Dergi askatzeaz gain, aterabide politikoa aldarrikatu dute

Milako bat bildu dira Baionan Dergiren aurkako euroagindua deuseztazteko, ABk, Batasunak eta EAk deiturikFrantzia gabe bake prozesuak ezingo duela bururaino joan nabarmendu dute

UMP, PS edo Modem alderdiei dei egin zien, «Euskal Herriko bake prozesuak aitzina egitea» beren erantzukizuna ere badela adieraziz. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Daniel Dergi Euskal Herrian ikusi nahi dugu, etxean, libre!», hitz hauek oihukatuz hasi zuen manifestaldi bukaerako mintzaldia Xabi Larralde Batasuneko bozeramaileak, Dergiren sostenguz eta bere aurka jarri duten euroaginduaren salatzeko milako bat bildu zirela Baionan, atzo. Nahiz eta joan den asteazkenean Dergi baldintzapeko askatasunpean presondegitik atera, prozedura aitzina doala ohartarazi nahi izan zuten, AB, Batasuna eta EA alderdiek manifestatzera deituz. Euskal Herriko Giza Eskubideen aldeko Batzordeak, Euroaginduaren Kontrako Kolektiboak, Angeluko NPA alderdiak eta Anai Artea elkarteak ere bat egina zuten.

Manifestaldiaz baliatu ziren egoeraren «larritasuna» nabarmentzeko, euroagindu horren prozedura bera «guztiz zuzengabea» dela azpimarratuz, Larraldek, eta baita ABren bozeramaile den Andde Sainte-Mariek. Biek testu bera irakurri zuten, batek euskaraz eta besteak frantsesez. Argi utzi zuten: «Dergiren kasuarekin Aurore Martinekin erdietsi ez duten argazkia lortzea» dela xedea, hau da, «Iparraldeko militante bat Espainiaratua izatea eta Madrilen presondegiratzea». Frantziako gobernuaren «joko zikina» salatu zuten, «probokazio huts» bat delakoan.

Frantziari mintzatzeko erabili zuten hitzordua: «Bake prozesu batek Euskal Herrian ezingo du bururaino joan Estatu frantsesaren parte-hartze zuzen eta osoa gabe», euskal gatazkan «lehen lerroan baita Paris».

Frantziari deia

Frantziako Gobernuari dei «solemnea» egin zioten: «Bada garaia orain artean mantendu duen jarrera aldatzeko». Aldaketen artean, errepresioak gelditu, Dergiren aurkako prozesua bertan behera utzi, baita orohar, euroaginduak bezalako prozedurak desaktibatu eta «aukera politiko guztiak libreki aritzeko eskubidea bermatzea» izan ziren galdetu zituztenak. Frantziako presondegietan dauden 150 euskal presoen «eskubideak onartu eta errespetatuak» izan behar dutela ere gogoratu zuten. Eta guzti horrez gain, Ipar Euskal Herriaren egoera politiko orokorra zuten gogoratu: «Bada garaia euskal problemari ikuspegi politikotik heltzeko. Herritarren gehiengoak Ipar Euskal Herriaren ezagupen politikoa eta instituzionala eskatzen du. Demokrazia eta saihestezina den aldarrikapen hori entzun behar du Parisek eta horri baikorki erantzun».

Hautetsi eta alderdiei deia

EAren izenean mintzatu zen Manex Pagolak dei berezi bat egin zien alderdi «handiei». PS, UMP edo Modem, «Euskal Herriko bake prozesuak aitzina egitea» beren erantzukizuna ere badela adierazi zuen. Eta dei bera egin zien, hautetsi «handi eta ttipiei»: «Zuen esku da bakea finkatzea Euskal Herrian».

Hautetsiak eta orohar eragileak, hain justu, abertzaleez aparte, ez ziren hainbeste atzoko manifestaldian, Aurore Martinen babesteko eta bere aurkako euroagindua salatzeko ekaineko azken egunetan egin zenari begira. Uda betean, Larralde damutu zen: «Agian hori guztia kudeatzen dutenek ongi menperatzen dutena da jende militanteenak ere bakantzak hartzen dituela».

Gainera, ETAko militante ohia izanki Dergi, «ihizi erraxa dela» zioen Sainte-Mariek. Martinen alde klase politiko osoa jarri dela, hori «uxatzeko eta gogo politikoa kentzeko hartu dute Dergiren kasua. Nolabait hemengo iritzi publikoari frogatzeko euroaginduaren helburua zer den». Francis Charpentier Euskal Herriko Solidaires sindikatuko ordezkariarentzat ere, «Frantziako Gobernua dinamika bateratua hautsi nahian dabil». Alta, manifestaldira etorri ez zirenek ez dutela arrazoi zeritzon: «Euroagindua militante politiko guztien aurkako tresna da, Schengen espazioan askatasunak deuseztatzen dituena. Gaur Dergi da, bihar beste batzuk izanen dira, eta orduan ere ikusiko da nor mobilizatzen den eta nor ez». Bizkitartean, humanoki nahiz politikoki Dergiri gertatzen zaiona «dramatikoa da», Sainte-Mariek gaineratu zuenez. «Hamabi urte pasa ditu presondegian. Zigorra bete du. Atera da, baldintzapeko askatasunean, berme guztiekin. Bere egoera soziopolitikoa ere berrantolatu du». Cahorsen saltegia ireki behar zuen egunean etorri zitzaion polizia: «Utzi behar du Frantziak Espainiaren esku-makila izateari».

Hori bai, denek argi dute lehen urratsa izan zela atzoko manifestaldia, eta Agenen uztailaren 27an iraganen den Dergiren aurkako auziari begira mobilizazioa zabaltzeko ariko direla, Frantziari «tronpatzen» dela erakusteko, «elkartasuna zor zaion bezala Martini, zor zaio Dergiri», Sainte-Marieren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.