Urrats zehatzak iragarri ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, bi mintzaidek eskainitako elkarrizketan: kolektiboko kide guztiek Euskal Herrira eraman ditzatela eskatuko dute, banan-banan. Espainiako kartzeletan dituztenek Araban, hau da, Zaballako kartzelan batu ditzatela proposatuko dute, konponbiderako urrats gisa: «EPPK subjektu aktiboa izateko, ezinbestekoa da kide guztiak espetxe berean egotea». Frantzian dituztenek herritik gertuen dagoen espetxera eramatea galdegingo dute. Eskaerak ez dituzte guztiek batera egingo: «Egoeren eta kartzela urteen araberako sailkapena egin dugu». Gaixotasun larriak dituztenak eta 70 urtetik gorakoak dira eskakizuna formalki, «beren bulegoetan», egingo duten lehenak.
BERRIAk eta Gara-k elkarrekin prestatutako galderei idatziz, euskaraz erantzun diete Marixol Iparragirrek eta Jon Olarrak. Konponbidearen karga «kartzela frontean» dagoela jakitun, erronkari eutsiko diotela adierazi dute, baina gakoa Euskal Herrian egiten den elkarlanean dagoela ohartarazita.
Abenduaren 28ko adierazpenaren ondoren, EPPKren aurkako polizia operazioa etorri da. Zer balorazio egiten duzue? Zein logika dauka EPPK gatazka betiko gainditzeari begira neurriak hartzen ari denean bide horretan lagun dezaketenen aurka egiteak? Zein lan egiten zuten espetxeratu berri dituztenek? Nola hartu duzue berria espetxetik?
MARIXOL IPARRAGIRRE: Espainiako Estatuak urtarrilaren 8an kolektiboaren bitartekarien aurka eta kolektiboaren beraren aurka egindako erasoa zentzugabea da Euskal Herrian, eta zentzuz betetakoa Ebrotik behera eta Aturritik gora. Ezin argiago adierazi dute: ez dute konponketarik nahi. Espainiako Estatuak irakurketa zorrotza egin du EPPKren urte amaierako adierazpenaz, eta euskal gizarteak ere tamaina berekoa egin duela uste dugu, erantzun bikaina emanez Bilboko kaleetan.
Kolektiboari egindako eraso zuzen-zuzena izan da bitartekarien atxiloketa. Herrira-ri egindakoan aurrekari izan zuena. Euskal preso politikoak bahituta gaude, gure herritik urrunduta eta sakabanatuta. Gure ekinbide politikoa errazteko izendatu genituen pertsona horiek, presook konponbide prozesuan gure alea eman dezagun. Hartara, espetxeratu dituzten bitartekariek egiten zuten lana ez zen gordea, hainbat eta hainbat eragilerekin egin dituzte bilerak, kolektiboarekiko zubiak eraikitzen jardun dute. Kolektiboko mintzaideoi utzi ez digutenean, haiek eraman dute presoon ahotsa hainbat forotara, eta gugana ekarri eragileen iritzi eta jarreren berri. Bitartekarien lana eskertu beharrean gaude, eta zeregin hori ezinbestekoa izanik, horretan arituko direnentzako gizarte babesa eskatzen dugu.
JON OLARRA: EPPK-ko kideok errekonozimendua eta esker ona eman behar diegu lan horretan diharduten guztiei. Bereziki orain atxilotutako zortziei, gure eztabaidaren eta erabakien ahotsa izan direlako kanpoan. Gurea eta ez beste inorena. Bestalde, gure eztabaidetarako ezinbestekoak diren kanpoko eragileen proposamenak bideratu dizkigute gurea osatu eta aberastuz. Bihoakie gure estimu eta besarkada beroa.
Hau ez da soilik izan EPPKren mintzaidetza taldearen kontrako operazioa. Hau gure herriaren bakegintza eta normalizazioa finkatzeko lanean dabiltzan eragile guztien kontrako operazioa izan da. Eta, noski, honek modu zuzenean erasotzen dio prozesu hori egonkortu dadin exijitzen ari den Euskal Herriko gehiengoaren nahiari ere.
Deseroso zaie gure ahotsa. EPPK-k zabaldua duen harreman ildoak lor ditzakeen emaitzen beldur dira, jakin badakitelako horrek bete-betean zabaltzen dizkiola ateak gatazkaren behin betiko konponbidearen aukerari. Abenduaren 28an argitaratu genuen agiriaren ondoren zabaldu zitekeen aukeraren beldur ziren, eta ohikoa duten biolentzia itsuarekin erantzun dute.
Arduraz jokatzea exijitu zitzaion kolektiboari, eta horrela egin dugu udan burututako eztabaidaren ondorioak plazaratzean. Ardura exijitzen dugu guk gure ahotsa eta ekarpena ziegen barne katea ez dezaten. Ezinbestekoa da EPPK-k zabaldua zuen harreman ildoak bere horretan jarrai dezan, presoak baztertuz ezingo baita konponbiderik eman. Arduraz jokatzeko eskatzen diegu EPPKrekin harremanetan lanean dabiltzan guztiei, bai Euskal Herrikoei bai nazioartekoei. Arduraz gain, bermeak ere eskatzen ditugu, mintzaidetza lana normaltasunez egin ahal dadin. Administrazioek mintzaideokin elkartzeko jartzen dituzten trabak gainditzen ez diren bitartean, kanpoan mintzaidetza lanean bitartekari dabiltzanen jarduera ezin da baldintzatuta egon, ezta mugatuta ere, Barne Ministerioaren operazio polizial berrien mehatxupean.
Zenbateraino eragin lezake horrek presoengan, EPPK prozesua bultzatzeko neurriak hartzen ari denean? Baldintza lezake urratsak egiten jarraitzeko nahia? Zatiketak eragin litzake?
M. I.:Kolektiboko kideok oso kontziente gara zer-nolako erantzukizuna dugun askapen prozesuan. Lehen eta orain. Horregatik, urte luzetan, kolektiboko kideok guri eta gure senide eta lagunei egin dizkiguten era guztietako erasoen aurrean tinko eustea izan dugu ildo nagusitzat. Orain, estatuek prozesua kartzela frontean itotzea eta lokaztea erabaki dutenez geroztik, kolektiboari zeregin berri bat egokitu zaio prozesu politikoan. ETA erakundearekin harremanak izateari uko egin ostean, alderdi eta eragileen arteko elkarrizketak eta prozesuak lotan, kartzeletako egoera okertzeko apustua egin du, horrek sortzen dituen tentsioek prozesua pikutara bidaliko dutelakoan. Horretaz kontziente ez bagina, prozesua arriskuan legoke. Ezker abertzaleak egiten duen azterketarekin bat egiten dugu, ordea, eta EPPK osatzen dugun kideok gure zeregin militantea une honetan prozesua elikatzea dela ulertu dugu. Alegia, azken eraso honek gure deliberazio kolektiboa indartu besterik ez du egiten.
J. O.: Errepresioak bidea zail dezake, ordaindu beharrekoa areagotu. Baina bestelako ahalmenik ez du izan, eta ez du izango. Zatiketak eragiteko ahalmena txakur/zabor kazetaritzaren mailaren parekoa da, hutsaren hurrengoa. Prozesua elikatzeko ekarpena da gurea, funtsean, eta kolpe bakoitzak ahalmen hori nahi gabe areagotu egiten du, alderaketan gure aldetik eginiko urratsak eta adierazitako borondatea are dirdiratsuago agertzen baitira. Joko zelaia menperatzen ez duenarentzat indar kolpeka aritzeko joera itsuak bumeran eragina izaten du. Ez al dute oraindik ikasi?
Adierazpenari helduz, etxeratze prozesu baterako lege baliabideak erabiltzea ere ontzat eman duzue. Nola egingo duzue prozesu hori?
J. O.: Enfrentamendu gordineko garaietan, espresuki gure aurka sortutako salbuespen legedia kendu egin behar da, legearen barne ere irtenbideak jorratzeko. Beraz, ezinbestekoa da, lehentasunez, espetxe politika krudel hau amaitzea benetako konponbide-etxeratze prozesua abia dadin. Prozesu horretan, legeak ere bere funtzioa eduki behar du, besteak beste, egin beharreko urratsei segurtasuna eta babesa emateko baliatu behar dira.
M.I.: Beren bulegoetara goaz, egungo beren joko arauak eskubideak errespetatzen dituen marko batera begira jar ditzaten. Denen konpromiso politiko batetik abiatuz, noski. Egin beharreko urratsa da, eta egin egingo dugu, muga gure duintasun politiko eta militantean jarriz.
J. O.: Hartara, gatazkaren ondorioen atal guztiak bildu behar dituen konponbidearen diseinuan eragile bakoitzak dagozkion ardura eta konpromisoak hartu beharko ditu. Guri dagozkigun arloetan, Foro Sozialeko gomendioei emandako erantzunean aukera batzuk zabaltzen ditugu. Gure ardura eta konpromiso kolektibo zein pertsonalarekin. Garapen horren nola-norainokoak prozesu dinamiko eta era berean denboran tasatua behar du izan, hartara begira eta denon artean adosten joan beharko dugularik.
M.I.: Adostasun horren bila eta prozesua azkartzeko bidean, funtsezkoa eta premiazkoa da sakabanaketa amaitzea; egoera larriei berehalako irtenbidea ematea, eta gure ahotsa, barruan zein kanpoan, normaltasunez entzun eta jorratu ahal izatea.
Bide honetan, EPPK osatzen dugun kide guztiok, modu indibidualean, gure alea jartzeko asmoz, Euskal Herriratzeko eskaerak abian jarriko ditugu. Guztiok batera egin beharrean, egoeren eta kartzela urteen araberako sailkapen bat egin dugu.
Horretaz gain, premiazkoa eta lehentasunezkoa da guretzat egoera larriak amaitzea, eta, hori dela eta, larriki gaixo direnen eta 70 urtetik gorakoak direnen kaleratzea ahalbidetuko lukeen eskaera egingo dugu.
Prozedura bat dago bide hori guztia jorratzeko. Hasteko, espetxe bakoitzeko tratamendu batzordearen aurrean azaltzea. Nola egingo duzue hori? Zein jarrerarekin agertuko zarete?
J.O.: Bai, kartzeletako administrazioaren aurrean agertuko gara. Prozedura horretan jarrera duinarekin agertuko gara, garenari uko egin gabe, alegia. Egin beharrezkotzat jotzen dugu, gure eskaerek lege marko bat izan dezaten, ondorioa borondate politikoa eta indar harremanen araberakoa dela jakinda.
M.I.: Haien prozedurari segituz, Euskal Herrirako gure destino aldaketa eskatuko dugu. Gure herrian berbatzeaz ari gara. EPPK subjektu aktiboa izateko, ezinbestekoa da kide guztiak espetxe berean egotea. Halaxe, bada, Espainiako ziegetan gauzkatenok Zaballako espetxera lekualdatzea eskatuko dugu, eta Frantziako Estatuetako espetxeetan gauzkatenok etxetik gertuen dagoen kartzelan biltzea.
J.O: Banaka agertuko gara, inposatzen zaigun sakabanaketa politika, krudela eta legez kanpokoa dela agertzen duten gomendio eta legeen berri emanez, eskubide urraketa horren ondorio latzak agertuz, eta gure adierazpen publiko edota posizio politiko horren aldekotasunean berretsiz. Hori guztia jorratzera goaz erabaki kolektibo baten pean.
M.I: Irizpide horiek betetzen ditugun bitartean, estatuek kolektiboaren aurkako erasoari etenik jarriko ez diotela ikusita, gure babes —eta borroka— ildoak lantzen jarraituko dugu, kolektiboaren eskaerek euskal jendartearen babes gero eta zabalagoa izan dezaten. Prozesuaren bilakaerak, hau da, gobernuen itxikeriak, eragile politikoen eraginkortasunik ezarekin eta hedabideen konplizitatearekin, ardura oso handia jarri du gure bizkar: kartzela fronteak erabakiko du kale edo bale izango den. Ongi baino hobeto dakigu horrek zer esan nahi duen: borroka egin beharko dugula gure eskubideak errespetatu ez ezik askapen prozesuak ere aurrera egin dezan. Eta lege bidezko prozedura horietan ausartzeko erabakitasuna izan badugu, estatuen aurrean eta euskal gizarteak eskatzen duen gure Euskal Herriratzearen alde borrokatzeko orduan, ez gara kikilduko.
Eragindako mina aitortzen duzuela esan duzue azken agirian, eta nork bere erantzukizuna aztertzeko prestasuna duzuela ere bai. Nola? Noraino?
J. O.: Argi esan dugu gatazkaren ondorioz alde askotan sortutako sufrimendu eta mina aitortzen dugula. Argi esan dugun bezalaxe kolektibo honek eta guk guztiok ere erantzukizuna aztertzeko prestasuna dugula, bermeak dituen prozesu baten barnean. Norberak Euskal Herriaren askapen prozesuan egin duena militante bezala egin baitu, erakunde, talde, mugimendu, lan esparru ezberdinen barnean. Horiek guztiek osatzen dugu kolektiboa.Preso politikook prestasuna agertu dugu erantzukizunaren gaiari ere heltzeko, euskal herritarrekin batera, berme aski duen prozesu baten barnean.
M.I.: Nola? Oinarrizko arrazoiei, egindakoari eta egiari helduz. Noraino? Gatazkaren benetako konponbideraino, mende luzeetan herri honek ezagutu ez duen euskal demokraziaraino.
Hurrengo urratsak euskal herritarrekin eta euskal ordezkariekin adosteko gogoa agertu duzue. Ekinbideari babesa handitzeko egiten al duzue? Posible ikusten duzue, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren aldetik nolabaiteko sostengua izatea?
J.O.: EPPK-k egin duen eztabaidaren barnean argi agertu da Euskal Herriratze prozesua euskal gizartearekin eta euskal herritarrekin batera egin behar dugula. Horregatik ere bideratu diogu ekarpena Foro Sozialari. Horrexegatik ere gure harreman ildoaren garrantzia, hausnarketa trukaketa eta bultza egiteko elkarlana, alegia. Gure egoera, ildo politikoa eta jarrera jakinarazi eta ulertaraztea ere helburutzat hartuz.
Lakuako gobernuaren berririk ez dugu, ordea. Badakigu beren planean presook gaudela programaren batean, baina ez dakigu programa hori taxutzeko orduan norengana jo duten. EPPKrengana ez, bederen.
M.I.: Lakuako gobernuari eskatzen diogu garai batean sakabanaketa politika abian jartzeko egin zuen indar berbera egin dezala orain sakabanaketa eta salbuespenezko espetxe politika amaitzeko; baita gure herriaren urteetako gatazkari konponbide integral bat bilatzeko konpromisoa ere.
Bere garaian Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak iragarritako Gizarteratzeko Programa mugimendu bat zela esan zuen kolektiboak. Jaurlaritzak, berriz, Hitzeman deiturikoa sartu du bere Bake Planean. Horrelako formula baten beharra ikusten duzue presoen egoera konpontzen hasteko? Edo ez diezue inolako baliagarritasunik ematen?
M. I.: Fernandez Diazen eta Jonan Fernandezen proposamenek baliorik izateko, zein helbururekin eginda dauden ikusi behar da. Ezker abertzalea, eta gu harekin, konponbide prozesu batean sartuta dago. Gure helburu politikoak ez ditugu baztertu, inola ere; baina Euskal Herrian ETAk borroka armatua utzi zuenez geroztik, egoera berri bat dagoela barneratu, eta gure jokabideak eta jarrerak aldatzeari ekin genion. Inguruan ez dugu halako jarrerarik ikusten, ordea: batzuk, gatazkan inolako erantzukizunik izan ez dutela sinetsarazi nahian, begiraleen eserlekuan jarri dira; besteek garaituak behar dituzte; eta batzuek eta besteek euskal bahitu politikook burumakur eta barkamen eske nahi gaituzte, helburu hori erdiesteko gure eta gure senide eta lagunen eskubideak beita gisa erabiliz; beti egin duten bezala.
J. O.: Esan moduan, gizarteratzeko programen ekimenaz ezer gutxi dakigu. Ez da inolako kontraste edo kontakturik izan EPPK ekimenaren hartzaile izan dadin. Plan edo dena delako horrek estatuei begirako exijentziarik ez dirudi egiten duenik, ez inolako aktiborik proposatzen presoon oinarrizko eskubideak babestu daitezen, dispertsio politika amaitzeko, bereziki. Atzo eta gaur, Eusko Jaurlaritzaren egitasmoaren diskurtsoa, iluna izateaz gain, zeharo teorikoa da, espetxe politika arinduaren leloa goi mailako hodeiertzetan galtzen den begirada soila izanik.
M.I.: Orain arte, gure duintasun politikoari eraso egin eta gure kaleratzea oztopatzen duten planak baino ez dizkigute aurkeztu. Bilaka dezagun Zaballa benetako etxeratzearen/konponbidearen erreferente.
Ez dirudi, oraingoz, bi gobernuen itxikeria aldatzeko aukerarik dagoenik, baina zuek aurrera egingo duzuela iragarri duzue. Zer egin gobernuek ezezkoan jarraitzen badute?
M. I.: Borrokan jarraitu. Garrantzia duena askapen prozesua da. Eta abiatu, garatu eta burutu behar izango den prozesua kartzelafronteko lokatzetara eraman dutenez, gure ardura eta erantzukizuna hartu beharrean aurkitzen gara.
J. O.: EPPK-k orain arteko dinamika berberean jarraitzeko determinazio osoa du. Aipaturiko askapen prozesuaren garapen horretan, gure kolektiboa aktiboa izatea gomendagarria eta beharrezkoa da; halaxe, gainera, munduan zehar izan diren gatazken konponbideak erakutsi duten legez. Azken batean, alde anitzen adostasun eta konpromisoen bidez gobernuen blokeo eta ukoa gaindituko duen diseinu osatu horren ibilbidean segitu behar dugu lanean, konponbiderako konprometituak garen eragile zein erakunde oro.
M. I.: Euskal presook Euskal Herriratzeak sekulako bultzada ekarriko lioke prozesuari. Foro Sozialak eta bestelako instantziek EPPKri eskatu diote urratsa egitea. Eta egin egin dugu, ardura politikoz. Jakinaren gainean egonik urrats horrek ez duela gaur-gaurkoz butxadura askatzen. Baina konbentzimendu osoa dugu euskal jendarteak lortuko duela.
Ukaezina da azken adierazpenak EPPK-k inoiz esan ez dituen gauzak eta inoiz hartu ez dituen neurriak dakartzala. Erabaki zaila izan da? Kezkatzen zaituzte ezker abertzalearen barruan zein kanpoan egin daitezkeen irakurketek (ahultasun seinaletzat hartzea, esaterako)?
M.I: Ez da erabaki erraza izan, gauzkaten egoeran eztabaida zinez konplexua delako. Zeharka eta idatziz egin behar izan dugulako, eta baldintza oso traketsetan. Baina, zaila baino gehiago, esango genuke erabaki ausarta izan dela. EPPK-k bere egoera aitzakia gisa erabil zezakeen urratsik ez egiteko. Kanpoan etsaiak hedatzen duen diskurtso harroari kasurik egin gabe, kartzeletako egunerokoan dugun muturreko egoeraren gainetik hartutako erabakia da. Gure egoera urratsik ez egiteko aitzakia gisa erabili ordez, aurrera egitea erabaki dugu. Ez dago egoera zailik borrokan urratsak egitea ekiditen duenik.
Guk lortu badugu, eragile politiko eta sindikalek, denborarik galdu gabe eta arduraz jokatuz, horretara behartuak sentitu beharko lukete, ulergaitza egiten baitzaigu batzuen hitzak nolako erraztasunez desagertzen diren, edota, etengabean, betiko jarrera geldoei lotzen zaizkien.
J. O.: Kolektiboa indartsu dago. Azken urte hauek, gainera, halaxe erakutsi izan dutelakoan gaude. Geure etxea lorez apaintzeko asmotan ibili gabe, esan dezakegu gobernuen erasoa areagotzen ari den honetan tenple politiko handia erakutsi dugula. Eta horretan indargabetua izan da 197/2006 doktrina, Josu Uribetxebarriaren askatasunaren aldeko borrokaldi orokorra eta hainbat espetxetako erasoen aurrean eman izan ditugun erantzunak. Sinesmenak eta indarrak egin gaitu gai azken erabakiak hartzeko. Eta horri atxikituriko ekimenaren garapenean ere gure hautu politikoaren osasuna maila berberean kokatuko dugu.
Jokaleku berriarekiko konpromisoa azaldu eta aurrerantzean bide politiko eta demokratikoei soilik eusteko prestasuna azaldu duzue. Hori eskatzen zen lehen. Orain, barkamena eskatzea eta damutzea exijitzen dute batzuek.
J. O.: Ez dira inoiz izan asmo eraikitzaile batetik egindako eskaerak. Kontrakoa: gu zatitzeko eta konponbidea lokazteko helburuarekin darabilten estrategia orokor baten atal bat besterik ez dira egunez egun aldatzen doazen etengabeko eskaera horiek. Etenik gabeko ukoan eta inposizioan agertzen zaizkigun jarrera bortitz horien guztien gainetik kokatu nahi du EPPK-k. Ordea, behin eta berriz esan dugun bezala, dinamika eraikitzaileak eta gatazka politikoa zein haren ondorioak behin betiko konpontzera bideratuak diren proposamen guziak aztertu eta parte hartzeko borondate argia du EPPK-k, Foro Sozialeko gomendioei emandako erantzunean adierazi dugun bezala.
M.I.: Guk badakigu Espainiako Gobernuarentzat ezer ez dela sekula aski izango. Asegaitzak dira. Beren aitzakien zakua ez da agortuko.
Gure konpromisoa argia da; ez dago borroka armaturik Euskal Herrian, eta guk ez dugu testuinguru berri honetan borroka armatua tresna politiko bezala erabiltzea kontenplatzen gure herriaren askatasun prozesuan.
Zergatik diozue «etorkizuneko gatazka saihesteko irtenbide partzial eta faltsuak» saihestu behar direla? Zeri buruz ari zarete?
M. I.: Euskal Herriko gatazkak erro politikoak ditu. Horiei heldu behar zaie, eta era berean ondorioei, ondorio guztiei irtenbide bat emateko. Hortik, bada, konponbideak integrala behar duela izan, integrala eta benetako konpromiso politikoari atxikia. Hau da: ez partziala, ez faltsua. Eragile politikoek gatazkaren erro politikoei heltzen ez dieten bitartean, gatazkaren kimua hor egongo da. Orain preso gaudenak aterata ere, kartzelak berriro beteko lituzkete, bidegabekeriaren aurka altxatuko liratekeen borrokalariz.
Euskal Herriaren eta euskal herritarron eskubideen aldeko mendeetako borroka molde guztiek sortutakoak ekarri zuen zanpaketa, eta oinarri-oinarriko eskubide gabeko egoera da konpondu behar dena. Gure herriak beste edozein herrik bezala bizitzeko, garatzeko eta inguruekiko eta urrun daudenekiko elkartasunez aritzeko eskubidea izan behar du, bertan bizi diren biztanle guztiei bizi-baldintza duinak emateko, norberaren hautu politiko eta kulturalak errespetatuz. Guztionak. Hori da eginkizun dugun prozesu politikoa. Eta preso politikoon egoera konpontzeak bide horretan egin beharreko urratsa izan behar du.
Herritarren garaia dela adierazi berri dute azken hiletan ateratako preso ohiek. Zer egin dezakete herritarrek? Zer eskatzen diezue?
J. O.: Lehenik eta behin, gure zorionik beroenak eta besarkada borrokalari sutsuena bahiturik mantendu eta azken hilabete hauetan kaleratzea lortu dugun burkide horiei. Atera bezain pronto, zutik, duintasun politiko osoz eta txalogarria egiten zaigun betiereko apaltasun eredugarria dela medio, nolatan EPPKren ildo eta ausardia politikoari hauspoa eman dioten. Gora zuek!
Guk, ezer eskatzen ibili beharrean, geureari ekiten dihardugu. Militantzia politikoak ekarri gintuen honat, eta eremu honetatik ere ematen segitzeko hautua egin genuen.
Kontua da euskal gizarte aniztunak berak exijitzen dizkigula guztioi ahaleginak gatazka politikoaren eraldaketan, normalizazio prozesua behin betiko egonkortu dadin. Jendartearen gehiengo horren nahia indar iraunkor eta eraginkorra izan dadin lortu behar da. Eta horrek egitura ezberdinak gainditzen ditu; herritar bakoitzari dagokion ardura ere bada. Izan ere, zoritxarrez, instituzio eta zenbait alderdiren adierazpen eta ustezko konpromisoak interes partikular edota alderdikeriaren ildotik agertzen zaizkigu. Arbuiagarria benetan!
M. I.: Bai, herritarren garaia da Euskal Herrian; prozesuaren alde jarduteko aukera eman nahi diegu, eragile izan daitezen, estatuen itxikeria gainditzeko gurekin bat egin eta denon artean prozesuari bultzada eman diezaiogun. Lehentasunez, sakabanaketa politika eta salbuespen neurriak gainditzeko bidea elkarrekin egitea da eskaintzen eta eskatzen dieguna.
Ondo lerratuta ikusten duzue euskal gizartea? Zer balorazio egiten duzue urtarrilaren 11ko manifestazioak erakutsitako indar metaketaren eta lortutako emaitzaren inguruan?
M. I.: Mobilizatzeko gaitasun handia dago Euskal Herrian, baina egungoak haragoko konpromiso eta dinamikak exijitzen ditu. Hainbat eskabideren inguruko inoizko indar metaketa handiena da, eta horri jarraipen bat eman behar zaio, segida hori bideratu eta indar eginez. Beraz, Kataluniara inbidiaz begira egoteak, zalantzan egoteak gaur egun gure herrian hau ote den indar egiteko unea, horrek ez du tokirik. Atzera egitea bezainbesteko jarrera da hori. Etxean geratzeko garaiak ez dira!
J. O.: Bilboko manifestazioaren argazkia oso indartsua da. Poztekoa benetan. Argazki horri tamainako konpromisoa erantsi behar zaio. Pankartari helduta edota horren hurbil zeudenei dagokie orain antolakuntza egoki bat sortzea. Egun bateko konpromisoa ondo dago, biharamuneko hitzak ere politak suertatzen dira, baina gure herri honen etorkizuna geurea izateak konponbidearen dinamiketan eragile aktiboak bilakatzea exijitzen du, elkarlan zintzo bat, benetako eta etenik gabeko borondate politiko praktikoa, alegia. Etxeko lan edota bide orri horrek eta ez beste ezerk mugituko ditu Madril eta Paris.
197/2006 doktrina azkenean Europako Auzitegiak baliogabetu zuen. Uste duzue nazioarteak aurrerantzean ere funtzio erabakigarria izan dezakeela? Horri begira ere kaleratu duzue adierazpena?
J. O: Behin eta berriz salatu dugu euskal militanteen espetxe zigorrak gogortu eta gure kaleratzeak oztopatzeko espreski eraikiak izan diren salbuespen neurriak. «Si no existen pruebas, se construirán» esan zuen inongo lotsarik gabe PSOEko Justizia ministroak. «Haremos ingenieria jurídica», deitzen dio gauza berari PPko Barne ministroak.
Europako auzitegiaren erabakia Euskal Herrian hainbeste urtetan salatu dugunaren baieztapen bat da. Nazioartea hemen gertatu denaren eta gertatzen ari denaren jakitun zuzena egin behar dugu, eta, ahal den neurrian, parte hartzaile ere bai. Baina konponbidea Euskal Herrian eraiki behar dugu. Euskal Herrian gatazkaren atal ezberdinak bilduko dituen prozesu oso bat garatzen dugun neurrian jasoko dugu babesa eta bultzada nazioartetik.
M. I.: Nazioarteak izango duen funtzioa Euskal Herrian egingo dugun indarraren araberakoa izango da. Europako auzitegiak gure alde egin du oraingoan. Justiziaren alde. Edo bidegabekeria bat amaitzearen alde. Baina ez gaitezen orain Europako auzitegiaren ebazpen baten zain egon sakabanaketak eta urruntzeak egunero-egunero eragiten dituen mina eta arriskuak amaitzeko. Sakabanaketa eta deportazioa amaitu behar ditugu denon artean.
Euskal Herriari eta euskal jendarteari begira kaleratu dugu adierazpena. Orain lan itzela dugu adierazpen horren esanahia azaldu eta Espainiako eta Frantziako gobernuek kartzela frontea helburu hartuta prozesua usteltzeko egin duten apustua salatzeko.
ETAk jardun armatua amaitutzat jo ondoren ere presoen egoerak okerrera egin du? Hala bada, helburu zehatz baten bila hartutako neurri hausnartua dela uste duzue?
M. I.: Euskal preso politikoen egoera ez da inoiz ona izan. Kontua da ETAk jardun armatua amaitutzat emanez gero pentsatzekoa zela kartzelen eremuan nolabaiteko distentsioa eta ordura arte eraso egiteko erabili diren hainbat neurri bertan behera utziko zituztela gobernuek, edo bederen arindu. Eta, bai, kontrakoa da ikusten ari garena. Frantziako kartzela administrazioari dagokionez, lehen ez zuten «politizazioa» ikusten ari gara hartzen ari diren hainbat neurri eta erabakiren atzean, Espainiako Gobernu eta hedabide ultrenen argudioak bere eginez.
Dudarik ez dago, zalantzazko une baten ondoren, kartzeletan tentsioa areagotzeko erabakia berariaz hartu dutela bi gobernuek. Horretan asko lagundu du, gure ustez, ETAk borroka armatua bertan behera uztea erabaki ostean ordura arteko prozesuan aldez edo moldez hurbilean izan ziren eragile politiko batzuek erakutsi duten jarrera inboluzionistak.
J. O.: Azken lau urte hauetanEPPKren kontra hartu duten jarrera ez da intentziorik gabea izan. Oso helburu argia izan du: ezker abertzalearen oinarria estrategiari buruzko eztabaidan bete-betean murgildua zegoenean, gu jotzen, gure bakartze fisikoan zein politikoan indar eginez aritu dira —bitartekarien atxilo eta espetxeratzea kasurako—, gauero amesten duten ezker abertzalearen zatiketa gertatuko zelakoan. Behin eta berriz huts egin dute. Aplikatzen diguten bakartze politika hau zeharo mingarria da. Baina mingarria bezain antzua da gu gure herriko jendarte eta errealitate politikoarekiko bakartze saio oro.
Nola espero duzue joango dela, hemendik aurrera, konponbiderako prozesua? Zein helburu duzue 2014. urtearen bukaerarako? Zer-nolako egoera aurreikusten duzue epe ertain bati begira?
M. I.: Asmoak baino ezin ditzakegu mahai gainean jar. Gauzak ez dira berez etortzen, ekin egin behar da dagoena aldatzeko. Guretzat Bilbon urtarrilaren 11n bildu zen jendetzaren mezua honako hau izan zen: «2014ak euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko urtea izan behar du!». Gure ustez, helburu horrek inoizko adostasunik eta babesik zabalena du euskal jendartean. Erabaki politiko historikoak hartu eta jada jokaleku berri batean murgildurik gauden honetan, euskal preso politikook eskubideen jabe izatea eta etxeratze bidean Euskal Herrian egotea guztion artean erdietsi beharreko helburua iruditzen zaigu. Askatasunera eta bakera hurbilduko gintuzkeen urrats garrantzitsua litzateke.
J. O.: Eragile sozial eta politikoei dei egiten diegu ahalik eta azkarren EPPKren mintzaideokin harremanetan jar daitezen, helburu hori lortzeko zer egin asmo dugun azal diezaiegun. Euskal herritarrei, berriz, gure jarduera politikoa eraginkorra izate aldera zubi diren bitartekariak babestu ez ezik, beraiek ere gure ahotsa izateko deia egiten diegu. Presoak Euskal Herriratzeko erabakia hartzera behartu behar ditugu estatuak. Gu horretara goaz: 2014. urte amaieran euskal preso politikoen senide eta lagunek ez dezatela gehiago bidaia luzerik egin behar izan Euskal Herritik kanpo gu ikustera etortzeko bizia arriskuan jarriz. Helburu ederra iruditzen zaigu, onura besterik ekarriko ez duena mundu guztiarentzat, eta, batez ere, konponbide prozesuarentzat. Giltza haiek badute ere, egin beharrekoa egitea gure esku dago. Adierazpenean esan bezala, horretan ardura osoz jokatuko dugu EPPK-ko kideok. Helburu hori lortzeko, dugun onena emango dugu.
Euskal presoak. EPPK-ko mintzaidetzarekin elkarrizketa. Marixol Iparragirre eta Jon Olarra. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzaideak
«Destino aldaketa eskatuko dugu: Espainiako ziegetan gauzkatenak Zaballako espetxera aldatzea»
EPPK-k prestatua du konponbideari ekarpenak egiteko ezinbestekotzat duen neurria gauzatu ahal izateko bidea: Euskal Herrian batzekoa. Aurki egingo dituzte eskaerak multzoka, legeak baliabide gisa erabilita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu