Industrializazio garaian, herri txikiak hustu egin ziren, horitako herritarrak hirietara joan zirelako; 1990etik, kontrako prozesua gertatzen ari da». Roberto Torres EHUko Geografia irakaslearen arabera, prozesu hori nabarmen aldatu da eskualde batetik bestera. Zenbait eremu aipatu ditu errenkadan: Bizkaian Txorierri, Uribe Kosta eta Mungialdea; Araban, Lautadako herri jakin batzuk; Gipuzkoan, Zumaian, Hondarribian eta Tolosaldean. «Dentsitate handiko hirien inguruko udalerri txiki batzuek populazioa irabazi dute», azaldu du. Halaber, gaineratu du herrietara mugitu diren askok garai bateko lana mantentzen dutela hirietan, eta horrek mugikortasunaren inguruko hausnarketa eragin duela.
«Egunero egiten diren joan-etorriak areagotu egin dira», esplikatu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak bildutako datuen arabera,%22,7 igo dira lan egunetan egindako bidaiak 2003tik 2016ra: %57 Araban, %20,6 Bizkaian eta %12,1 Gipuzkoan. Lanari dagokionez ere, lekualdatzeak ez ezik, bidaian egindako denbora ere areagotu egin dela azaldu du Torresek. «Lantokia etxetik zenbat eta urrunago egon, orduan eta denbora gehiago erabiltzen da lekualdatzeko, eta gehiago erabiltzen da autoa».
Garraio publikoaren eraginkortasun falta antzeman daiteke datu horien atzean, Torresek iradokitzen duenaren arabera. Udalerria zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta erabiltzaile gutxiago izango ditu, eta, ondorioz, garraio publiko eraginkorra eskaintzeko aukera txikiagoa izango du: ordutegi maiztasun mugatuagoak, herrian geltoki gutxiago...
Udalerri txikietan biztanle kopurua handitzeak, garraio publikoan ez ezik, bestelako zailtasunak ere ekarri dituela azaldu du EHUko Geografia saileko irakasleak. Herritar berriekin batera udalen diru sarrerak igo baziren ere, eskaini beharreko zerbitzuek hein berean egin zuten gora. Ordea, eraikitzeko moduak ez zuen antolakuntza hori erraztu, adibidez, familia bakarreko etxebizitzak egin zirenetan.
Lurralde antolaketak eragin
Deszentralizazio prozesua lurraldea antolatzeko gidalerroek ahalbidetuta gertatu da, Roberto Torresen ustez. Azaldu du 1997ko gidalerroek populazioaren banaketa orekatuagoa bilatu zutela, eta, horretarako, herri batzuk «deskontzentrazio habitat» izendatu zituztela. «Horrela izendatuta ez zeuden udalerriek baino etxebizitza gehiago eraikitzeko baimena zuten».
Hortaz, hirigintzaren gaineko gogoeta beste maila batera eraman daitekeela nabarmendu du Torresek: «Lurralde antolaketak zerikusi handia du mugikortasunarekin, eta horrek, aldi berean, beste hainbat gairekin: ingurumena...».
Deszentralizazioarekin, garraioa jomugan
Azken bi hamarkadetan gero eta pertsona gehiago mugitu da hirietatik udalerri txikiagoetara, lurraldea antolatzeko gidalerroen babesarekin, neurri batean. Horrek zuzeneko eragina izan du mugikortasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu