Orotan izan du eragina COVID-19aren izurriak. Eta, jakina, osasun zerbitzuetan izan duen aparteko zamaren ondorioz, gainerako patologiak atzemateko eta tratatzeko prozeduretan ere izan dira gorabeherak. Horiek utzi dituzten ondorioak gero eta agerikoagoak dira, eta artegagarriak. Kezka piztu zuten, esaterako, orain aste batzuk Osakidetzak egindako ikerketa baten harira zabaldu ziren albisteek. Osasun sistemako zuzendaritzak eta Biocrucesek Espainiako Epidemiologia Elkartearen azken kongresuan aurkeztutako ikerketa bat zuten hizpide, eta, horren arabera, tumoreak atzemateko baheketetan izandako moteltzearen ondorioz, ia 2.000 tumore atzeman gabe geratu dira. Goiburu askoren sorburu izan da datu hori, baina errealitatearen ikuspegi are zabalagoa behar dela adierazi du Donostiako Erakunde Integratu Sanitarioko onkologo Laura Basterretxeak: «Baheketetan parte hartzea txikiagoa izan zitekeen, edo baliteke zenbait kasutan atzeratzea, baina ez dut uste hori denik arazo nagusia». Zinetan badira kezka eragiteko erako datu gehiago; SEOM Onkologikoa Medikoko Espainiako Elkarteak iaz izurriaren lehen olatuari buruz egindako ikerketa baten arabera, minbizi kasuen %22 detektatu gabe geratzea ekarri zuen. Basterretxeak datua beste era batean eman du: «55.000 pertsona inguruk berandu hasi dute tratamendua; bestela esanda, bost kasutatik batek».
Alvaro Rodriguez-Lescure SEOMeko presidentea da. Ikerketa horrekin izurriak ekarritako arazoen gaineko «erretratu orokor bat» egin nahi izan zutela azaldu du, eta kezkak bultzatuta egin zutela arloko profesionalek: «Izan ere, denok ikusten genuen gure zerbitzuetan %20 urritu zitzaizkigula kasuak; hori erakusteko egin genuen ikerketa». Baheketen atzerapenen ondorioei bakarrik ezin zaiela begiratu defendatu du berak ere. Halako probak sintomarik ez duten pertsonei egiten zaizkiela gogoratu du, prebentziorako baliabide bat direla, eta eragin mugatua dutela: «Bizirik irautean inpaktu mugatua dute, oso hastapenetan atzematen baitituzte kasuak».
Horiek horrela, adierazi du zaila dela arlo horretan hainbat hilabetez izan zen geldialdiak ekarritako ondorioak zein izan ziren zehatz neurtzea. «Larriagoak» iruditzen zaizkio, oro har, izurriak oro irentsi zuen hilabeteetan edo atarikoetan sintomaren batekin hasi, eta hori aztertzeko eta tratatzeko prozesu bat hasi ezin zuten pazienteen kasuak, eta horrek ekarriko dituen ondorioak. Pertsona horiek nolabaiteko «linbo» batean geratu zirela esplikatu du. Bat dator Basterretxea: «Arazo nagusietako bat sistematik kanpo zeuden eta linbo batean geratu ziren pazienteena izan da; izan ere, minbiziaren diagnostikoetan izandako atzerapenek eragin oso negatiboa izan dezakete tratamenduetan eta biziraupenaren emaitzetan».
«Zulo beltzaren» irudia
Horretan izurriak izan duen eragina ukaezina dela onartu du Basterretxeak. «Diagnostiko jarduera murriztu egin da, COVID-19aren larrialdia zulo beltz bat izan delako, giza baliabideak, baliabide terapeutikoak, teknologikoak eta teknikoak xurgatzen dituena». Datozen hilabeteok giltzarri izango dira horren ondorioz zer gertatzen den ikusteko. «Diagnostiko tasa txikiagoarekin, tumore batzuk fase aurreratuagoetan iritsiko diren kezka dugu». Beren eguneroko jardunean berandu atzemandako kasuak ikusten ari direla esplikatu du Rodriguezek, eta arloko profesional askoren artean ezinegonerako motibo direla. «Urtean zehar ikusi ditugu tumore aurreratuak. Hilkortasunean horrek zer eragin duen ikusi beharko da orain», azaldu du: «Hain zuzen, 2021eko bizirik iraute eta hilkortasun datuak garrantzitsuak izango dira zer gertatu den ulertzeko».
Gaiaren gaineko kezka kalean da; irailaren 3an hil zen Olatz Vazquez, 27 urteko argazkilari gazte bat, Bizkaikoa, minbiziarekin. Sare sozialen bidez eman zuen bere gaixotasunaren berri, gordin eta garden, eta salaketa ere egin zuen: izurriaren harira osasun sistemak izandako geraldiaren ondorioz, gaitza aurreratuta zegoela diagnostikatu ziotela kontatu izan zuen, proba baten zain, esaterako, hilabeteak egin behar izan zituen, atzeratu egin ziotelako. SEOMek «linbo» izendatu duen toki horretan geratu zen gaixo horietako bat izan zen.
Arintzeko ahaleginak
Ukaezina da izurriak izan duen eragina, eta galdera airean dabil. Zer egin daiteke orain? «Uste dut beti egin daitekeelazerbait gehiago», azaldu du Basterretxeak:«Ebakuntzak lehenago egin ahal izateko zirkuituak arintzen saiatu behar ginateke, erradioterapiarekin edo tratamendu sistematikoekin ahalik eta azkarren hasteko... COVID-19arengatik egondako diagnostikoen atzerapenak zer kalte eragin ahal izan duen neurtzea ez da batere erraza, minbizi bakoitza gaixotasun desberdin bat baita, eta pertsona bakoitza ere bai. Orain, osasun langileei eta gaixoei aurrera begiratzea dagokigu, gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatzea».
Bat dator Rodriguez; adi ibili beharko da, eta, ikusten ari direnaren arabera, bihurgune zailetan ibiltzea tokatuko zaie usu: «Oro har, azken hilabeteotan egoera zuzenduz joan da, baina paziente horietako asko beranduago heldu dira, eta atzerapen horrek izan dezake eragina. Zenbait tumoretan, lau hilabeteko atzerapena asko izan daiteke, eta aukera gutxiago izan ditzakegu osatzeko edo tratatzeko».
Koronabirusa
Diagnostiko berantiarrei begira: lausoa da geroa
Atzeman gabe geratu diren tumoreei buruzko datuak ateratzen ari dira, konfinamendu neurrien ondorioz eta baheketa proben ahultzeagatik. Isilean garatu dira tumore horietako asko. Adi aztertzeko gaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu