Hezkuntza

Deustuko Unibertsitateko errektore kargua hartu du Juan Jose Etxeberriak

Esan du 2023-2026 urteetako plan estrategikoan ezarritako helburuei esker «errazagoa» izango dela aurrean dituzten erronkei erantzutea    

arantxa iraola
2023ko maiatzaren 22a
13:22
Entzun

«Errealitate konplexu bati» erantzuteko konpromisoarekin hartu du gaur goizean Deustuko Unibertsitateko errektore kargua Juan Jose Etxeberriak, egun munduan dauden arazoak hizpide hartuta. 09:30ean hasi da ekitaldia, eta bertan parte hartu du, era berean, orain arteko errektoreak, Jose Maria Guibertek. Eskerrak eman ditu hark urteotan izan duen babesarengatik, eta «poza» ere erakutsi du bidean egin ahal izan dituen urratsengatik. Txalo artean hartu dituzte haren hitzak. Hirugarren eta azken agintaldia bete du.

Jendez bete da Deustuko Unibertsitateko paraninfoa gaurko kargu hartzerako; laurehun pertsona inguru batu dira. Ekitaldian izan da, besteak beste, Jesusen Lagundiko aita jenerala, Arturo Sosa Abascal. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ere bertan izan da.

Azpeitian sortua da Etxeberria, 1966. urtean. 1984an Jesusen Lagundian sartu zen, eta 1995etik, apaiza da. Zuzenbide Fakultateko irakasle titularra da, eta orain arte Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreorde jardun du. Besteak beste, Zuzenbide Kanonikoari eta Zuzenbidearen Filosofiari buruzko argitalpenak ditu.

Talde lanaren defentsa egin du: «Komunitatea habe ezinbestekoa da gure unibertsitate proiektuan, eta lan egiteko era bat ere bada, gure artean eta besteekin lankidetzan jardutekoa, beti talde lanean». Nabarmendu duenez, 2023-2026 urteetako plan estrategikoan unibertsitaterako ezarrita dauzkaten helburuei esker, «errazagoa» izango da aurrean dituzten erronkei erantzutea.

Erronkak

Unibertsitateak zer galdera handiri erantzuten lagundu behar duen hizpide izan du, besteak beste, errektore berriak, eta nabarmendu du alor hauei begira jardun behar dela: «Planetaren hondatze ekologikoa, trantsizio energetikoa, gizakien mugikortasuna eta gero eta askotarikoagoak diren gizarteetako bizikidetza, eta aldaketa teknologikoek arlo politiko eta sozialean duten eragina».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.