Iragan astetik desagerturik dago Laure Zacchello urruñarra, eta Baionako prokuradorearen hipotesi nagusia da senarrak erail eta desagerrarazi zuela. Preso da orain, eta instrukzioko bi epaile izendatu dituzte. Zacchelloren kasua salatzeko, arratsaldean elkarretaratzea egin du mugimendu feministak Urruñako herriko etxearen aitzinean (Lapurdi), Eraso matxistarik ez, aski da, autodefentsa feminista lelopean.
Mugimendu feminista asaldatuta agertu da maiatzaz geroztik izan diren indarkeria matxistako kasuen ondorioz. Kopuru «onartezina» dela deritzote. Izan ere, maiatzaren 3an, Donibane Lohizuneko hotel batean hilda aurkitu zuten emakume bat, eta «krimen bortitz bat» izan zela adierazi zuen prokuradoreak. Gerora, gogora ekarri dutenez, Capbretonen talde bortxaketa bat jasan zuen kanboar batek, eta, Hazparneko bestatan (Lapurdi), emakume batek salatu zuen bortxatu egin zutela.
Zachellorena indarkeria matxistako laugarren kasu lazgarria da bi hilabetean, baina mugimendu feministak ohartarazi du indarkeria matxistaren errealitatea zabalagoa dela, «egunerokoa». Zehazki, Ipar Euskal Herrian, urtero zortziehun kasu inguru ikertzen dira, baina mugimendu feministaren arabera, gehiago dira berez. «Ez da publikoa zenbat salaketa izan diren, zenbat joan diren auzitara, zenbat zigor ezarri diren, ez eta hauen aplikazioa zein izan den ere. Gisa berean, emazte horiek jasan dituzten ondorioen kudeaketaren berri ere ez da jakiten», deitoratu dute.
Maiatzean egin bezala, irmoki salatu dute Donibane Lohizuneko emakumea ere babesik gabe utzi zutela, «emaztearen egoera ezagutua baitzen». Ondorioztatu dutenez, kasu horrek agerian uzten du sistemak «huts egiten» duela: «Gertakari larri horrek agerian ezarri du egungo mekanismoak ez direla egokiak eta baita lurraldeak bortizkeria sexistari erantzuteko zer ezintasun duen ere».
Deia Euskal Elkargoari
Horregatik, dei egin diote Euskal Hirigune Elkargoari ardura bere gain har dezan eta «neurri zehatzak» ezar ditzan, «erantzun publiko eta instituzionala emateko ez ezik, biktimak babesteko, haien eskubideak bermatzeko eta prozesu osoan zehar laguntzeko ere».
Horrekin batera, beharrezkotzat jo du protokolo bat sortzea bortizkeria matxistari aurre egiteko. Besteak beste, «ezinbestekotzat» jo dute emazteen eskubideen aldeko erakunde publiko bat sortzea, sentsibilizazio kanpainak proposatu ditzan, batik bat gazteentzat.
Mugimendu feministaren arabera, agenda politikoaren lehen lerroan jarri beharra dago indarkeria matxista. Kritikatu du erakunde publikoek «isiltasunarekin» erantzuten dutela.
Behar horren adierazletzat jo dute Hazparneko bestatan jazotakoa. «Formakuntza eskas handia sentitzen da», nabarmendu dute. Mugimendu feministaren iduriko, lan handia dago egiteko alor horretan: «Derrigorrezko formakuntzak eskaini behar zaizkie elkarteei. Hala nola besta komiteei, kirol elkarteei, bestaren profesionalei... Denak formatuak izan behar dira, bai protokoloak plantan ezartzeko, baita erantzun soziala antolatzeko ere».
Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiei eta erakundeei exijitu diete gaia lehentasuntzat jotzea. «Egun den bortizkeria masiboena eta larriena bada ere, erakunde publikoek eta haien ordezkariek oro har isiltasunarekin erantzun diote krimen honi». Gainera herritarrei eskatu diete kalean erantzuteko, eta emakumeei, berriz, antolatzeko.
Astelehenean Nagore Laffage oroituko dute Iruñean, 16. urteurrenean
Astelehen Lilak elkarteak Nagore Laffage irundarra gogoratuko du astelehenean, Iruñeko Vinculo plazan 19:00etan egingo den elkarretaratzean. Aurtengo sanferminetan, hamasei urte beteko dira Jose Diego Yllanesek erail zuenetik. Elkartearen arabera, aurten indarkeria matxistaren ondorioz hil diren emakume guztiak omenduko dituzte. Gainera, taldeak ohartarazi du urtarriletik apirilera 657 salaketa aurkeztu direla Nafarroan. Astelehen Lilak elkarteak babesa adieraziko dio familiari. Haien helburua da indarkeria matxista jasaten duten emakume bat bera ere bakarrik ez sentitzea.