Dergiri jazartzeari uzteko eskatu diote Frantziari Agenen

Agengo Auzitegiak euroagindua onartzea larria litzatekeela dio euroaginduaren aurkako kolektiboak

Euroaginduaren kontrako kolektiboko kideak, atzo, Agenen, prentsaurrekoa ematen. BERRIA.
Aitor Renteria.
Agen
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Agengo Auzitegiak gaur aztertuko du Daniel Dergi euskal preso ohiaren aurkako euroagindua, eta karia horretara, haren kontrako jazarpena bertan behera uzteko eskatu du Agenen euroaginduaren aurkako kolektiboak. Dergiren aurkako prozedura bertan behera uzteaz gain, euroagindua deuseztatzeko eskaria egin diote Frantziako Gobernuari. Gisa berean, Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoa gainditzeko urratsak egin ditzala eskatu dio Frantziako Gobernuari.

Daniel Dergiren aurkako prozedura ongi pentsaturiko urrats politikoa dela erran zuen Anaiz Funosasek, kolektiboaren izenean. Agerpenak Agengo prentsaren jakin-mina piztu zuen, eta Dergiren aurkako prozeduraren inguruko xehetasunak eskatu zizkioten kolektiboari. Funosasek azaldu zuen Dergiren aurkako prozedura testuinguru jakin batean izaten ari dela; alegia, ezker abertzaleak gatazka politikoaren konponbide demokratiko eta baketsuaren aldeko borondate irmoa erakutsi ondoren eta ETAk menia iragarri eta zazpi hilabetera. Joan den abenduan, Aurore Martin Batasuneko militantearen aurkako euroagindua onartu zuen Paueko Auzitegiak.

Erabaki horren ondotik, gordetzea deliberatu zuen Martinek, lan politikoa egin ahal izateko. Ekainaren 18an, ordea, Miarritzen egindako ekitaldi politiko batean agertu zen Martin, eta bizi publikora itzultzeko borondatea azaldu zuen. Ekitaldi hartan hautetsi eta eragile ugarik hartu zuten parte, horien artean Didier Borotra Miarritzeko auzapez eta Frantziako senatariak. Ekainaren 21ean Martin atxilotzera saiatu ziren burua estalirik zeramaten polizia batzuek, Martinen ahizparen etxean. Herritarrak berehala bertaratu ziren eta atxiloketa galarazi zuten. Lau egun geroago milaka pertsona elkarretaratu ziren Baionan, Martini sostengua emateko eta euroagindua bertan behera uzteko eskatzeko.

«Katebegirik ahulena»

«Espainiak frantses nortasun agiriak dituen euskal militante bat Madrilera bidaltzea nahi du, eta horretarako ezarri du abian Dergiren aurkako euroagindua, espetxe zigorra bete ondoren baldintzapeko askatasunean zegoelarik Cahorsen, Euskal Herritik urruti», erran zuen Claude Larrieuk, kolektiboaren izenean. Uztailaren 6an atxilotu zuten Dergi, Frantziako Cahors herrian. Euskal Herrian bizitzeko debekua du Dergik, eta hilero izenpetu behar du polizia etxean, baldintzapeko askatasunean ezarritako araua betez. Bi urtez altzari saltegi batean lan egin ondoren, saltegia erosteko prozedura izenpetu behar zuen atxiloketa egunean bertan, bizimodu normala egiten ari zelarik, 1994ko gertakariak leporatzen dizkio Espainiak euroaginduaren bidez. Alta, Frantzian gertakari horiek zaharkituak dira eta delitua epez kanpo litzateke. Baina euroaginduaren prozedurak berdintzen ditu euroagindua eskatzen eta onartzen dituen Estatuak.

Frantziako Justiziak ez du Dergiren aurkako salaketaren mamia aztertuko, prozedura egoki bete dela baino ez du eginen. Egoera horretan, Dergi «katebegirik ahulena» dela nabarmendu du kolektiboak. Gogoratu zuten Dergi hamabi urtez preso egon dela eta euskal preso politikoen estatusa eskatzeko 63 eguneko gose greba egin zuela. Orduko gose grebaren ondorioak gainditu gabe, gose grebari ekin zion berriz ere uztailaren 6an, Frantziako Poliziak atxilotu zuelarik. Dergik ez du onartzen Espainiako Poliziaren esku gelditzea, eta Frantziak euroagindua onartzen badu ondorio larriak ukan ditzakeela azaldu zuen kolektiboak.

Dergiren aurkako jazarpena bertan behera uzteko eskatu zion kolektiboak Frantziari. Kolektiboaren iritziz, Frantziak Espainiaren eskaera onartzeak esan nahiko luke Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoa gainditzeko aukerak zangopilatu eta bi estatuek «errepresioaren bidean itsuki segitzea» hobestendutela. «Hautetsi andana batek sostengatu dute Dergi, lehen Aurore Martin sostengatu zuten bezala, eta horrek argi erakusten du hautetsiak ikuspegi politiko batean kokatzen direla, gatazka konpontzearen eta bake prozesuaren alde», erran zuen Funosasek.

Gaur Dergiren aurkako euroagindua aztertuko du Agengo auzitegiak, baina dagoeneko hainbat mobilizazio daude iragarriak. Baionako besten karietara, adibidez, giza katea eginen dute arratsaldeko zazpietan San Andre plazan. Euroaginduari aurre egiteko herri harresi bat eraikitzera deitu zuen Askatasunak euskal herritar oro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.