Telesforo Monzon laborategiak eta Parte Hartuz Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldeak Naziometroa aurkeztu zuten hilaren 17an; burujabetza nahiari buruzko barometro bat. Datu batek bereganatu zituen titularrak: erreferendum adostu batean herritarren %42,5 leudekeela euskal estatu baten alde. Julen Zabalo EHUko Soziologia irakaslea (Basauri, Bizkaia, 1957) da Naziometroaren Batzorde Zientifikoko kideetako bat, eta, zenbakiez harago, uste du proiektuak ikuspegiberri bat daukala eskaintzeko.
Nondik dator proiektua abiatzeko ideia?
Orain dela 10-12 urte sortu zen ideia bat euskal estatuaz hausnarketa bat egiteko, praktikara hurbiltzeko. Emaitza hiru liburuki izan ziren: Euskal Estatuari bidea zabaltzen. Hori da sorrera: euskal estatuari buruzko gogoeta bat egin nahia. Hortik sortu zen Euskal Estatua irudikatzen azterketa kuantitatibo eta kualitatibo zehatza [2016]. Telesforo Monzon eLab sortzean, esan ziguten ea lan horrekin jarraitzerik ba ote zegoen. Horrela sortu zen Naziometroa, ikuspuntu jakin bat hartuta hiru arlotan: ezin zela izan noizean behin ateratako zerbait; zazpi herrialdeak marko modura onartu behar zirela; eta beste ikerketa talde batzuk egon zitezkeela.
Aipatu duzu jarraitua izango dela, joera bat ikusteko.
Oraingoz, beste lau saio dauzkagu hitzartuta; 2022 arte. Halako gauzek beren mami guztia atera dezakete behin eta berriro galdera batzuk errepikatzen direnean.
Zein da aldea beste barometro batzuekiko?
Besteetan, independentziaz eta nazio identitateaz galdetzen da, eta ulertu behar da biak batuta doazela, lotura bat dagoela. Euskal herritarra edo espainiarra sentitzen zaren gehiago, hori nazio identitatearekin lotuta dago, eta lotura bat egiten da: soilik euskal herritarra sentitzen zara; beraz, independentziaren alde zaude. Hor ulermen politiko bat dago: nazioa eta estatua berdina direla; estatu bat lortuko duzu zenbat eta naziokide gehiago lortu. Hori da eskema klasikoa, eta horregatik egiten dira halako galderak.
Euskal estatuaz eta independentziaz galdetu duzue, eta emaitzak aski ezberdinak dira.
Independentziaz eta euskal estatuaz galdetzean, oso esanguratsua da aldea; independentziaz galdetuta, jendeak neurri txikiagoan ematen dio babesa. Hau da, modu desberdinean ulertzen dira. XXI. mende honetan, mendebaldeko Europan, nazionalismoak beste oinarri batzuetan finkatzen dira. Galderetan daude aldaketak: guk euskal estatuaz galdetzen dugu, ez hainbeste nazioaz, demos-az baizik.
Emaitzetako bat da baldintza jakin batzuetan %42,5 daudela euskal estatu baten alde; ezaugarrien arabera, jendea prest dagoela iritziz aldatzeko.
Hori frogatzen du inkestak. Galdetzen badidate euskal edo espainiar abertzalea naizen eta zer nahi dudan, independentzia nahi dudala erantzungo dut; duela 30 urte eta hogei urte barru; hori ez da zertan aldatu. Baina zer da independentzia? Euskal estatu bat, baina nire nahitara sortutakoa. Galdetzen didatenean independentzia nahi dudan, baietz esango dut, eta nire ondokoak berdin, baina bere estatua eta nirea ezberdinak izan daitezke. Horregatik, euskal estatuaz galdera ezberdinak aurkezteko ariketa oso interesgarria izan da, oso ondo erakusten baitu euskal estatua ez dela ulertzen betiko gauza bat bezala, momentuko desio eta interesen arabera pentsatutako zerbait bezala baizik. Ideia modernotik postmoderno batera pasatu gara.
Ia ez duzue eman eremukako daturik. Zergatik?
Inkestak gero eta gutxiago egiten dira pisu demografikoaren arabera; arazoa dago eremu bakoitzaren ezaugarriak atera nahi dituzunean. Ezin dugu fidagarritasun batekin jakin Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan jendeak zer uste duen herrialde bakoitzean, oraindik ez daukagulako datu nahikorik. Hori lortuko dugu Iparraldeko kasuan, nahikoa inkesta egin zirelako. Baina hori bertako datuak ulertzeko baino ez da; ikuspegi orokorrerako, balio dute.
Bada aldea Nafarroako eta EAEko herritarren artean ere; eta baita estatua euskal estatua izan edo nafarra izan ere.
Horrek islatzen du momentu historiko honetan Nafarroan bizi den egoera ideologiko eta kontzeptuala. Nafarroan bertan, abertzale batzuek esaten dute ez daudela nafar estatuaren alde; beste batzuk, aldiz, ez daude euskal estatuaren alde, identifikatzen duelako Nafarroatik kanpokoarekin, eta nafar estatuaren alde egon daitezke. Ematen du gainteorizazio bat egin dela nafar estatuaren alde euskal abertzaletasunetik, baina Nafarroaren berezitasunarekin egin duela topo, eta gaur egun abertzale ez direnek ere pentsatzen dute nafar etiketa duena onargarria dela eta euskal etiketa badu, ezetz. Nafarroaren kasuan, nafartasun sentimenduak oraindik jokatzen du; ez %100ean, baina bada elementu esanguratsua gauzak azaltzeko.
Eta Ipar Euskal Herrian?
Ipar Euskal Herrian bada beste konplikazio bat: euskal estatua oso urruneko aukeratzat hartzen dela. Susmoa dugu, eta jarraitu beharko dugu ikertzen, batzuek ez dutela aukera erreal modura ulertzen, eta, beharbada, faktore emozionalak gehiago jokatzen duela Iparraldean EAEn baino, eta euskal estatua gehiago identifikatzen dute independentzia sentimendu batekin. Edozein modutan, hiru eremuetan ikusten dugu hipotesi nagusia —egun jendeak beste modu batera ulertzen duela estatua— egon, badagoela, baina modu desberdinetan agertzen dela eremu bakoitzean.
Euskal estatuaren inguruko jarrerek ez duten adostasuna dauka erabakitzeko nahiak. Zer analisi egiten duzue horretaz?
Oraingo joerak direla. Herritarrak galdetua izan nahi du; hori da, azken batean, erabakitzeko eskubidearen arrakastaren puntuetako bat; protagonismoa herritarrari ematen zaio, ez bakarrik egituraketa politikoaz edota estatuaz erabaki ahal izateko, edozein gauzaz baizik. Ikusten da gizarte mugimenduak nola ari diren pentsaera hori beste eremu batera eramaten; feminismotik gorputzaren gaineko erabakimena lantzen, ekologismotik edozein azpiegituraren gainean erreferendumak egin daitezela eskatzen... Dena doa batera, eta gizartean badago pentsaera bat eskatzen duena hartu behar diren erabakietan parte hartu ahal izatea.
Julen Zabalo. EHUko Soziologia irakaslea, eta Naziometroaren Batzorde Zientifikoko kidea
«Desberdin ulertzen dira euskal estatua eta independentzia»
Naziometroa sortuta, burujabetzaren inguruko motibazioetan sakondu nahi izan dute Telesforo Monzon laborategiak eta Parte Hartuz taldeak. Argazki bakarretik harago joan nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu