Deportatuen «sufrimendu bidegabea» gogora ekarri dute

Angel Lekuonaren omenezko ekitaldia egin dute Busturian. Naziek 1943an atxilotu eta gero deportatu zuten, eta 1945ean fusilatu zuten, Txekiako kontzentrazio esparru batean

Angel Lekuonari atzo Busturian egindako omenaldia. BUSTURIALDEKO HITZA.
gotzon hermosilla
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Gogora memoriaren institutuak eta Busturiko Udalak omenaldia egin diote Angel Lekuona Beitiari, eta hura gogoratzeko plaka bat jarri dute haren jaioterrian, Busturiko Altamira auzoan (Bizkaia). Lekuona naziek atxilotu zuten 1943an, Frantzian, eta 1944an Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura bidali zuten (Alemania). Handik gutxira fusilatu zuten, 1945eko apirilaren 9an, Hradischkon (Txekia). Ekitaldia baliatu dute deportazioa pairatu zuten gainerako euskal herritarrak ere omentzeko.

Ekitaldian, stolperstein bat jarri dute Lekuonaren omenez. Stolperstein izenekoak zoruan paratzen diren galtzada-harri modukoak dira, nazismoaren biktimak gogorarazteko balio duten plaka bat daukatenak. Gunter Demnig artista alemaniarrak 1992an abiarazitako proiektua da, eta orain arte 75.000 stolperstein inguru jarri dituzte Europa osoan. Busturikoa da Euskal Herrian jarri duten mota horretako lehenengo galtzada harria.

Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok gomutara ekarri du deportatuek pairatutako «sufrimendu bidegabea», eta goretsi du «egoera txarrenetan ere bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen, bakearen eta askatasunaren defentsan oinarritutako gizartea eraikitzeko eta defendatzeko ahalegina».

«Memoria positiboa»

Ezenarrok «memoria positiboa» defendatu du, «pertsonaren alderik gizatiarrena islatzen duena». Gogorarazi du orain Europa «gerra testuinguru batean» murgilduta dagoela, eta ohartarazi du bakea eta bizikidetza demokratikoa «ahulak» direla; horregatik, memoriaren garrantzia nabarmendu du, batez ere «gerra eta indarkeria ezagutu ez dituzten belaunaldi gazteentzat».

Lekuonaren senitartekoek eta Hradischkoko kontzentrazio esparruko biktimen memoria gordetzeko lanean ari den historialari eta ikerlari taldeak ere parte hartu dute ekitaldian. Angel Lekuonaren arreba Graciela eta Elvira Lekuonari lore sorta bana eman diete, eta galtzada harria Antonio Medinak jarri du, kontzentrazio esparru berean hildako beste deportatu baten bilobak.

Lekuonaren loba Anton Gandariasek ere hitz egin du. Esan du memoriarena dela «eraiki beharreko azken lubakia», eta beharrezkoa dela historia gogoratzea, errepika ez dadin. Azaldu du Lekuonaren errautsak Pragako Strasniceko erraustegian daudela, beste bost gudariren gorpuzkiekin batera, eta han uztea hobetsi dutela: «Hala ere, Angel Lekuona etxean dago jadanik».

Gogora institutuak 2020an egindako ikerketan, 1940 eta 1945 bitartean deportatutako 253 euskal herritarren datuak agertzen dira. Horietatik 113 hil egin ziren, 125 bizirik irten ziren, eta ez da argitu gainerako hamabostei zer gertatu zitzaien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.