Departamenduak hautsiko luke Frantziaren batasuna, Vallsen ustez

Martinen atxiloketa «kasualitatea» izan zela berretsi eta kasu horretan esku hartu izana ukatu du Frantziako Barne ministroakValls prest dago Espainiak bultzatzen duen politika sostengatzeko, ETA desegin arte

Aitor Renteria.
Baiona
2013ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Frantziako Canal + telebistak igandean egin zion elkarrizketan, Manuel Valls Frantziako Barne ministroak erran zuen Euskal Herriak arrisku larrian ezar dezakeela Frantziaren batasuna. «Entzuten ditudalarik mugaz bertze aldean egiten diren independentziarako deiak, mugaz bi aldeetako lurraldeak batzea eskatzen duten ahots horiek, edo euskal departamendua sortzeko eskaerak egiten direlarik Frantzian, azpimarratu behar dut hori guztia arriskutsua dela, gure herriaren batasuna arrisku larrian ezartzen dutelako».

Canal + telebista kateak egindako elkarrizketan, hainbat gai aipatu zituzten, erreportaje moldean, eta, bertan, joan den urteko gertakari nagusiak bildu zituzten. Gertakarien kontakizuna Aurore Martin kasuarekin hasi zuten, eta horren inguruan erakutsi zituzten Aieteko Adierazpeneko irudiak, ETAk armak uzteko egindako iragarpena, Baionan egindako Bake Konferentziaren irudiak edo urtarrilaren 12an preso politikoen eskubideen alde egindako manifestazio erraldoiaren irudiak. Irudi horien parean, Vallsek ez zien erantzun kazetariaren galderei, eta orain arteko ildoan segituko zuela berretsi zuen. Alegia, ez dagoela euskal gatazkarik, baizik eta «zortziehun hildako eragin dituen terrorismoa, nagusiki Espainiako lurretan gertatu dena eta hango gobernuak konpondu behar duena».

Eztabaida hori «espainiarrena» dela nabarmendu zuen Vallsek, eta, Ipar Euskal Herrian edo Frantzian ukan dezakeen eragina saihestu. ETA desegin arte Espainiak eta Frantziak duten lankidetza bere horretan atxikitzearen alde mintzatu zen Valls. Euskal Herriak kultura berezia duela aitortu zuen Vallsek, bere hizkuntza eta ohiturak dituela. «Gure lurraldean ere badago errealitate hori, baita Pirinio Atlantikoetan ere, eta Frantzian. Baina independentziaren aldeko deia egiten duten horiei jakinarazi nahi diet Frantzia bat dela eta banaezina», azpimarratu du Barne ministroak.

Orain baino lehen ere, Vallsek gaitzetsi du Ipar Euskal Herriari aitorpen instituzionala egitea, izan dadin departamendua sortzeko edo eskumen berezikolurralde elkargoa sortzeko. Azken eskaera horri uko egiteko arrazoia ETAren borroka armatuarekin lotu zuen Vallsek joan den azaroan Espainiako El País egunkariari emandako elkarrizketan.Urrats bat gehiago egin du orain, Frantziaren batasuna zatikaezina dela azpimarratzean.

Baionako Bake Foroan, Frederique Espagnac senatari sozialista eta PSko bozeramaileak erran zuen Frantziak men egin diola Espainiak hartutako ildoari. Horren arrazoia ez zuela ulertzen adierazi zuen. Adierazpen hori gogoraraziz, Frantziako sozialisten artean ikuspegi ezberdinak ote dauden galdetu zion kazetariak, baina Vallsek, galdera saihestu, eta ETAren kontrako borrokan kokatu zuen erantzuna. «Lehentasuna ETAren bukaera da, desegitea».

Esku hartzerik ez

Aurore Martin kasuan ez zuela esku hartu berretsi zuen Vallsek igandeko elkarrizketan. «Egin izan banu, larria litzateke, Frantziak bermatzen duelako botereen arteko banaketa». Martin familiak kontrola nahitara ezarritakoa zela erran zuen erreportajean, Valls gezurretan ari zela. Salaketa horri erantzungo zion galdetu zion kazetariak, baina ez zuen ihardespenik erdietsi. Euroagindua bete beharreko Europako legea dela erran zuen Vallsek.

Martinen kasuan bezala, euroaginduaren oinarrian arrazoi politikoak daudenean ere bete behar ote den galdetu zion kazetariak. «Martinen aurkako salaketa larria zen; Herri Batasuna [sic] debekaturik dago Espainian, eta, terrorismoa bukatzeko asmoz, Frantzia eta Espainiaren arteko lankidetza hertsia da». Nahiz eta Aieteko Adierazpenari erantzunez ETAk borroka armatuaren bukaera iragarri eta geroztik atentaturik ez egon, Vallsek nabarmendu zuen ETAren jarduna ez dela bukatu, azken egunetan izandako atxiloketak gogora ekarriz. ETAko bi militante horiek—Andoni Lariz eta Urtzi Etxeberriari erreferentzia eginez— armak zituztela azpimarratu zuen.

ETAk borroka armatua bertan behera utzi badu ere, ETAk gibelean utzitako hildako kopurua nabarmendu zuen, halaber, Vallsek. Hitzek zentzua dutela erran zuen, eta egiazko bukaera lortzeko ETA desegin behar dela berretsi zuen behin eta berriz. Erabaki hori publikoa egin eta gauzatu arte, Frantziako Gobernuak orain artean bultzatu duen ildoan segituko duela erran zuen, Espainiako Gobernuarekin lankidetzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.