Daniel Dergi ez dute Espainiaratuko. Agengo auzitegira hurbildu hogei bat senide eta lagunak pozik, txalo eta besarkaden artean hartu zuten Agengo epailearen erabakiaren berria eta gizona, nahiz eta ez ahantzi orain arte iragan bidea. Yolanda Molina bere abokatuak adierazi bezala, Daniel Dergi aske izan arren, euroaginduaren kontu hori «gogorra izan da berarentzat eta bere familiarentzat. Preso, gose greban... Eta muga gabeko gose greba egiteko prest zen... hori dena oso gogorra da. Orain kontent gara, baina poz hori oso erlatiboa da». Kapitulu bat bururatu bada ere, beste bat zabaldu daiteke, gainera: «Euroagindua beti hor da. Segitzen dugu salatzen edozeini berriz gertatzen ahal zaiola», beti ere Molinaren hitzetan.
Dergiren kasuan, Agengo epaileak euroaginduari «hautuz» egin dio uko, leporatu gertakariak, partez, Frantzian iragan direlako. Gertakari horietako bat, enpresari bati igorritako lehergailu-gutun bat da. Bisita karta batek Dergiren hatz markak zituela gogoratu zuen prokuradoreak uztailaren 27an, euroaginduaren eskaera aztertzeko Agenen iragan auzian. Gutun hori 1994ko otsailaren 21ean bidali zuten Parisetik. Auzi denboran hitza hartu zuen Molina abokatuak, bere aldetik, nabarmendu zuen Espainiak badio Dergiren hatz markak agertzen direla, neholako frogarik ez duela ematen. Gehitu zuen orain artean Espainiak prozedura abian ezartzeko denbora izan duela baina ez duela horrelakorik egin.
Prokuradorearen iritziz, beti ere auzi denboran adieraziaren arabera, euroagindua bi estatuen arteko konfiantzan oinarritzen bada ere, atal batean argiki aipatzen da Estatu baten lurraldean gertatzen diren delituak epaitzeko eskumena Estatuek atxikitzen dutela.
Epaileak bazuen ere euroaginduari «derrigorrez» uko egiteko aukera. Auzi egunean prokuradoreak aipatu zuen aukera hori ere, baina irakurketarik egin gabe. Prokuradoreak azpimarratu zuen baita gutun hori bidali zuten garaiko legearen arabera epea agortua dela, eta auzia preskribituta dagoela. Halere, preskripzio hori ez zuen argi. 2004ko legearen eremuan kokatzen badira gertakariak, ez daudelako zaharkituak. Epaileari eskatu zion zalantza horren argitzea. Atzo ebazpena iragartzerakoan epaileak ez zuen preskripziorik aipatu.
Cahorsen, baldintzapean
Orain, Dergi euroagindua baino lehenagoko egoerara itzultzen da. Hau da, aske, baina baldintzapean. Izan ere, hamabi urtez preso egon ondoren, 2008ko martxoan kartzelatik atera zutenetik, baldintzapean dago. Euskal Herrira itzultzeko debekuarekin, baita Frantziako hainbat departamendutara joatekoarekin. Horregatik bizi da Cahorsen (Frantzia) 2008tik, bizitza erabat publikoa eramanez. Altzari saltegi bat kudeatu du luzaz, eta erosteko puntuan zegoen atxilotu zutelarik.
Euroaginduaren harira, uztailaren 6an atxilotu zuen Frantziako poliziak, Espainiako poliziarekin elkarlanean. Hortik Gradignango presondegira eraman zuten. Eta bertan gose greba hasi zuen Dergik. Uztailaren 13an baldintzapean askatzea erabaki zuen Agengo auzitegiak. Aske baina Frantziatik ateratzea debekatu zioten eta Cahors hirian gelditzera behartu, uztailaren 27ko auzia arte. Presondegitik atera eta gose greba utzi zuen Dergik.
Baina auzian zuzenean abisatu zuen epailea: «Gizon librea naiz, eta zure erabakia aldekoa edo aurkakoa izan, ez da fitsik aldatuko. Libre segituko dut eta euroagindua gauzatzen baduzu, nire zerraldoa eramanen diozue Espainiako torturatzaileei, baina ez nauzue bizirik eramanen». Preso zela, 63 eguneko gose greba burutu zuen, 2000. urtean.
Euroagindua. Daniel Dergiren auzia
Dergi Espainiara ez igortzea erabaki du Agengo auzitegiak
Epaileak euroaginduari «hautuz» uko egin dio, Dergiri leporatu gertakariak, partez, Frantzian iragan direlakoDergi aske da, baldintzapean, Euskal Herrira etortzeko debekuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu