Despopulatzea, udal mapa, berdintasuna eta trantsizio energetikoa ditu xede Alkuazek

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak urtebete darama karguan, eta «ahalik eta kontsentsu zabalenak» bilatu dituztela goraipatu du.

Xabier Alkuaz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. IÑAKI PORTO / EFE
Xabier Alkuaz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. IÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2024ko urriaren 8a
13:55
Entzun

Urtebete darama karguan, eta aurrera begirako helburuei erreparatu nahi izan die Xabier Alkuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente eta Tafallako alkateak. «Gure udalei eta kontzejuei egunetik egunera eragiten dieten gaiei heldu nahi diegu. Hala nola despopulatzea, berdintasuna, trantsizio energetikoa edo udal maparen erreforma». Elizak immatrikulatutako ondareak ere kezkatzen dute federazioko buruzagia.

Legealdia hasi berritan, EH Bilduko Xabier Alkuaz UPNko Alejandro Toquerori gailendu zitzaion Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente izateko lehian. Nafarroako hautetsi ugariren babesa jaso zuen, tartean PSNkoena —sozialistek gerora Iruñean egin zutenaren aurrekari gisa—. Gaurko agerraldian, Alkuazek berriro lortu du iaz lortutako babes zabala bai lehendakari izateko, bai eta federazio barruko organoak zein zuzendaritza osatzeko ere. 

Atzera begirako errepaso horretan, Alkuazek nabarmendu du «ahalik eta kontsentsurik zabalena» lortu nahi izan dutela Nafarroako Gobernuarekin eta beste eragileekin. Dena den, bere hitzetan, ez da beti posible izan ados jartzea; kasurako, haur eskolen aferan. Espero du akordioak lortzeko gai izango direla.

Xedeei begira, despopulatzea da nabarmenetakoa. Alkuazek gogora ekarri du Nafarroan udalen %70ek mila biztanletik behera dituztela, eta 166 udalerri aurkitzen direla arriskuan. Oraintxe, despopulatzeari aurre egiteko lege proiektua lantzen ari da Nafarroako Gobernua, eta Alkuazek galdegin dio federazioa entzun behar duela. Parte-hartze prozesu bat lantzen ari dira federazio barruan: «Helburua da tokiko erakundeen ondorioak biltzea txosten batean, eta haren edukia kontuan izan dezala legea lantzean», aipatu du.

Udal maparen erreforma garatzeko dago, eta Alkuazek espero du legealdian urratsak egingo direla. Horri loturik, aurreko legealdian udalen finantzaketarako akordioa lortu zen parlamentuan, baina Alkuazek uste du oraindik administrazioen arteko eskumenak zehazteko daudela. «Nafarroako Gobernuak proposamen bat egin behar dio legebiltzarrari, elkarren arteko eskumenak argitzeko». Gai horretan irtenbide batera heltzea espero du.

Urte honetan landutako gaien artean daude pertsona zaurgarriak erroldatzeko protokoloa, udaletako berdintasun planak eta trantsizio energetikorako neurriak.

Beste lehentasunetako bat Elizak immatrikulatutako ondasunak dira. «Tokiko erakundeen eskuetan egon behar luketen ondare komunak immatrikulatu zituen Elizak». Ondare publikoaren defentsa aldarrikatu du.

UPNren mehatxuaz

Iaz, UPNk mehatxu egin zuen bere ordezkariek federazioa utziko zutela. Horri buruz galdetu diote Alkuazi, eta argitu du ez dutela federaziotik alde egin. «Inork ez dio ordezkari izateari utzi, ez dago horri buruz ezer». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.