«Nik lagundu dut desarmatu nahi duen talde bat, eta ez dut batere dolurik». Graxi Etxebehere ortzaiztarraren adierazpenak dira, atzo Euskal Irratiei eginak justu atxilotua izan aitzin, Frantziako Polizia Ortzaizeko (Baxenabarre) bere etxea miatzen ari zen une berean, herriko auzapeza lekuko zuela. Polizia bere etxera iritsi zelarik, ez zegoen han Etxebehere; ustezko bi etakide etxean hartu izana egotzi diote. Pare bat ordura iritsi zen, eta bere burua aurkeztu zuen emakumeak. Hedabideek eta zenbait sostengatzailek harengana hurbiltzeko denbora ukan zuten, eta testuinguru horretan mintzatu zen. Ez zela ihesi joana azaldu zuen Etxebeherek, Iruñeko sanferminetara joana zela, eta heldu berria zela. «Hemen gertatuko da gertatuko dena, baina ez da hori bidea. Bake prozesu batean gara. Behar da arazo hau konpondu, eta hori pasatzen da desarmatzetik eta elkarrizketatik». Etxebehere preso egona da zazpi hilabetez; 1992an atxilotu zuten. Haren senide batek kontatu duenez, «bi iheslari aterpetzea» egotzi zioten.
Atzo zioen kontziente zela bere atxilotzea denbora kontu bat zela, eta adierazi zuen «biziki indartua eta aberastua» zihoala. «Banoa izugarri barne goxo batekin. Gure herriaren historiara ene harri ttipia ekarri dut». Kasik oren batez kanpoan egon ondotik, etxera sartzen utzi zuen poliziak, eta laster Baionako polizia etxera eraman zuten. Bi arma aurkitu zituzten Etxebehereren etxean, Espainiako Barne Ministerioak adierazi zuenez. Baita dokumentu faltsuak eta material informatikoa ere, prentsa agentziek gaineratu zutenez.
Haren atxiloketa Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak astearte gauean Ortzaizeko etxe batean abiatu operazioaren barruan sartu du Espainiak. Lau lagun atzeman zituzten, eta atzo artean Baionako polizia etxean zeuzkaten. Haietako bi ustezko etakide gisa aurkeztu dituzte: Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea, egitura «tekniko-logistikoaren» arduradun direlakoan. Beste bi atxilotuak —Terexa Lekunberri eta Jeff Mateo—, etxearen jabeak dira. «[Lekunberrik-eta] Hartu dituzte bi mutiko horiek ni sanferminetara joateko, eta gertatu da gertatu dena», azaldu zuen Etxebeherek atzo. Reta eta Goienetxea etxean eduki izana egotzi diote.
Atxiloketak salatzeko berriz ere elkarretaratze bat antolatu zuten atzo gauerako Ortzaizen. 500en bat lagun bildu ziren.
«Desarmatu nahia lagundu dut»
Frantziako Poliziak Graxi Etxebehere atzeman du Ortzaizen, etxean bi etakide hartu zituela egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu