«Deserrituek» ezingo dutela botorik eman uste du Aresek

Maezturi «gaiztoa eta arriskutsua» iruditzen zaio alde egindakoen kopurua puztea eta bozekin lotzea

Antonio Basagoiti eta Jorge Fernandez Diaz, atzo, Bilbon. M. RAMIREZ / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
ETAren mehatxuagatik Euskal Herritik alde egindako «deserrituek» jaioterrian botoa ematea «hauteskunde amets bat»dela uste du Rodolfo Aresek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. PPk egindako proposamenak, aurrera ateratzeko «juridikoki» zaila izateaz gain, politikoki «desegokiak» diren ertzak ere dituela, Aresen iritziz: «Argentinan bizi direnak eta Madrilen bizi direnak parekatu nahi dira, eta nabarmena da Madrilen bizi direnak ez direla atzerrian bizi».

EAEko PPren buru Antonio Basagoitik egindako proposamena berriz ere aireratu zuen igandean Jorge Fernandez Diazek Oroimenari eta Bizikdetzari buruzko Biltzarrean —PPk otsailean Sevillan egin zuen kongresuan onartu zuten Basagoitiren ponentzia—. Bertan bizi ez diren arren Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak izan eta ETAren mehatxuagatik handik joan direnek botoa emateko aukera izatea nahi dute. Espainiako Gobernua proposamen hori aztertzen ari dela eta legea aldatzea pentsatzen ari direla esan zuen Fernandez Diazek herenegun. Atzo ere hitz egin zuen gaiaz, Basagoitirekin batera Forum Europan zegoela. «Deserritu» horiek botoa eman ahal izatea juridikoki eta politikoki zaila izango dela esan zuen, baina ez direla «ikaratuko», eta «konponbide bat» topatuko dutela jakinarazi zuen.

ETAren mehatxuagatik Euskal Herritik ihes egindakoak 45.000 eta 60.000 artekoak direla uste du PPk. Hain justu, arrazoi horiek tarteko ihes egindako jendearen kopurua puzten ari da PP, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearen iritzian. «Goitik» kalkulatzea, eta hori bozekin nahastea «gaiztoa eta arriskutsua» dela uste du: «Eztabaida arriskutsua da pertsonak eta botoak modu horretara lotzea, hauteskunde lehia baten aurrean». Atzo Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan esan zuenez, egin beharrekoa alde egitera behartuta sentitu ziren pertsona horiei «bere proiektu pertsonala herri honetan aurrera eraman ahal izateko erraztasunak jartzea da».

Aurrena, hori egitea nahi duten edo ez aztertu beharko litzatekeela uste du Aralarreko koordinatzaileordeak. «Hona itzuli nahi duten edo ez jakin behar da, eta hortik aurrera, eskubide zibil batzuk daude, eta haien artean botoa emateko eskubidea».

Gainera, «beste iheslari mota bat» ere badagoela ekarri du gogora Maeztuk, eta haiek ere ez direla ahaztu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.