Martxoan iragatekoak ziren Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hauteskundeak, bainaCOVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, behin baino gehiagotan gibelatu dituzte. Azkenean, ekainaren 20an eta 27an iraganen dira, eta hautagaitzak aurkezten ari dira Ipar Euskal Herrian.
Biarno eta Ipar Euskal Herria batzen ditu Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, eta 54 hautetsi dira Kontseilu Nagusian. Bina hautagai aurkezten dira kantonamendu bakoitzean, gizon bat eta emakume bat; Ipar Euskal Herriak dituen hamabi kantonamenduetan izanen dituzte hautagaitzak ezkerreko abertzaleek. Atzo aurkeztu zituzten. 2015eko hauteskundeetan gutxi falta izan zitzaien kantonamendu batzuetan gailentzeko. Helburu hori betetzen saiatuko dira aurten.
«Osasun krisi honetatik ahalik eta fiteen aterako garela espero dugun bitartean, gogorki aurre egin behar diogu larrialdi sozial, klimatiko eta ekologikoari», adierazi dute Annie Poveda eta Txomin Hiriart-Urruti bozeramaileek. Aitzinean «borroka politiko garrantzitsuak» dituztela erran dute, eta horiek herri mobilizazioen bidez eta instituzioetan eraman beharko dituztela.
Gizarte politikak kudeatzen ditu nagusiki departamenduak, eta hori azpimarratu dute EH Baiko kideek, sozialki ahulenak direnei lagundu behar zaiela erranez. Trantsizio ekologikorako neurriak ere beharrezkotzat jo dituzte. Luzera begira departamenduak desagertu beharko duela uste dute EH Baiko kideek, Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargo bati lekua uzteko. «Departamenduaren geroak ez gaitu kezkatzen, bertatik bultzatzen diren zerbitzu publikoek bai. Badugu zer erran eta zer egin».
Azkenik, politika egiteko «beste era bat» aldarrikatu dute: «Beren lana serioski eginen duten hautetsiak behar dira eta ez ardura gosez direnak. Kargu metaketak demokrazia ahultzeaz gain, teknokrazia areagotzen du». 2017an Euskal Elkargoko lehendakariorde izendatu zutenean, Alain Hiriart Hiriburuko auzapez eta EH Baiko kideak departamenduko kargua utzi zuela oroitarazi dute. Aurkeztu dituzten 48 hautagai eta ordezkoek ez dute kargurik Euskal Elkargoko exekutiboan, eta ez dira 5.000 biztanletik gorako herrietako auzapezak.
Hamabi kantonamendu
Hamabi kantonamendu dira Ipar Euskal Herrian, horietako hiru Baionan. Hauek dira aurkeztuko diren hautagai nagusiak, orain arte agertutako informazioen arabera. Karguan zeuden gehienak berriz aurkeztuko dira. Hendaiako kantonamenduan Annie Poveda eta Iker Elizalde aurkeztuko dira EH Bairen izenean. PS Alderdi Sozialistaren izenean Chantal Kehrig-Cottençon eta Frederic Tranche Hendaiako (Lapurdi) auzapezordeak. Donibane Lohizuneko kantonamenduan EH Baiko Leire Larrasa eta Peio Etxeberri-Aintxarten parean, Emmanuel Alzuri Bidarteko (Lapurdi) auzapeza eta Patricia Arribas-Olano izanen dira. Miarritzen, Martine Vals eta Max Brisson joanen dira eskuinaren izenean, eta Angelun (Lapurdi), Florence Mazeres eta Jerome Pires aurkeztuko ditu PSk; Patrick Chasseriaud eta Nicole Darrasse eskuinak.
Baiona 1 kantonamenduan, Bernard Marti aurkeztu du PSk, Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapeza eskuinak. Baiona 2-n, Christophe Martin eta Juliette Brocard PSrentzat, Baiona 3-n, Henri Etxeto.
Errobi-Aturrin Mathieu Elgoihen eta Martine Etxegoin izanen dira EH Bairen hautagaiak. Parean Maider Behotegi Bardozeko (Lapurdi) auzapeza eta Marc Saint Esteven izanen dituzte. Uztaritze-Errobin Philippe Etxeberria eta Benedicte Luberriaga aurkeztuko dira.
Bidaxune-Oztibarre-Amikuze kantonamenduan, Jean Jacques Lasserre Departamenduko presidentea berriz aurkeztuko da. EH Baitik, Emilie Dubois eta Xabi Larralde izanen dira. Euskal Mendian, Jean Pierre Mirande eta Annicq Trounday izanen dira eskuineko hautagaiak. EH Baitik, Anita Lopepe eta Frantxua Camus.
Departamenduetarako bozetako hautagaiak aurkeztu ditu EH Baik
Ekainaren 20an eta 27an dira hauteskundeak. Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan lehiatuko dira ezkerreko abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu