Desarmatzea: zurrumurruak eta diskrezioa

Urte eta erdi pasatu da ETAk zigilatze prozesua hasi zuenetik eta ordutik berririk ez da egon ia.Madrilen inplikazioa bilatzen ari da Urkullu

jokin sagarzazu
2015eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Konponbide prozesuko azken mugarria 2014ko otsailean jarri zuen ETAk, bideo labur batean desarmatze prozesuaren hasiera erakutsiz. Urte eta erdi igaro da ordutik eta NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek ez dute berri gehiago eman. Iazko abenduan izan ziren azkenekoz Euskal Herrian, eta Ram Mannikkalingam batzordeko buruak jakinarazi zuen ETA ari dela «zigilatzearekin». Baina ez daturik, ez beste ezer. Prozesuak, halere, aurrera jarraitzen du, Paul Riosek kazeta honi baieztatu dionez. «Egiaztatze batzordeak ezer ez esateak ez du esan nahi geldirik dagoenik. Gai honetan nahiago du diskrezioz aritu, asko baitira zailtasunak eta trabak».

Hori hala izanik ere, izan da berririk aurten. Horietako bat da Eusko Jaurlaritzak ETAri eginiko armagabetze proposamena, eta maiatzean erakunde armatuak emandako erantzuna: esan zuen prest dagoela armagabetze diseinua, nazioarteko egiaztatzaileekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzarekin ere partekatzeko.

Otsailean jakinarazi zuen lehendakariak egiaztatze batzordearekin ari zela lanean. «Diskretua izango naiz zerbait zehatza egon arte». Urkulluk proposatu du armagabetze batzorde berri bat sortzea gizarte, nazioarteko eta erakundeetako eragilez osatuta, eta Eusko Legebiltzarraren babesarekin. Horretarako, ETAk jakinarazi egin beharko luke epe jakin baten barruan bere arma eta lehergailuen gordelekuak non dauden eta zerrenda hori entregatu beharko lioke batzordeari.

Urkulluk berak, UPDk eginiko galdera bati erantzunez, aste honetan esan du lanean ari dela proposamen horren gainean eta Espainiako Gobernuari ere aurkeztu diola, bere inplikazioa bilatzeko asmoz. Gobernua kolore batekoa edo bestekoa izan, horretan jarraituko duela berretsi zuen urte politikoaren hasieran eginiko agerraldian. Riosen arabera, asko hitz egiten ari da horri buruz, baina «zurrumurruez» haratago ez dago «gauza handirik».

Orain arte, ETAk nazioarteko batzordearekin zeukan hitzartua metodologia, baina hainbat traba topatu dituzte bidean. Batzordeko kideek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten prozesuaren hasieran, eta salatu dute polizia zelatan izanda eta modu klandestinoan ezinezkoa dela bururaino eramatea. Batzordeko Raymond Kendallek iazko urrian esan zuen ETAk desarmatze prozesuan aurrera egin nahi duela, baina ohartarazi zuen ezinezkoa dela Espainia eta Frantziaren kooperaziorik gabe, lege esparru bat adostu gabe.

Aldaketa politikoen zain

Baina bestela esku hartu dute estatuek. Maiatzaren 28an, Miarritzeko etxe bat miatu eta jabeak atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, biltegi bat aurkitu zuten han. Hurrengo egunean, beste bi pertsona atzeman zituzten. Bi egunera, ETAk salatu zuen operazioa eraso zuzena zela zigilatze prozesuaren kontra. Handik bi astera, Frantziako Asanblea Nazionaletik dei egin zieten gobernuei ehundik gora lagunek —tartean, alderdi bateko eta besteko diputatu ugarik— desarmatzea modu adostu eta kontrolatuan burutzeko. Baina hilabetera, beste operazio bat egin zuten: bost lagun atxilotuz Ortzaizen (Nafarroa Beherea). Horietatik bi armen zigilatzerako egitura logistikoaren arduraduntzat jo zituzten.

Bi operazioetan atxilotutako bederatzi lagunetatik sei libre utzi zituzten. «Esango nuke Frantziako Gobernuko zenbait eremutan zabaldua dagoela aukera aprobetxatu beharraren sentsazio hori», adierazi zion BERRIAri Pernando Barrenak. Hori hala izanik ere, Sortukoak zehaztu zuen ez duela uste hori denik Parisen jarrera ofiziala. Espainiaren menpe ikusten du: «Barneratua dugu ez dela inola ere mugituko modu autonomoan». Ez bada, behintzat, Espainiako jokaleku politikoa aldatzen delako, urte amaierako bozen ostean. Barrenaren ustez, Frantziako Gobernua horri «arreta handiz» begira dagoela.

«ETArekin hitz egin? Desarmatzea ahalbidetu dezakeen oro baliagarria izan daiteke». Hitz horiekin agurtu zituen aurreko astean Ipar Euskal Herriko kazetariak Frantziako Barne ministro Bernard Cazeneuvek. Beste mezu diskretu bat, zurrumurruak elikatzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.