M.A izenarekin aurkezteko eskatu du. 1996an sortua dela azaltzeko eragozpenik ez du, baina Araba eta Gipuzkoako parkeetan suhiltzaile izateko oposizioak egiten ari da, bidea ez da erraza, eta ez du bera inork identifikatzeko moduko datu argirik eman nahi. Probak euskaraz egiteko izan dituen trabak agerian utzi nahi ditu: hori da topaketaren helburua. Durangon izan da (Bizkaia), baina izan zitekeen beste tokiren batean. Euskaraz bizi da M.A., euskaraz egin du bere ikasketa prozesu osoa, umetako kantu eta kontuetatik gradu ikasketetako hiztegi teknikora, eta «desabantaila» sentitu du orain funtzio publikoko lanpostu bat lortzeko bidean euskaraz aritzeko izan dituen oztopoengatik. «Desabantaila sentitu dut nire ama hizkuntza euskara izateagatik».
«Harrituta» hartu ditu, halaber, test psikoteknikoetako bat euskaraz egin izan ezin zuelako abian duen auzibideari erantzunez Eusko Jaurlaritzak eman dituen argudioak. Administrazioak nabarmendu du funtzio publikoan jarduteko «obligazioa» dela gaztelaniaz jakitea. M.A.-k sentitu du emandako argudioetan baztertu egiten dela euskara lan hizkuntza izateko aukera: «Jaurlaritzak esaten du egia absolutu moduan nik gaztelaniaz egingo dudala lan. Ezagutzen ditut suhiltzaile asko, eta badakit ez dela horrela: haiegaz egoten naiz askotan, eta euskaraz bizi dira».
Araba eta Bizkaiako parkeetarako suhiltzaileak hautatzeko 2022. urtean abian jarri zuen oposizioa da Arkautiko (Araba) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak martxan dituenetako bat, eta prozesu horretan ikusi dituen trabez ari da propio M.A.. Beste hainbat motiborengatik ere kexak izan dira oposizio horren harira, baina probak euskaraz egin ahal izateko oztopoek eragin dizkiote berari buruko minik handienak, eta horien berri eman nahi du. Izan ere, berez, legez aitortuta dago probak euskaraz egiteko aukera, baina gero zailtasunez beteta dago bidea.
Batetik, gai «teorikoak» lantzeko ikasmateriala ia osorik gaztelaniaz dagoelako. Horretaz jabetuta erabaki zuen oposizioaren parte hori gaztelaniaz egitea. «Derrigortuta. Euskaraz egongo balitz edukia, nik ez daukat dudarik, euskaraz egingo nuke». Motibo sendoak ditu horretarako: «Nik ez dut inoiz gaztelaniaz ikasi; lehen aldia izan da gaztelaniaz ikasi behar izan dudana. Euskaraz ikasi dut, euskaraz bizi naiz, euskaraz hazi naiz eta nire eguneroko bizitza euskaraz da».
«Nik ez dut inoiz gaztelaniaz ikasi; lehen aldia da gaztelaniaz ikasi behar izan dudana. Euskaraz ikasi dut, euskaraz hazi naiz, eta nire eguneroko bizitza euskaraz da»
Baina suhiltzaile izateko zaila da euskaraz prestatzea: «Uste dut eskuliburu bat edo bi daudela euskaraz, eta denera hogei inguru dira». Gainera, aurreko aldietan euskararen kaltetan izan diren esperientzia txarren berri badute izangaiek, eta horrek ere asko uxatu egiten ditu euskararen aldeko haututik: «Egiten dituzte azterketak gaztelaniaz, eta gero itzultzen dituzte euskarara, eta itzulpen horietan akatsak egon izan dira». Badituzte euskaraz «txarto» idatzitako galderen aurrekariak.
Ezustean, erdaraz
Behin proba «teorikoak» gaztelaniaz eginda, test psikoteknikoak euskaraz egiteko hautua aztertu zuen, eta galdera egin zuen oposizioko epaimahaian. Baiezkoa izan zen erantzuna: «Zuk nahi duzun hizkuntzan egin ditzakezu azterketak». Argi ikusi zuen: «Nire aberastasun linguistikoa askoz ere aberatsagoa da euskaraz. Euskaraz egin gura nuen». Azterketa egunean heldu zen, ordea, ezustea. Hitzezko gaitasuna egiaztatzeko proba deituan argibideak euskaraz ere bazeuden, baina ariketa bera, guztiz gaztelaniaz zen. «Aberastasun lexikoa» neurtzeko proba mota bat da: hitz taldeak proposatzen ditu, aukeratzeko, eta taldetik kanpo zein hitz dagoen erabaki behar da.
«Zer da hau?». Proba ikusteak sortu zion «ezustea» gogoan du M.A.-k. «Azterketa txarto hasi nuen, larritasunez, ez zen nik espero nuena. Ja urduri zaude oposizio batean, gainera horrelako oztopo bat topatzeko. Ahal nuen ondoena egin nuen». Epaimahaiari kexa adierazi zion gertatutakoarengatik, eta han helegitea jar zezakeela esan zioten. Oposizioko test psikoteknikoen harira kexa gehiago ere izan ziren: gainditu ez zituztenen kopurua oso handia izan zen, eta ELAren bidez abiarazi zuten hainbat izangaiek bidea. Jaurlaritzak, ordea, ez zuen onartu helegitea; hizkuntzaren aldetik egon zitezkeen kexen harira ere ez zuen ardurarik onartu. «Gogoan dut Erkoreka nola atera zen esaten test psikoteknikoak azpikontratatu egiten dituztela, eta ez dagoela homologaziorik euskaraz».
Gero, auzibidea abiatu zuten, eta Gasteizko Auzitegiko Kontentzioso Administrazioko 1. aretoak hartu zuen, eta han arrazoia eman zieten izangaiei: test psikoteknikoen baliogabetasuna onetsi zuten. Baina hizkuntzaren gaia «sakondu» gabe geratu zela iruditu zitzaion M.A.-ri. «Ez zion eman behar zuen garrantzia». Eta beren-beregi hizkuntzaren aldagaiari erreparatuta helegitea jartzea erabaki zuen, orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak errepara diezaion gaiari. Helegite eskari horri erantzuteko aukera izan du administrazioak, eskura du M.A.-k Eusko Jaurlaritzak berak auzitegian aurkeztu duen erantzuna, eta testu horrek sortutako «harridura» nabarmendu nahi du.
Jaurlaritzaren argudioak
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak idatzitako erantzun bat da, zerbitzu juridikoetako letradu batek auzitegira aurkeztua, urriaren 14an. M.A.-k aurkeztutako helegitea ez onartzearen aldeko eskabide bat. Hitzezko gaitasuna egiaztatzeko proba «gaztelaniazko gaitasunei buruzkoa» dela argudiatu dute bertan, eta ezinbestean hizkuntza horretan izan behar zutela galdera guztiek. Euskarazko beste etsamina bat ez jartzeko motiboa «berdintasun eskubidea bermatzea» dela arrazoitu dute. Bi azterketa jarrita, horietako bat akaso bestea baino «errazagoa edo zailagoa» litzatekeela esan dute, eta hor urratu egingo litzatekeela eskubide hori.
«Oso harrituta geratu nintzen: Jaurlaritzaren izenean horrela argudiatu zutenean ezin dudala euskaraz egin azterketa»
Argudio gehiago ere badira testu horretan gaztelaniazko testaren alde, gaztelania euskararen gainetik dagoela argi uzteko idatziak. «Euskaraz etsamina egiteko eskubideak ez du salbuesten izangaia ahoz gaztelaniaz beharrezkoak diren gaitasunak erakusteko obligaziotik», jartzen du idatzian. Hain justu ere, gogora ekarri dute gaztelaniak euskararen ondoan beste «estatus bat» duela, «aginte handiagokoa», Espainiako Konstituzioan halaxe jasota dagoelako. Horiek horrela, suhiltzaile lanean ere, gaztelania maila jakin bat ezinbestekoa dela gogoratu dute testuan. «Ez litzateke arrazoizkoa suhiltzaile batek kideen jarraibide, agindu edo aholkuak zehatz-mehatz ez ulertzea ez duelako gutxieneko gaitasunik gaztelaniaz». Suhiltzaile guztiek «hizkuntza komun» bat izan behar dutela argudiatu dute, eta ezinbestekoa dela izangai denek gaztelaniaz gaitasuna izatea. «Probaren zati batzuk euskaraz egiteko eskubidea badute ere».
M-A.k argudio horien interpretazio kritikoa egin du. «Beraiek, bai legez, bai oinarriz, jartzen dute nik oposizioa euskaraz eta erdaraz egiteko aukera eduki behar dudala», gogoratu du. Hori urratuta ikusi du, ordea. Jaurlaritzaren argudioetan test hori euskaraz egiteak «aukera desberdintasuna» urratuko lukeela irakurtzeak ere harridura eragin dio; izan ere, bera, hizkuntza hautatu ezinik, «desabantaila» sentitu du oposizio osoan. Ez du ulertzen Jaurlaritzaren jarrera. «Instituzio gisa, euskara goraipatzen dute, euskararen aldeko jarrera dute, baina gero, errealitatean...», adierazi du. «Ez nuen espero esatea arrazoi nuela, baina oso harrituta geratu nintzen: Jaurlaritzaren izenean horrela argudiatu zutenean ezin dudala euskaraz egin azterketa». Iruditzen zaio argudio horien bidez «normalizatu» egiten dela, gainera, suhiltzaileen parkeetako laneko martxak, ezinbestean, gaztelaniaz izan behar duela.