Epaiketa

Desobedientzia ekintza justifikatu dute Bakegileek Akizeko auzitegian

Prokuradoreak ontzat eman ditu gatazkaren konponbidean izandako urratsak, eta «sentsibilizazio eta pedagogia» ekintza gisa aurkeztu du Bakegileena; 1.500 euroko isuna eskatu du, gibelabenarekin

Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko abenduaren 15a
20:30
Entzun

«Nahi genuen auzia izan dugu; Frantziako Estatua jarri dugu auzitan». Hitz horiek izan ditu Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak ostegun arratsaldean, Akizeko (Okzitania) Auzitegiaren aitzinean. Bederatzi Bakegile epaitu dituzte, joan den uztailaren 23ko blokatze egunean Akize eta Baiona arteko trenbidea moztea leporatuta. Ehunka herritarrek Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten egun hartan, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak baldintzapean aske utz zitzatela eskatu, eta Frantziako Gobernua gatazkaren konponbide prozesuan urratsak egitera bultzatzeko. Epaitegiaren aitzinean, ekintzaren zilegitasuna justifikatu dute Bakegileek, eta «premiazko egoerak» bultzatua izan zela alegatu dute abokatuek. Anne Kayanakis prokuradoreak ere ontzat eman ditu azken urteetan gaztakaren ondorioen konponbidean egin diren urratsak. «Sentsibilizazio eta pedagogia» ekintza gisa aurkeztu du Bakegileena; lapurretaren akusazioa baztertu du. 1.500 euroko isuna eskatu du ekintzaile bakoitzarentzat, gibelarepenarekin. Urtarrilaren 26an jakinaraziko du erabakia epaileak.

Berrehun bat pertsona bildu dira Akizen auzipetuei babesa erakusteko, Bakea Euskal Herrian. Bederatziak errugabetu zioen pankarta batekin. Euskal Herriko gatazka, eta berau konpontzeko azken urteetako prozesua izan da aipagai nagusi auzitegi barnean. «Betidanik ezagutu dut gatazka nire herrian», kontatu du Alice Leizagezahar auziperatuak. Aietetik ETAren desegiterainoko urrats guziak azaldu dituzte auzi saio guzian, bai auzipetuek, bai lekukoek eta baita defentsako abokatuek ere. «Gatazka armatuak Euskal Herria urratu du», adierazi du lekuko gisa deklaratzera deitua zuten Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Euskal gatazkaren «egunerokotasuna» aipatu du Herve Espiet abokatuak, «ekintza-errepresio etengabeko zirkulu zikoitza».

Gaur egun, bi gai nagusi konpontzeke daudela erran du Espietek: presoena eta biktimena. «Biktimen minaz kontziente gara, baina nahiko genuke min guziak aitortuak izatea», adierazi du Panpi Sainte-Marie auzipetuak. Esnalek eta Parotek presondegian pasatako 32 urteak azpimarratu ditu: «Ordaindu dute, garesti ordaindu ere».

Azken urteetan Frantziako eta Espainiako Estatuek izandako «isiltasuna» deitoratu du Etxegaraik.«Baldintzapeko askatasunen erabakiak lehenago hartuak izan balira ez zen uztailaren 23ko ekintzarik izanen». Blokatze egunaren zilegitasuna defendatu du, behin eta berriz: «Ez banintz Baionako auzapez, haien artean izanen nintzen; beharbada trenbidera lotua».

Espietek oroitarazi du Frantziako Estatuan justizia ez dela «independentea». Gobernuak finkatzen duela politika penala, eta hori jarraitzen duela fiskaltzak. Herritarren presio politikoa beharrezkoa zela erakustera eman du lekuko gisa deklaratu duen Jean Daniel Elixiri Bakegileak: «Terrorismoaren kontrako fiskaltzak sistematikoki dei egiten zuen baldintzapeko askatasun eskaeretan. Orain arte bigarren instantzian fiskaltzaren eskaerak segitzen zituzten. Gure ekintzaren ondotik aldaketa gertatu da. Beraz, balio izan du».

Anne-Marie Mendiburu abokatuak, bere aldetik, «premiazko egoera» alegatu du, Frantziako jurisprudientzian bermatuta. Haren hitzetan fiskaltzaren jarrera ez zen justizia irizpide batzuek gidatua: «printzipiozko jarrera bat zuten, bi preso horiek ezin zuten baldintzapeko askatasunik eskuratu». Herritarren ekintzarik izan ez balitz Esnal eta Parot «heriotz zigorrera kondenatuak» zirela erran du.

Lurralde mailako antolaketa

Uztailaren 23ko eguna antolatzeko izan zuten prestaketa lana aipatu du Elixirik. Ipar Euskal Herriko egitura gehienak deitu zituzten jakinean eman, eta eguna elkarrekin antolatzeko. Osasun arlokoak, ekonomia arlokoak... «SNCF tren konpainia ere, baina ez zigun erantzun». Bakegileek Akitania eskualdeko zuzendariari idatzi ziotela erran du Arantxa Ihidoi abokatuak. «Beste egitura batzuek bezala kudeatu zezakeen».

Daniel Olzomendi Euska Hirigune Elkargoko turismorako lehendakariordeak esplikatu du zerbitzu publikoak egokitu zituztela blokatze egunerako:hondakinen bilketaren ordutegiak aldatu zituzten, igerilekuak eta mediatekak itxi. Elkargoaren kanal ofizialetatik komunikatu zuten horri buruz. «Pentsa genezake eragin negatiboa izan zuela turismoarentzat. Ez da hala. Lan handia egin zen herritarrei eta zerbitzu hornitzaileei begira».Bortizkeriarik gabeko koadroa errespetatua izan zela erran du Elixirik. «Blokatzeez gain ez zen desordenik izan»

Karakterizazio falta

SNCF tren konpainiako abokatuak ez die galdera bakar bat ere egin auzipetuei. Azken orduko gonbidatua izan da Akizeko epaiketan, asteazkenean jakinarazi baitu tren konpainiak parte zibil gisa jarriko zela. «Auzi politikoaz harago, uztailaren 23an izan genituen eragozpenak interesatzen zaizkigu. Guri ez dagokigu auzi politikoaz erantzutea», adierazi du abokatuak. Jasandako kalteak «erreparatzea» nahi du; zehazki, 159.000 euroko kalte ordaina. Besteak beste, bezeroei itzuli behar izan dieten dirua aipatu du. Alde hori berantago epaitzeko eskatu du, zibiletik.

Umore puntu batekin erantzun du Espietek, SNCFko trenek izan ohi dituzten «berantei» erreparatuta. Irmoago jo du Christophe Deprez abokatuak. Egun hartan SNCFk izandako eragozpenak ekintzarekin lotuak direla ukatu du. «Lotura frogatu behar da». Ekintzak ordubete eskas iraun zuela erran du, eta aitzinetik abisatua izanik, tren konpainia «gai» izan beharko zela hori kudeatzeko.

Trenbidera baimenik gabe sartu zirela ere ukatu du Deprezek. «Inork ikusi du seinalerik sarrera debekatua zela erranez?», galdetu du. Ke poteen lapurreta ukatu, eta arriskuak murrizteko balio izan zutela erran du.Bere iritziz aukera bakarra du epaileak: auzipetuak errugabe jotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.