2015eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %19 jaitsi dira desjabetzeak Hego Euskal Herrian aurten; 461etik 375era iragan da kopurua. Atzo argitaratu zituen datuak CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, autonomia erkidegoka banatuta. Ez dute zehaztu desjabetzeak zein ondasun motatakoak izan diren, ezta horietatik zenbat izan diren etxe kaleratzeak ere. Krisiaren eragina erakunde judizialetan izeneko txostenaren arabera, desjabetzeen erdiak baino gehiago (%63) alokatutako etxebizitzetan egin dituzte, alokairuaren legeari aplikatuz —gehienbat kuota ez pagatzeagatik izaten dira—: 235 guztira. Alta, iaz baino %19 kasu gutxiago egon dira. Halaber, %12ko beherakada izan dute exekuzio hipotekarioek eragindako desjabetzeek; orotara, 120 izan dira: %32.
Azken hiru urteak aintzat hartuz gero, alokairuekin lotutako desjabetzeak %31 jaitsi dira, eta exekuzio hipotekarioek eragindakoak, aldiz, %26 igo dira. Izan ere, 2013ko lehen hiruhilekoan 95 desjabetze gauzatu ziren. Aurreko urtearekin alderatuta, baina, %12ko beherakada egon da.
Konkurtso gutxiago
Beste molde bateko datuak ere agertu ditu txostenak: konkurtsora jo duten pertsona ez-enpresaburuak gutxiago izan dira aurtengo lehen hiruhilekoan. 2015eko urtarriletik martxora, 124 konkurtso aurkeztu ziren; 2016 hasieran, berriz, 65: %48 jaitsi dira, beraz. Gehienak Gipuzkoa, Bizkai eta Araban izan dira, Nafarroan pertsona bakarrak jo baitu konkurtsora aurten.
Desjabetzeak %19 jaitsi dira Hego Euskal Herrian 2016ko lehen hiruhilekoan
Desjabetzeen %63 alokairuengatik izan dira, eta %32, berriz, exekuzio hipotekarioengatik. Guztira 375 kasu egon dira martxora bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu