Zeresana ematen ari da datua: gizonen %44,1ek —eta andreen %32,5ek— uste dute emakumeen berdintasunaren aldeko jarduna «urrunegi» iritsi dela eta orain gizonak diskriminatzen direla. Izan ere, izenburu horrek berretsi egin du hainbat eragilek feminismoaren aurkako erreakzioaren inguruan aspaldian piztua zuten susmoa. «Kezkagarria» dela aitortu du Maria Silvestre soziologoak ere: «Aldaketen aurkako erresistentzia adierazten du datuak, gizonen beldurra. %44k hala pentsatzeak esan nahi du %56k ez dutela horrelakorik uste, eta gehienak berdintasunaren aldekoak direla. Baina gizonen %44 asko dira, eta emakumeen herenak gehitu behar zaizkie: gizartearen parte handi bat da feminismoaren aldaketen harira erresistentzia egiten».
CIS Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroak atzo argitaratu zuen txostenekoa da datua: gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaz eta genero estereotipoez Espainian, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian azaroan egindako 4.000 inkestaren emaitzetako bat. «Hain urrun iritsi da emakumeen berdintasunaren sustapena, non orain gizonak baitaude diskriminatuak» baieztapenarekin oso ados agertu dira gizonen %22,4 eta emakumeen %15,1; eta nahiko ados daude gizonen %21,7 eta emakumeen %17,4. Galdera sorta berean, gizonen %74k eta andreen %81ek uste dute ez dela berdintasunik lortuko gizonek emakumeen eskubideen alde borrokatu ezean. Eta gizonen eta emakumeen %96k adierazi dute berdintasunak gizarte bidezkoagoa dakarrela.
«Feminismoak auzitan jartzen du nolako harremanak ditugun, nola eraikitzen dugun gure ingurua eta nola iristen garen boterera. Deserosoa izan behar du».
MARIA SILVESTRESoziologoa
«Gizonen artean badago halako kezka bat: nolako feminismoa egin behar den», laburtu du Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Erantsi du halako pentsamoldeetan pribilegioak eta eskubideak nahasten ari direla: «Egia da berdintasuna ona dela gizarte osoarentzat, baina egia da, era berean, gizarte parekide batek on egiten diela batez ere desberdintasun egoera batetik datozenei, eta pribilegioak dituztenek galdu egin beharko dituztela». Hortik dator gizonen erreakzioa: «Izan daiteke mehatxatuta sentitzea eta erresistentzia agertzea edo defentsiban jartzea, eta izan daiteke ez jakitea zer jarrera hartu halako aldaketak gertatzen direnean, ez jakitea nola jokatu, beren rola auzitan ikusten dutelako».
Adibide gisa jarri du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iazko ekainean adierazi izana bere inguruko 45-50 urteko gizonak deseroso daudela feminismoaren diskurtso batzuekin. «Haien pribilegioak agerian eta auzitan jartzen dituzte eta». Silvestrek, ordea, ez du uste feminismoak atsegina izan behar duenik: «Ikasgelan feminismoaz hitz egiten dudanean, sarri ikusten dut jendea aulkietan deseroso mugitzen, baina, aldiz, ez dira deseroso sentitzen egile neoliberalek esandako gauza oso larriekin. Zergatik eragiten du deserosotasun hori feminismoak? Feminismoarena ez da diskurtso atsegina, auzitan jartzen baitu nolako harremanak ditugun, nola eraikitzen dugun gure ingurua eta nola iristen garen boterera. Feminismoak deserosoa izan behar du».
Berriz ikastera
Baina deserosotasun hori eraikitzailea ere izan daitekeela aldarrikatu du soziologoak, «aldaketara egokitzeko» baliatzen bada: «Gizonek ez dakitela nola jokatu beren maskulinitatearekin? Ez dakitela konplimendu bat egokia den edo nola egin behar duten neskatan? Bada, ikasi beharko dute, harreman molde berriak eraikitzeko prozesuan parte hartu beharko dute».
Dena den, auzia kezkagarriagoa da, Silvestreren arabera, gizonen diskriminazioari buruzko galdera adinka aztertuta: baieztapenarekin bat egin dutenen artean, 16 eta 24 urte arteko gizonak dira gehienak (%51,8); 25-34 urtekoek (%40,2) eta 65-74koek (%40,8) babestu dute gutxien. Ikasgeletan ikusten ari denarekin bat dator gazteen arrakala hori: «Mutilek eta neskek indarkeriaren harira duten jarrera, kontrola eta zeloak hartzeko modua, hainbesteko desberdintasunik ez dagoela esatea… hori guztia nahiko presente dago». Eta bat dator, gainera, eskuin muturraren indartzearekin: «Diskurtso politikoki zuzenak auzitan jarri dituzte, feminismoaren eta berdintasun diskurtsoaren oinarriak ukitu, eta lehen halakorik esango ez lukeen jendeak orain sentitzen du baduela zilegitasuna esateko». Gazteen artean eragin berezia dutela ohartarazi du: «Voxek presentzia handia duen lekuetan, gazteak oso erreakzionarioak dira».
datuak
%49,2Desberdintasunik ikusten ez duten gizonak. CISen inkestaren arabera, gizonen ia erdiek uste dute genero desberdintasunak txikiak direla edo halakorik ia ez dagoela, eta %74k uste dute egun desberdintasunak duela hamar urte baino txikiagoak direla —emakumeen %67 dira iritzi horretakoak—.
%8,5Aitatasun baimena hartzearen aurkako gizonak. Gizon eta emakume gehienek txalotu egiten dute gizonek etxeko lanetan berdintasunez parte hartzea, baina parte batek ez du ondo ikusten gizonek 16 asteko aitatasun baimena hartzea: gizonen %8,5ek eta emakumeen %6,7k.
Harridura eragin du, era berean, diskurtso feministen aurka agertutako emakumeen proportzioak. Esate baterako, andreen %35,7k adierazi dute konplimenduak beti direla atseginak, eta %45,7k, berriz, txantxa matxisten aurkako kritikak gehiegizkoak direla. «Emakume askok uste dute feminismo erradikala txarra dela. Eta azken urteetan, agenda politikoan eta hedabideetan egon den diskurtsoa erradikalagoa izan da, transgresoreagoa».
Ez da berria
Edonola ere, halako erresistentziak ohikoak izan dira feminismoaren historian. Silvestrek gogora ekarri du Simone de Beauvoirren Bigarren sexua-k sekulako polemika eragin zuela argitaratu zenean, 1949an, eta Susan Faludik Backlash liburua idatzi zuela 1990eko urteetako erreakzio patriarkalaz. «Feminismoak protagonismoa hartu eta kuestionamendu sozial indartsuak egin dituen bakoitzean, erresistentzia izan da haren aurka». Eta nabarmendu du feminismoaren lorpenak ez sendotzea dakarrela erantzun horrek: «Aldaketak errotzea zailagoa da, patriarkatuak, inertziek eta egiturek aurre egiten baitiete. Horrek eskatzen du konstanteak izatea, zeren denborak ez ditu aldaketak berez bideratzen: irmotasuna behar dugu».