Desobiratzeak aurrera, oztopo guztien gainetik

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 40 familiak baino gehiagok eskatu dute beren senitartekoen gorpuzkiak itzultzeko.

Paco Etxeberria, erdian, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Cuelgamurosera egin zuen bisitan. FERNANDO CALVO / EFE
Paco Etxeberria, erdian, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Cuelgamurosera egin zuen bisitan. FERNANDO CALVO / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko maiatzaren 6a
12:00
Entzun

Osabak, gurasoen senideak edo aitatxi-amatxienak. Anitz dira Cuelgamuros haranean (Espainia) dauden biktimak –2022an horrela izendatu zuten Erorien Harana– eta bertze hainbertze horien bila dabiltzan senideak. Zehazki, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik 40 familia baino gehiagok eskatu dute beren senitartekoen gorpuzkiak itzultzeko; guztira, 166 eskaera daude. Paco Etxeberria auzi medikua buru, ia 30 laguneko taldea dabil desobiratze lanetan: sei auzitegiko mediku eta bertze hainbat alorretako hogei profesional, hala nola historialariak, antropologoak eta genetikariak. Ia urtebete daramate lan horretan, baina joan den astean, lehenbizikoz, biktimen familiak bertaratu ahal izan ziren. «Duela urte batzuk desobiratze plan berezi bat prestatu genuen Cuelgamuroserako, bertan zehaztu nuen beharrezkoa zela familiek auzitegi medikuen taldea ezagutzea, baita instalazioak ere. Hori bikimen senideen eskubide bat da», zehaztu du Etxeberriak.

Bisita horiek astelehenero eginen dituzte, egun horretan haranerako sarbidea itxita egon ohi baita. Joan den asteko saioan, hainbat familia bertaratu ziren, eta larunbatean, berriz, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea; gaur ere jarraituko dute bisitek, eta tartean, Elorrioko (Bizkaia) familia bat joanen da. Etxeberriak saio horien garrantzia zein den baldin badaki ere, azaldu du orain arte ez dela «abagune egokia» izan: «Guztia hautsez eta eraikuntzako materialez beteta zegoen. Gainera, ez genekien zein zen kolunbarioen arazoa».

Urte bat geroago, baina, badakite zer duten esku artean, eta «kontrolatuago» dago egoera. Hala, Laneko Arriskuen Prebentziorako plan bat dute martxan, eta Etxeberriak azaldu horren arabera «zorrotz» jardun behar dutela: «Milaka gorpuzki aztertzen ari gara, eta oso hondatuta dauden kutxak. Horregatik, badugu aireztapen sistema bat airea berritzeko, eta sartu eta ateratzeko baldintzak; kolunbarioetan ahalik eta denbora gutxien egoten saiatzen gara». Neurri horiekin bada ere, joan den urteko ekainean hasitako lanarekin jarraitzen dute: gorpuzkiak itzultzeko eskatu zuten horien kutxen bila. «Kutxak errotulu bat zutela iritsi ziren haranera, zenbaki eta izen batzuk jarrita. Orain, oso hondatuta daude, oso gaizki; hortaz, auzitegi medikuek erabiltzen dituzten lupa berezi batzuekin saiatzen gara hitz osoak irakurtzen, begiz ulertu ezin direnak».

«Kutxak errotulu bat zutela iritsi ziren haranera, zenbaki eta izen batzuk jarrita. Orain, oso hondatuta daude, oso gaizki; hortaz, auzitegi medikuek erabiltzen dituzten lupa berezi batzuekin saiatzen gara hitz osoak irakurtzen, begiz ulertu ezin direnak».

PACO ETXEBERRIAAuzitegi medikua

Eskaera egin dutenen kutxak identifikatzen dituztenean, Cuelgamurosen prestatu duten laborategietako batera eramaten dituzte. Han, analizatu egiten dituzte gorpuzki horiek: laginak hartu, eta genetikako bertze laborategi batera igorri. Senideen DNArekin alderatu behar dira hezurretatik lortutako laginak. Etxeberriak zehaztu du bi aldeetako biktimei lotutako eskaerak jaso dituztela.

Francoren erregimenak lau sailetan sailkatu zituen hildakoak Erorien Haranean: A, B, C edo D sailetan. Letra bat edo bertze eman zitzaien gorpuzkiei, kriptaren arabera eta kontuan hartuta jakina ote zen hezurrak norenak ziren. A letrarekin sailkatu zituztenen senitartekoek aukera izan zuten gorpuzkiak bertara eraman edo ez erabakitzeko, baina gainerakoek ez. Hezurrak egurrezko kaxetan sartu zituzten; batzuetan, banaka, eta, bertze batzuetan, taldeka; eta haien jatorriari buruzko informazioa idatzi zuten haietan.

Lanean dabiltza, baina Etxeberriak aitortu du «erdizka» ari direla, errekurtso baten ebazpenaren zain daudelako: «Orain esan dute udalak eman zigun obra baimena ez dela nahikoa; izan ere, ondare balioa duen eraikina da, eta esan dute beste baimen bat behar dugula, arkitekturaren ikuspuntutik argudio gehiago dituena». Hortaz, orain historia analisiak, artxiboaren dokumentazioa, biktimen biografiak eta analisi genetikoak egiten dabiltza.

Trabak nonahi

Oraingoa, baina, ez da Etxeberriaren taldeak izan duen oztopo bakarra. Izan ere, jakinarazi zutenetik desobiratze lanetan hasiko zirela, lantaldeak andana bat «etenaldi» jasan behar izan ditu. Eskuineko eta ultraeskuineko taldeek sustatutako oztopoak dira gehienak. La Asociacion para la Defensa del Valle de los Caidos (Erorien Haraneko Defentsarako Elkartea) izeneko taldea da horietako bat: iazko ekainaren 8an erran zuen «legezko neurriekin» erantzunen zutela «gobernu sozial komunistak» haranaren kontra abiatu duen «azken erasoaldia, zeinak bertan dauden gorpuzkiak profanatuko dituen».

Erran eta egin. Administrazioarekiko auzibidean aurkitu zuten bidea, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuten. Ez dute arrakasta handirik izan, eta, gainera, epaiketako kostuak ordaintzera behartu dituzte. Horrez gain, fiskaltzak beste eskaera bat egin du: emakume batek isun bat ordaintzea. Izan ere, epaitegi batek desobiratzeak zazpi egunez geldiaraztea lortu zuen emazteki horrek, argudiatuta lan horiek bere amatxi zenaren «hilobiari» eragiten ziotela eta lana egiteko bete beharreko izapideak egin gabe zituztela. Baieztapen hori, baina, Espainiako Auzitegi Nazionaleko administrazioarekiko auzien 11. epaitegiak deuseztatu zuen, frogatu baitzuten emakumearen senidea ez dagoela lanak egiten ari diren lekuan ehortzia; eta, gainera, salatzaileak «ez zuela aipatu» bazekiela Espainiako Gobernuak martxan jarriak zituela hainbat neurri baimenak izateko.

Beraz, ez zioten arrazoirik eman. Hala ere, andreak helegitea aurkeztu zuen erranda «eskubide erlijiosoa» urratzen ari direla. Fiskaltzaren iritziz, ordea, jarrera horrek «fede gaizto prozesala» erakusten du, eta «eskubide gehiegikeria». Hori dela eta, emakumeari isuna jartzeko eskatu du. Eskaera horrek zenbait erreakzio ekarri ditu, emakumea ordezkatzen duen Abogados Cristianos (Abokatu Kristauak) taldearenak tarteko. Horiek fiskalarengana jo dute, eta hark 3.000 euroko isuna ordaindu beharko lukeela adierazi. Azken espediente hori, baina, artxibatu egin zuten martxoaren amaieran «bidegabekoa» dela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.