Iñaki Egaña. Historialaria

«Desagertze behartuak dira krimenik gogorrenak: ezin da dolurik egin»

Euskal Herriko historia hurbileko hogei bat desagertze beharturen azken xehetasunak bildu ditu Iñaki Egañak liburu batean. Informazio berria dago horietako batzuei buruz.

GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Informazio bilketa hogei urteko lanaren emaitza izanik, «denbora gutxi» pasatu du Iñaki Egañak (Donostia, 1958) Objetos Perdidos [Objektu galduak] liburuari forma ematen (Txalaparta, 2021). Garbiñe Garateri bere seme Mikel Zabalzaren bila zihoala guardia zibil batek emandako erantzuna jarri dio izenburu gisa, desagertze behartuen adibide argigarria baita, Egañaren ustez. Halako hogei kasu aztertu ditu liburuan.

Sarreran, aipatzen duzu «euskal gatazkaren parterik ahaztuena» dela desagertuena. Zergatik?

Beste lurralde batzuetako desagertzeekin konparatuz, adibidez, Argentinako eta Txileko diktaduretakoekin, Euskal Herrikoak zenbakiz ez dira asko; bai, ordea, torturatuak, espetxeratuak, hildakoak... Horregatik jarri diegu agian oso arreta gutxi. Baina biktimen kontua bere osotasunean hartu behar badugu, desagertuena tartean egon behar da.

Batzuk ezagunak dira: Pertur, Naparra, Popo, Jon Anza... Beste batzuk, ez hainbertze. Zergatik?

Joserra Asua, esaterako, familiak gaia ezkutatu zuelako. Beste batzuetan, ez zirelako militante politikoak. Hala zirenean, onerako eta txarrerako, izan dute leku gehiago komunikabideetan. Txarrerako diot, erabilpen gaiztoa ere egin delako, Perturren eta Naparraren kasuan, esaterako. Hirugarren multzo bat dago ikerketa sakonagoa behar duena, agian ez direlako desagertze politikoak izan. Azken kapituluan aipatzen ditut batzuk.

Ikerketa falta sumatzen duzu?

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Taldeak txosten berezi bat egin zuen Perturren kasuarekin, beste bat Naparrarenarekin, eta mugetako hiru funtzionarioen inguruan ere beste bat, baina oso ikerketa txarrak dira, nire ustez: hemeroteka lana egin dute, eta, gainera, albisteak ez dituzte ondo filtratu. Ikerketa horiek ez dira zuzenak, eta horregatik animatu nintzen beste mota batera ikertzera: ez bakarrik hemeroteka begiratuta. Lekukotasunak bildu ditut, jende askorekin egon... Desagertze behartuak gizateriaren aurkako krimenak dira; eta, beraz, ez dute preskripzio eperik. Akusazioren bat-edo egongo balitz, irekita daude.

Nazioarteko legedia aipatuduzu. Ontzat eman duzu?

Bat egiten dut gaur egun dagoenarekin. Hogei kasu ikertu ditut liburuan, baina nazioarteko legediaren arabera askoz gehiago izango lirateke. Adibidez, euskal deportatuak eta atxilotuak desagertuak egon dira hamar bat egunez, aste batez... Familiak tarte batez ez zekien ezer haiei buruz, nahiz eta gero agertu. Nik azaldu ditudanak ondoriotzat heriotza izan dutenak dira.

Frantziako eta Espainiako agintarien utzikeria aipatzen duzu kasu askotan.

Jon Anzaren kasuan, adibidez, bistan da Frantziak eta Espainiak oztopoak jarri zituztela ikerketarako: bertsio ofizialak ez du sinesgarritasunik. Gu afizionatuak gara, eta aurkitzen baditugu hainbat datu berri, haiek, bitarteko guztiekin, askoz gehiago aurkitu beharko lituzkete. Jon Anzarena da adibiderik garbiena, konplizitatea egon baita mugaren bi aldeetan, baina beste kasu batzuetan, esate baterako Bernardo Bidaolarenean, Espainian eman ez ziguten txostena Frantzian lortu genuen, prokuradorearen bidez. Frantzian, iraganeko beste kasu batzuetan ere hala izan da, baina Espainian hori ezinezkoa da: oraindik eztabaidan dago sekretu ofizialen legea.

Bertze kasu batzuetan, ETAri leporatu izan zaizkio desagertzeak. Uste duzu propio hori zeukatela helburutzat?

Ez. Bi kasu nagusi dira manipulazioarenak, Naparrarena eta Perturrena, baina uste dut hori ez zela hasierako helburua. Perturren kasuan, segur aski, informazioa lortzea zen. Eta, Naparrarenean, mendekua izan zen, nire ustez, eta bide batez lapurreta—dirutza kendu zioten—. Baina gero, egoera politikoaren arabera, Barne Ministerioak aukera ikusi zuen manipulatzeko.

Lehendik oso ezaguna ez zen kasurik ere aurkitu duzu. Lapurdin desagerturiko Patrick Ly eta Annie Intxausperena, adibidez.

Lehenengo albistea Anai Arteatik jaso nuen: testigantza bat baino ez zuten, Xabier Soubelet margolariarena, eta deitu zidaten gehiago ikertzeko. Zaila izan da, duela urte asko gertatu baitzen, eta, azkenean lortu dudana ez da definitiboa. Gero, aipatzen dut liburuan: Soubeletek beldurra ere izan zuen. Hitzordu bat nuen harekin, eta bertan behera utzi zuen azken momentuan. Hori askotan gertatzen da: nik esperientzia dut gerra zibileko kontuekin, eta, nahiz eta 85 urte pasatu, oraindik lekukotza gutxi jasotzen ditugu. Jende askok ez du hitz egiten, edo hitz egiten duenean gutxi kontatzen du, beldurrez. Kasu batzuetan, mehatxuak ere egon dira.

Liburuan erraten duzunez, izua sortzea da desagertze behartuen helburua, hain justu.

Bai, are gehiago: desagertze behartuak dira krimenik gogorrenak. Duela gutxi hil da gure auzoko emakume bat, Maite Lasalle: haren aita desagertua dago gerra garaitik, eta bera egunero-egunero zegoen aitaz kezkatua, non egongo zen. Gauza bera gertatzen da azken hamarkadetako desagertuekin: ezin da dolurik egin, eta dolua egiten ez baduzu, heriotzaren mamua eguneroko itzala da.

Anitzetan, ukatu egiten da deliturik egin izana ere, ezta?

Hori da: biktimarik ez badago, delitua, auskalo. Frantziako Poliziak orain dela gutxi onartu zuen Popo Larreren desagerpena: harremanetan jarri ziren IK-ko inguruekin, esateko gorpu bat aurkitu zutela Cauteretsen, eta haien ustez Popo Larre zela. Gero probak egin ziren, eta ez zen bera.

36ko gerrako desagertuak ezberdinak direla diozu. Zergatik?

Ezberdintasuna judiziala da, bereziki: gerrakoak ikertzen dira ofizialki historikoak balira bezala, epaileek ez dute ezer esaten; eta gaur egungoak kasu irekiak dira.

Kasu askotan, zure iritzia ere eman duzu. Zergatik?

Ja adin bat daukat, eta orain arte lortutakoak paperean utzi nahi nituen, momentu batean beste norbaitek abiapuntu gisa izan ditzan, ikerketarekin segitzeko. Senideei zor bat ere banien. Bitxia da, baina batzuetan ez dute eskatzen ikertzen segitzeko, baizik eta zerbait sinpleagoa: ikusgai jartzeko. Bestalde, egin dudana ez da nirea bakarrik: senideek ontzat eman dute. Nik egin dudana da urte hauetan denon artean aurkitu duguna idaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.