Desobedientziagatik auzipetutako zortzi gazte ez dira epaiketara agertuko

Gasteizko herri harresian aginteari desobeditzea leporatzen diete, eta bederatzi hilabete eta urtebete arteko zigorra galdegin du fiskaltzak

Atxiloketen aurkako herri harresia, iaz, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Desobedientzia akusazioari desobedientziaz erantzungo diote Gasteizko herri harresian parte hartu zuten zortzi gazte auzipetuk. Aginteari desobeditzea egotzita, zortzien kontrako epaiketa hastekoa da gaur Gasteizen; baina auzipetuek jakinarazi dutenez, epaiketara ez joatea erabaki dute. Gazteek ez dute ukatu aginteari desobeditu izana. Aldiz, desobedientziaren aldeko hautua berretsi dute. Legearen eta justiziaren artean aukeratzera behartuz gero, justiziaren alde lerrokatuko direla adierazi dute. Gasteizko Harresia mugimenduak elkarretaratzera deitu du gaurko, 12:30ean, Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, eta iragarri du «berri garrantzitsu bat» emango duela.

Espainiako Fiskaltzak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du zazpi auzipeturentzat, eta urtebetekoa zortzigarrenarentzat, aurrekariak dituela argudiatuta.

Iazko maiatzaren 18an, Alaia Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Estebanen atxilotzea oztopatzeko Gasteizen eraiki zen herri harresian parte hartu zuten zortzi gazteek. Zaldibar, Robles eta Estebani seina urteko kartzela zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, Segiko kide izatea leporatuta. Hirurak absolbituta daude, egun.

Izaskun Goienetxeak Hala Bedi irratiari egindako adierazpenetan defendatu egin du egun hartako jarrera. «Ez dugu egin genuena ukatzen. Oso harro gaude gure lagunak babesteaz. Berriro ere egingo genuke». Goienetxearen esanetan, «legearen eta justiziaren artean aukeratzera behartu» zituzten, eta haiek «justiziaren alde lerrokatu» ziren.

Gazteen iritziz, herri harresian «sarraskia» eragin zuten ertzainak auzipetu beharko lirateke. Goienetxeak EAJri galdegin dio «Madrildik datozen erabaki eta sententzia bidegabeei» aurre egin diezaiela.

Gaur epaitzekoak diren gazteez gain, beste bi auzipetu zituzten Gasteizko herri harresiko gertakariengatik. Bi gazteek fiskaltzarekin adostu zuten zigorra isun ekonomikora mugatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.