, eta Belarrak botoa eskatu zien indar abertzaleen inguruan dabiltzanei.

Sayas ala Villanueva

Diazek, berriz, datuetara jo zuen Espainiako eskuinaren aurka egiteko, ziurtatuz PPko Espainiako presidentegai Alberto Nuñez Feijook «gezur esan» duela «berriro», pentsioak ez dituelako igo «sekula ere» KPIaren gainetik; horrela baieztatu du TVEn egindako elkarrizketa batean: «Pentsio publikoak defendatuko ditu Sumarrek; ez dugu nahi 65 urtetik gorako langilerik».

Horrez gain, kanpaina honetan sarri zabaltzen dituen mezu ugari errepikatu zituen Espainiako Lan ministroak. Esaterako, gutxieneko soldata igotzen jarraituko dutela: «Lanaldia murrizteko garaia heldu da, eta soldatak apaldu gabe. Lanetik ordubete lehenago ateratzeko garaia iritsi da, duin bizi ahal izateko».

Sumarren Nafarroako Kongresurako zerrendaburu eta europarlamentari Idoia Villanuevak, berriz, Nafarroara bideratu zuen bere hitzaldia, eta lurralde horretako lehia jakin bat nabarmendu zuen: «Nafarroan, Sergio Sayas ordezkari gisa izango dugun ala Sumarren ordezkari bat, hori ere jokatzen ari gara uztailaren 23an. Hautatu behar dugu PPren 'ahal duenak ahal duena' ereduaren eta Sumarren zerbitzu sozialen eta eskubide feministen ereduaren artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.