Lau galdera aski dira laurehun feminista eztabaida betean jartzeko. Ondarroako topaketak Euskal Herriko andreen ahots gogotsuenetako asko batu ditu; beharrezko espazio bat eskaini die, eta betiko frustrazio eta ametsak utzi ditu agerian.
«Euskal Herriko mugimendu feministak gune erabakigarrienetan eragiteko estrategia baten beharra dauka, sare indartsua osatuta». Bilgune Feministaren diagnostiko horretatik abiatuta, talde txikitan eztabaidatu dituzte lau galdera nagusi: zertan hobetu den emakumeen egoera orain arte; zertan atzera; zeintzuk diren aldaketa feministarako gako nagusiak; eta, oro har, zein den mugimenduaren egoera gaur egun.
Berehala azaleratu dira kritikak eta autokritikak, bakoitzak beretik eginak. Gazteek berdintasun faltsua eta presio berriak salatu dituzte: «Rol sexistak inoiz baino nabarmenagoak dira, sekula baino menpekotasun handiagoa daukagu edertasun ereduekiko». Helduek, esperientziatik, zorrotz ihardetsi diete: «Pertsonalki askeagoak gara orain, eta aukera gehiago ditugu. Galdera da aukera horiekin zer egiten dugun».
Askok diskurtso berri baten beharra ikusten dute: «Egungo testuingurura egokitutako diagnostiko feminista berri bat behar dugu». «Baina talde feministetako diskurtsoak ez dira jendearengana heltzen», dio beste batek: «Gure herrian oraindik 'henbristak' garela aditu behar izaten dugu!». Sarri aipatzen dira instituzioak. Nabaria da geroz eta espazio gehiago jan diotela mugimendu feministari: «Berdintasunaren diskurtsoaz jabetu eta kontzeptu asko edukiz husten ari dira». Nondik heldu aldaketari? «Etxea garbitzetik hasi behar da kalea aldatzeko», diote batzuek: «Sarri, militantziaren barruan ere badira harreman zapaltzaileak». Bestelako mugimendu gutxituetako argudio berberak ere azaleratzen dira; esate baterako, euskararen inguruan aditu ohi direnak. «Feminismoa akademizatzen eta elitizatzen ari da. Ondo dago teorizatzea, baina errealitatera jaitsi behar da. Ezin dugu mila urte diagnostikoaren inguruan hizketan aritu».
Ordu eta erdiren ondoren, ideia guztiak esaldi bakarrean laburbiltzen ahalegindu dira taldetxoak. Zaintzaz eta tratu txarrez, amatasunaz eta estetikaz, enpleguaren kalitateaz eta mobilizazioez aritu dira, eta, orain, ideia orokor batzuk aukeratu behar. Ondorioa: diagnostikotik datoz, eta diagnostikora doaz. «Mugimendu feminista indartsu eta gogotsu dago, baina estrategia falta zaio. Saretzeko beharra dago, talde asko oso atomizatuta daudelako». Eta hurrengo topaketara arte.
Diagnositik diagnosira
«Trantsizio feministan» inflexio puntua izateko asmoz heldu da Ondarroako topaketa. Euskal Herriko mugimendu feministak goiz bat oparitu dio bere buruari, nondik datorren eta, batez ere, nora doan eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu