Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «aniztasunari buruzko hausnarketa soziologikoa egitea». Hori izan du helburutzat Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak azken ikerketan. Azterlanaren emaitza argitaratu zuen atzo behatokiak Zabaldu #1 monografikoaren bidez, Bilboko Bizkaia aretoan antolatu zuen Dimentsioak desberdintasunetik jardunaldian. Monografiko sorta baten lehen atala da, eta «berdintasunik eza» landuko dute ale horretan. Aniztasuna aztertzeko, «kolektibo, gizarte talde eta pertsona jakin batzuei eragiten dieten desberdintasun ardatzak» hartu dituzte mintzagai Ikuspegiko ikertzaileek.
Desberdintasunak, aniztasunak eta diskriminazioak gorroto delituekin daukaten loturan sakondu dute, hain zuzen, ikuspegi ezberdinetatik: «Generoa, LGTBI, desberdintasun ekonomikoa, immigrazioa, ijitoak, erlijio aniztasuna, ezgaitasuna edo adina». Luis Sanzo Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko Estatistika Organo Bereziaren arduradun ohiak ekarri du «desberdintasun ekonomikoa», edo pobreziak eragindako bereizkeria txostenera. Azaldu duenez, 2008-2012 aldiaz geroztik gora egin dute nabarmen desberdinkeria adierazleek arlo horretan. Aberatsenen eta pobreenen arteko aldea ere handitu dela dio txostenak, eta hori, era berean, parte hartzearekin lotu du. «Desberdintasunaren hazkundea partaidetzaren beherakadarekin lotzen duen adierazleari dagokionez, emaitzak argigarriak dira: guztira eskuragarri dauden diru sarrerei dagokienez, %10 behartsuenaren parte hartzea biztanleriaren %3,88koa zen 2008an, eta 2020an, % 3,18koa baino ez».Txostenaren arabera, desberdinkeria adierazleak geroz eta handiagoak dira, gehiago direlako «atzerritar jatorriko pertsonak, seme-alabak dituzten emakume bakarrak edo nukleorik gabeko pertsona anitzeko etxeak».
Askotarikoak edo ezberdinak
Imanol Zubero soziologoak izan du aniztasunaren kontzeptuaren inguruan idazteko ardura. «Aniztasunak ez du per se desberdintasuna adierazten. Edozein desberdintasun sozialki eraikia da», azaldu du txostenean. Izan ere, erantsi duenez, denborak aurrera egin ahala desberdintasuna gauza «natural» edo «normaltzat» hartzen da, «gizartea sortu aurreko egitatetzat».
Andrea Ruiz de Balzola Begirune fundazioko kideak osatu ditu ondorioak txostenaren azken kapituluan: «Zer esan nahi dute, berez, orinek edo azalaren koloreak? Ezer ez. Baina, espezie gisa forma ematen diguten eta garena bihurtzen gaituzten gizarte prozesuen bidez, halabeharrez, esanahi bat hartuko dute, eta sailkatzeko erabiliko ditugu». Era berean, azaldu du desberdintasun horietako batzuek azkenean desberdinkeria justifikatuko dutela.
Hain zuzen, desberdinkeria hori arlo juridikotik aztertu du txostenean Jon Mirena Landak, «berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako araudia» aztertu eta berrikusita. Ondorioztatu duenez, legeak jokabide jakin batzuk zigortzeko ez ezik, «prebenitzeko» ere erabiltzen dira, eta horrek diskriminazioaren aurkako araudi osoa «arriskuan» jar dezake, justifikatu gabe aplikatuz gero.
Desberdintasun sozialak «eraikiak» direla dio Ikuspegiren txosten batek
Aniztasunaren inguruko monografiko sorta bat argitaratuko du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, eta lehen alea kaleratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu