Hezkuntza itunerako bidean. Gonzalo Larruzea. Eskola Antolakuntzan doktorea

«Desagertu behar dute bai eliteko bunkerrek eta bai ghettoek»

Segregazioa «klase sozioekonomikoaren araberakoa» dela azaldu du Larruzea irakasleak. Proposatu du hezkuntzaren doakotasuna bermatzea, ituntze sistema aldatzea eta ikasleak banatzeko dekretua gaurkotzea.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza itunaren garrantzia nabarmendu du Gonzalo Larruzea Didaktika eta Eskola Antolakuntzan doktoreak (Bilbo, 1955). Uste du hitzarmen horretan segregazioa erronka nagusietako bat dela, «arazo etikoa izateaz gain, gizarteari bere osoan eragiten dion auzia» delako.

Maiz aipatu da segregazioa legebiltzarreko batzordean, erronka nagusien artean. Zergatik?

Segregazioaren kontzeptuaren oinarrian dago gizartean existitzen den desoreka bat: ez datoz bat ikasleen banaketa eta gizartearen banaketa sozioekonomikoa. Irakaskuntzaz harago doa kontua. Batzuek diote, adibidez, bizitokiaren araberako segregazioa ere existitzen dela, eta horrek baldintzatzen duela ikasleen artekoa, ados, baina eskolak balio dezake desoreka hori arintzeko edo areagotzeko. Auzi garrantzitsua da, gainera, ez delako soilik arazo etiko bat: ondorio ekonomikoak ere baditu.

Zeintzuk?

Besteak beste, fenomeno hori arinduz gero, gastu sozialaren faktura txikituko litzateke, eskola porrota murriztuko litzatekeelako. Pisaren gisako kanpo ebaluazioetan ere badu eraginik segregazioak; puntuazioetan nabari da. Lotuta daude fenomeno horiek guztiak, pareen efektua deritzonaren bidez.

Zer da hori?

Efektu horren arabera, eskola arrakastak edo porrotak harreman zuzena daukate ikastetxe barruko harremanekin: zu elkartzen bazara maila sozioekonomiko baxuko jendearekin, aukera gutxiago izango duzu arrakasta lortzeko.

Immigrazioaren fenomenoarekin ere lotu izan da sarritan...

Oker galanta da hori. Segregazioa neurtzen da maila sozioekonomikoaren arabera. Badira etorkin aberats bakan batzuk, adibidez, baina horiei ez die eragiten segregazioak. Fenomenoaz hitz egiten dugunean, gainera, saihestu behar dugu etorkinez eta immigrazioaz hitz egitea, kolektibo horren estigmatizazioa dakarrelako. Kontua ez da ijitoak edo migratzaileak banatzea, ikasle guztiak nahastea baizik. Gero eta eskola heterogeneoagoak sortzea. Desagertu beharko lukete bai eliteko bunkerrek, bai maila sozioekonomiko apalekoen ghettoek. Ikastetxe batek inguruan duen heterogeneotasuna isla dadila eskola barruan ere.

Zer jaso beharko luke hezkuntza itunak, xede hori lortzeko?

Badira neurri batzuk konpentsatorioak direnak: egoera larriagoan diren ikastetxeei laguntza eta baliabide gehiago ematea, adibidez. Gainera, badira beste neurri batzuk sisteman bertan eragitekoak. Batzu-batzuk aipatu nituen batzordean: irakaskuntzaren doakotasuna bermatzea eta kuotak desagerraraztea; beken sistema bat sortzea, inor ez dadin geratu jarduera osagarrietatik kanpo; ikasleen harrera arautzeko dekretua gaurkotzea, beste toki batzuetako esperientziak aintzat hartuta... Irakasleak adjudikatzeko mekanismoak ere berrituko nituzke, inguru zaurgarrienetan diren ikastetxeetara irakaslerik onenak eta zuzendaritza talderik onenak doazela bermatzeko.

Zer egin beharko litzateke itunpeko ikastetxeekin?

Berritu beharko litzateke 1987ko itunen dekretua, heterogeneotasuna bermatzen dela ziurtatzeko. Badira ikastetxe batzuk behar handiagoak dituztenak, konplexutasun handiagokoak. Hori guztia neurtuta dago Ikastetxeen Konplexutasun Indizean, eta administrazioak baditu datu horiek. Hortaz, nire ustez, diru publikoa ez litzateke zentro guztien artean banatu beharko: eman beharko litzaieke soilik interes soziala duten ikastetxeei.

Interes soziala?

Bai. Ikastetxe batek, gutxien-gutxieneko maila batean behintzat, erantzuna eman beharko lioke pluraltasunaren auziari. Hala egiten ez badu, ezin da zerbitzu publiko baten parte izan.

Adituek esan izan dute litekeena dela jaiotza tasaren beheranzko joerak ere eragin negatiboa izatea...

Hala da, bai. Jaiotza tasa apaltzearekin batera ez bada planifikazio egoki bat egiten, baliteke segregazioaren arazoa areagotzea datozen urteetan. Litekeena da egun ikusten ditugun zenbait joerak muturrera egitea: eliteko ikastetxeetako ikasgelak bete gabe, eta arazo ugari maila apalagoko beste hainbat ikastetxetan. Horregatik, datozen ikasturteetan oso garrantzitsua izango da planifikazio on bat egitea, segregazioaren fenomenoa aintzat hartuta.

Borondatea sumatzen duzu administrazioan eta alderdien artean, aldaketa horiei heltzeko?

Eusko Legebiltzarretik pasatu diren eragile eta aditu independente askok azpimarra egin dute segregazioaren auzian. Nire ustez, gainera, zintzotasunez heldu diote gaiari, itxurakeriarik gabe. Horri esker, legebiltzarkideak konturatu dira segregazioaren arazoari behingoz heltzearen beharraz. Dena den, konpromiso horren froga nagusia ituna bera izango da: zer islatzen den. Ekitatearen aldeko ideia lauso eta asmo orokor batzuk besterik ez balira, nik zalantzan jarriko nuke arduradun politikoen sinesgarritasuna.

Zergatik da hain garrantzitsua ituna?

Ituna oso garrantzitsua da, eta hala azpimarratu nahi izan nuen legebiltzarreko batzordean, etorkizunaren norabidea ezarriko duelako. Ezinbestekoa da, hala ere, batzordetik aterako den itun hori agiri programatiko bat izatea, zehatza. Ez ditzala orientabideak edo asmo orokorrak bakarrik aipatu. Badu beste arrisku bat ere: adabakiz beteriko testua izatea; Frankenstein-akordio bat, zeinean alderdi bakoitzak bere gustuko ideiaren bat edo beste sartuko duen. Itunak izan behar du hezkuntzaren etorkizuna zehaztuko duen tresna, eta, hortaz harago, gainera, beharrezkoa izango da jarraipena egitea. Sinatutako konpromisoek garapen bat behar dute, eta garapen hori, aldi berean, akordio berrietan jaso beharko da.

Jarraitu irakurtzen: Hezkuntza itunerako bidea testu bilduma

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.