Desobedientzia ardatz hartuta, jardunaldiak egingo dituzte ekainean Gasteizen

Desobedientzia aztergai izango dute ekainaren 8an eta 9an, errealitatea aldatzeko ahaleginaren erakusgarri den aldetik

Ez obeditzearen artea jardunaldien aurkezpena egin zuten atzo Gasteizen. JUANAN RUIZ- / ARGAZKI PRESS.
2013ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ez obeditzearen artea izenpean,ekainaren 8an eta 9an desobedientzia izango dute ardatz Gasteizen egingo dituzten jardunaldiek. Eleak mugimenduak, Arabako Fracking Ez elkarteak, Herrira-k, AHT Geldituk eta Joxemi Zumalabe fundazioko kideek antolatu dituzte jardunaldiak, Euskal Herriak gaur egun duen egoeraren hausnarketa egitean hainbat alorretan bat egiten dutela jabetuta. Talde horiei guztiei Euskal Herriaren azken hamarkadetako eraldaketa ulertzeko beharrezko aldagaia iruditu zaie herri mugimenduak izan duen jarrera; herri mugimendutik jaiotako proposamenak, aukerak eta erresistentzia kasu. «Horrela jarraitu beharko du herri mugimenduak gaur egun dagoen gizarteari neurria hartuta», adierazi dute.

Guztiek bat egiten dute Euskal Herria «sakon» ari dela aldatzen. «Euskal gizartean, arnasa luzeko aldaketa sakona ari gara bizitzen, eta ezinbestekoa zaigu aldaketa horri neurria hartzea», esan dute. Eraldaketa horretan bi aldagai nagusi daudela nabarmendu dute. Batetik, nazio gatazkari dagokionez demokratizazio fasean dagoela gizartea. «Herri borroka presente egonik ere, sistema politiko demokratikoaren eta bide instituzionalen legitimatze eta indartze prozesuan». Bestetik, demokratizazioa desagertze prozesuan murgilduta dagoela ere pentsatzen dute. Krisiaren «aitzakiapean» gizarteko eredu aldaketa «inposatzen» dutela salatu dute. «Eskubide sozialak desagerraraziz, eta kalean horri aurre egiteko tresna diren eskubide zibil eta politikoak indargabetuz». Herritarrentzat sistema politiko demokratikoak eta erakundeek legitimazioa galdu dutela uste dute.

Legediaren jarrerak arduratzen dituela jakinarazi dute, hark «arma eta muga» gisa jarduten duela salatu dute. «Protestarako eta eredu aldizkakoen garapenerako legediak baimentzen dituen espazio eta zirrikituak gero eta uzkurragoak eta antzuagoak dira», adierazi dute. Horiek horrela, legedia gero eta «estuagoa» denean, «logika demokratiko hutsak» gainditzen dituzten praktikek ezinbestekoagoak izan beharko luketela nabarmendu dute.

Bi galderari erantzuna eman nahi diote jardunaldien antolatzaileek. «Beharrezkoak al ditugu legedia eta hura deslegitimatuko dituzten diskurtsoak? Beharrezkoak al ditugu legedia gainditzen dituzten praktikak eta borroka moldeak?». Argi dute baietz. Eta borroka molde horietako bat, «zalantzarik gabe», desobedientzia dela esan dute. Beraz, hori oinarri hartuta, egungo egoerari aurre egin eta borroka molde horri buruz hausnartzeko antolatu dituzte jardunaldi horiek. «Helburu nagusia nork bere esparruan dinamika desobedienteak garatzeko ezagutzak eta ideiak trukatzea da», adierazi dute.

Ekainaren 8an eta 9an

Gasteizen desobedientziak hartuko du garrantzia hilaren 8an eta 9an.

Lehenengo egunean bi mahai inguru egingo dituzte. Lehenengoa 11:00etatik 14:00etara bitartean izango da. Desobeditzen ikasten: esperientzia desobedienteak eta horien ezaugarriak Euskal Herrian azken hamarkadetan izenpean. Gonbidatuak Mario Zubiaga, Marta Luxan eta Raul Zibechi izango dira. Bigarrena, 16:00etatik 17:30era bitartean, Desobendientzia sustatzen: nola garatu dinamika desobedienteak egun eta aurrera begira Euskal Herrian? izenpean. Bertan parte hartuko dute Bilgune Feministak, Eleak mugimenduak eta Mugitu-ko kide Julio Villanuevak. Parte hartzaileek gogoetarako aukera ere izango dute.

Bigarren egunerako legediari buruzko eta beldurrari buruzko bi tailer antolatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.