Euskal diasporako 33 gaztek egonaldia egingo dute Goierrin

Euskal kultura ezagutzeko, udan hiru aste igaroko dituzte Ateak Ireki programaren bidez. Etxean hartuko dituzten familien bila ari dira.

Iazko programan parte hartu zuten gazteetako batzuk, euskara ikasten. AMAIUR ASURMENDI / BERRIA
Iazko programan parte hartu zuten gazteetako batzuk, euskara ikasten. BERRIA
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 10a
17:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Arbasoen etxeetako ateak nork irekiko dizkien irrikan daude AEBetako euskal diasporako 33 gazte. Udan etorriko dira Euskal Herrira, Gipuzkoako Goierrira hain zuzen, eta hiru asteko egonaldia egingo dute, Ateak Ireki programaren bidez. 16 eta 25 urte bitarteko gazteak dira, horietatik gehientsuenak Kalifornian dute bizilekua, baina badaude Washington, Colorado, Nevada eta Oregon ingurukoak ere. Ezaugarri batek batzen ditu denak: euskal jatorria duten familietakoak dira.

Batzen dinamikak berreskuratu zuen egitasmoa duela hiru urte, NABO Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Elkarteekin batera, 1970eko hamarkadan Renoko eta Boiseko unibertsitateek bultzatu zituzten antzeko egonaldiak gogoan. 

Aldi berri honetan, hirugarren urtez jarraian egingo dute joan-etorriko bidaia AEBetako gazteek. Aurtengoan, 46k eman dute izena, eta horietatik 33k izango dute Euskal Herria ezagutzeko aukera, ekainaren 28tik uztailaren 20ra bitarte.

Egitasmoaren arduradunak Goierriko eta inguruko udalerrietako familien bila ari da, programaren hiru asteetan gazte horiek etxean har ditzaten. Interesa dutenek izena eman dezakete ateakireki.eus webgunean edo ateakireki@ateakireki.eus helbide elektronikoaren bidez.

Harremanak josi

Hiru aste horietan, AEBetako gazteek euskara ikastaroak jasoko dituzte Lazkaoko Maizpide barnetegian. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, Udako Ikastaroetako euskal dantzari buruzko mintegian parte hartzeko aukera izango dute; halaber, euskal kulturari buruzko tailerrak egingo dituzte, eta egun osoko irteerak antolatuko dituzte.

Hori asteko lanegunetan. Asteburuetan, berriz, denbora gehiago izango dute familiekin egoteko, bertakoekin «harreman sareak» josteko, Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Goieki Goierriko Garapen Agentziako lehendakariak nabarmendu duenez.

ATEAK IREKI
Programaren sustatzaileak, astelehen honetan Ordizian egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Aurten, gainera, bi berrikuntza daude. Batetik, Euskal Herrira etorri aurretik euskara eskolak jasoko dituzte gazteek; eta, bestetik, Goierriko bizpahiru gazteri aukera emango diete AEBetan egonaldia egiteko.

Iñaki Goirizelaia Batzen elkarteko lehendakariaren arabera, iaztik ari dira joan-etorriko programa hori diseinatzen, eta asmoa da etorkizunean AEBetako gazteei ez ezik mundu zabalean dauden gainerako euskal komunitatekoei ere zabaltzea Euskal Herrira etortzeko aukera.

Ateak Ireki programak Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien, Goieki, Maizpide eta NABOen babesa du, besteak beste.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.