Ortzegunean atxilotu, larunbat gauean askatu, eta arnasarik hartzeko astirik ere ez du hartu ia Graxi Etxebeherek (Ortzaize, Baxenabarre, 1951). Frantziako poliziek etxean utzitako nahastea txukuntzen aritu zen atzo, lagunekin. Atxiloketan zuri-gorriz jantzita bota zituen hitzak berretsi dizkio BERRIAri, telefonoz.
Iruñeko sanferminetan zinela izan zenuen lehen atxiloketen berri. Nola jaso zenuen berria?
Herriko batek bidali zidan mezu bat, bazirela jendarmeak eta gauza pila bat ari zela pasatzen. Esan zidaten: «Zure etxean sartu dira». Orduan etorri nintzen.
Segidan erabaki zenuen Ortzaizera itzultzea?
Bai, zeren eta nire lagunak [Teresa Lekunberri eta Jeff Mateo atxilotuak] atera nahi bainituen hortik. Laguntasunez eskaini zidaten bi pertsona haien [Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ustezko etakideak] gordetzea ni festara joateko mementoan. Ez nuen nahi inolaz ere haiek inplikatuak izan zitezen; erantzukizun guzia enea zen.
Reta eta Goienetxea aterpetu izana aitortu duzu.
Oso garbi dudalako bake prozesua lagundu behar dugula eta hori pasatzen dela desarmatzeko [ETA] erakundearen laguntzetik. Hitz egitekotan, pertsonak behar dira bi aldeetatik. Erakundeak eman ditu oso pauso inportanteak, borroka armaturik ez da gehiago... Beste pauso bat da desarmatzea, eta Parisko Bake Konferentzian garbiki erran dute baldintzak zein izan behar diren. Baldintza haiek estatuen esku daude, eta gure esku, prozesua eta desarmatzea laguntzea.
Ez zaizu batere damutu, beraz.
Ez. Prozesuarekin oso ados nago, eta, damutu baino gehiago, eskatuko nuke abertzale sentitzen den bakoitzak eta Euskal Herrian ari den bakoitzak pauso txiki bat egin dezan eta indar guziak lotu ditzagun zentzu horretara joateko. Bakea nahi badugu, behar dugu konpondu arazo hau. Eta ez da konpontzen borroka armatuaren bukaerarekin, ezta desarmatzearekin ere, baizik eta elkarrizketarekin, eta benetako soluzio bat ematearekin Euskal Herriari.
Bake prozesuaren ildotik, nola ikusten dituzu atxiloketak?
Kontra doaz, osoki. Atxilotzen badituzu bi pertsona zentzu horretan lan egiten dutenak, erran nahi du zentzu hori ez duzula nahi. Oso garbi ikusi dugu prokuradorearen mintzaldietan-eta, duela hogei urte bezal-bezala daudela: diskurtso berak, hitz berak, gogoeta berak.
Beste atxiloketekin alderatuta, nolakoa izan da jendarme eta epaileen tratua zure kasuan?
Nirea oso ezberdina izan da, zeren ni etorri bainaiz nire kabuz. Haiek etxean ziren, eta ni ezin nintzen etxean sartu. Zain egon nintzen, baina ez zen inongo istilurik izan. Azkenean, noizbait etorri ziren nire bila; eraman ninduten etxeraino, buelta etxe aurrean, eta etxean sartzen utzi gabe eraman.
Eta Pariserako bidea?
Lehendabizi Baionan, tratua oso zuzena. Uste dut azkenekotik [1992an ere atxilotu zuten Etxebehere] aldaketa bat badela: esaten dizute zein diren zure eskubideak eta inolaz ere ez zaudela behartua hitz egitera. Beste gauza bat aldatu dena asko da egunero abokatuarekin hitz egin dezakezula oren erdi batez, eta gero audientzia daukazu abokatuen presentziarekin. Horrek ematen dizu segurtasuna.
Eta epaileak?
Eskatu dituzte niri buruz nahi zuen informazio guzia eta gehiago, eta batek eskatzen zuen kartzelatzea behin-behinean. Gero, izan da prokuradorearen suntsitze bat izugarria: betiko hitzekin, betiko 800 hilak, terrorista, gaizkile elkartea... Eta nik esaten nion: «Hemen ez dut ikusten inor bestea beldurtzen duenik, non ez zareten zuek ikaratuta borroka armatuaren faltaz». Nire kasuan, uste dut kontuan hartu dutela nire kabuz etortze hori. Kartzelaratzearen molde hori pixka bat aldatu da. Nik ez nuen inoiz pentsatuko kanpoan egongo nintzela. Joana nintzen prest.
Kartzelara joatea uste zenuen?
Inongo dudarik gabe! Eta ez nik bakarrik: etxekoek hozkailua eta guzi hustu dizkidate!... Izan da sorpresa. Baina gainerateko guzia, estatuaren begirada gure borrokari buruz, lehengo bera da. Ez da aldaketarik sentitzen, ez hitzetan, ez ekintzetan.
Atxilotu aurretik erran zenuen historiari «harri ttipi bat» ekarri nahi zeniola. Zer garrantzi ematen diozu engaiamenduari?
Handia. Ez du batek eman behar dena: ez da posible. Badituzte baliabideak, indarrak eta mila gauza gu baino askoz indar handiagokoak. Gutariko bakoitzak eman behar du pixka bat, eta asko izan behar gara pixka bat emateko. Badira hitz asko prozesuaren eta herriaren alde, baina gelditzen dira hitzak. Orain horrek eskatzen du pausoa. Behar dugu determinazioa, eta engaiamendua.
Babes handia erakutsi dute Ortzaizeko herritarrek, eta ongietorria egin dizuete.
Atzokoa ere [igandekoa] izan zen oso polita, berotasunez betea, alaia... Lainoa, bakarra eta oso handia da han utzi ditugula Parisen bi, eta hori da oso gogorra. Orain hemen beste bi falta dira pausoak emateko. Humanoki beldurgarria da ordaindu beharko dutena eta euskal preso guziak ordaintzen ari direna. Eta gu oihukatzen «presoak etxera!». Oihukatu eta atera behar ditugu, baina egin behar duguna da inor ez dadila sartu gehiago. Horrek eskatzen du aurretikako zerbait.
Larunbatean manifestazioa.
Beharrezkoa da kapitalizatzea zenbait egunez izan den mobilizazioa. Harri txiki horiek bihurtu daitezela haitz handi bat.
Graxi Etxebehere. Ortzaizeko herritarra
«Desarmatzea laguntzetik pasatu behar da prozesua»
Egindakoaz harro eta engaiamendu eske, jendarmeek eraman zuten bezala itzuli da Graxi Etxebehere Ortzaizera. Reta eta Goienetxea ere askatzeko eskatu du: «Beste bi falta dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu