Hala dio Sorturen eratze prozesuaren bigarren txostenak. Alderdiaren ildo politikoa jasotzen da bertan, eta atzo aurkeztu zuten Pernando Barrenak, Maribi Ugarteburuk eta Joseba Alvarezek. Txosten horri buruzko eztabaida saioak hilaren 15ean egingo dira, eta testua Sorturen webgunean dago eskuragarri (www.sortu.net). Hona hemen edukien laburpena:
Estrategia politikoa
Konfrontazio demokratikoaSortuk «askapen nazionala eta eraldaketa soziala» ditu helburu, eta «izaera sozialistako estatu independentea» eraiki nahi du. Txostenak dio «Euskal Langile Herria» dela Sortuk aintzat hartzen duen «subjektu iraultzailea». Euskal Herriko independentista eta sozialista guztiak bildu nahi ditu, eta, horretarako, alderdiaren barruan «ezkerra eta sozialismoa ulertzeko modu guztiek» lekua izan behar dutela dio.
«Borroka moldeei» dagokienez, aldebakartasuna eta konfrontazio demokratikoa bultzatuko ditu Sortuk. Horien bitartez, Espainiako eta Frantziako estatuen «inposizioei» aurre egin eta «jarrera immobilisten blokeoa» hautsi nahi du. Aldebakartasuna batez ere euskal gizarteari eta nazioarteko komunitateari zuzendutako urrats politikoa dela dio, «elkarrizketarako, negoziaziorako nahiz estatuekiko aldebiko akordio politikorako espazioak sustatzeko».
Desobedientzia zibilari eta politikoari dagokienez, txostenak dio borroka tresna eraginkorrak direla egungo egoerari erantzuteko eta «Euskal Herriaren interes indibidual eta kolektiboak defendatuko dituen herri boterea estatuen boterearen aurrez aurre jartzeko».
Nazio eraikuntza eta eraldaketari buruz, berriz, herritarren parte hartzearen eta «kontzientziazioaren» bidez garatu behar den konfrontazioren parte direla dio, eta prozesu horren ardatza nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala uztartzen dituen Ezkerretik Eraikiz dinamika izango dela. Txostenean jasotzen denez, dinamika horrek Euskal Herri osoa hartzen du kontuan, nazio egituraketan eta instituzionalizazioan aurrera egiten laguntzen du, gatazkaren izaera politikoa agerian uzten du, eskubideen urraketa azaleratzen du, Euskal Herriaren hizkuntza nazionala berrezartzeko estrategia eta eraldaketa soziala lortzeko estrategia irizpide ditu, herritarren parte hartzean oinarritua dago, printzipio eta balio feministak kontuan hartzen ditu, aniztasunaren errespetutik bideratzen da, eta ikuspegi ekologistatik gauzatzen da.
Taktika politikoa
Indar metaketaHelburu estrategikoak lortzeko , honako urrats eta zeregin hauek zehazten ditu Sortuk: aliantza politikoa eta indar metaketa erraztea; eskubide nazional eta sozialen gutxieneko oinarrien gainean baldintza objektibo eta subjektiboak sortzea; egituratze politiko, sozial eta sindikala sustatzea; eta parte hartzea sustatzea.
Alderdi berriak dio badakiela independentzia erdiestea eta sozialismoa eraikitzea ez direla «gauetik goizera» lortuko. Hori hala, bide horretan fase taktiko ezberdinak beharko direla dio, «indar erlazioa eta korrelazioa aldatzen joateko eta aldaketa politiko eta sozialaren alde jartzeko». Sorturen ustez, nazio askapenerako prozesua konfrontazio politikoko fase batetik igaro behar da. Hala, ezker abertzaleak EArekin, Alternatibarekin, Aralarrekin eta ABrekin batera osatutako aliantza estrategikoren aldeko apustua berresten du, eta prozesu horretan indarrak batzen jarraitzeko asmoa agertzen, «Herritarren Bloke Independentista» sortzeko helburuarekin. Prozesu horretan berebiziko garrantzia izango du, Sorturen aburuz, erabakitzeko eskubidearen inguruan dauden sektore sozial, sindikal eta politikoak biltzea. Horren harira, Sortuk dio prozesu hori ez dela hauteskunde interesekin lotu behar. Hala, gainerako indarrei bezala, EAJri ere «ibilbide demokratikoa egiteko eskaintza» egin beharko zaiola dio.
Gatazkaren konponbidea
Akordio barneratzaileakAieteko Adierazpenean eta Gernikako Akordioan jasotako planteamenduak berresten ditu Sortuk. Hala, txostenean dio lehenengo «etapa» batean —normalizazio politikoa deitzen dio horri— konponbideak aztertu, landu eta eskaini behar direla gatazkaren ondorioak konpontzeko (presoak, biktimak, ETAren armagabetzea...). Aieteko Adierazpenaren ildotik prozesu hori estatuek eta ETAk garatu beharko lukete. Dena den, Sortuk salatu du estatuek gatazkaren ondorioen konponbiderako duten «beto eskubidea» aprobetxatu nahi dutela prozesua oztopatzeko eta moteltzeko. Eta adibide gisa jarri du presoen auzia. Testuinguru horretan, ekimen eta proposamen berriak garatu beharko direla dio, «bai herri mugimenduaren eragina zabaltzeko, bai arlo politiko eta sozialean konpromisoak azkartzeko, bai Estatuari kontraesanak areagotzeko, bai nazioartearen inplikazioa indartzeko, bai presoek beraiek egin ditzaketen ekimenak errazteko».
Bigarren fase batean, gatazkaren konponbiderako irtenbide demokratikoak adostu behar direla dio, elkarrizketa eta akordio barneratzaileen bidez agertoki demokratiko bat eraikitzeko. Horren harira, Sortuk nabarmendu du elkarrizketa politikoan sakontzeko aukera zabaldu dela. «Alde batetik, Aieteko Adierazpenak berak jarritako oinarriari esker, eta bestetik, hauteskunde bidez, ilegalizazio dinamika gaindituta, indar politiko guztiek ordezkaritza lortu izanak aukerak biderkatuko dituelako».